GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BAT HAZTEN ARI DA DABORDUKO ARABAKO HARANAN
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ramiro González Vicente, Arabako Diputatu Nagusia, Pedro Elósegui González de Gamarra, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Rosa Maria Ibarrondo Manzanos, herriko alkatea, eta Pedro San Vicente Corres, Santa Teodosia kofradiako presidentea, izan dira Santa Teodosia baseleizako landaketa-ekitaldian.
(Haranean, 2022ko urtarrilaren 13an). Gaurtik aurrera Gernikako Arbolaren oinordeko bat egongo da Haraneko lurretan, euskal eskubide historikoen, askatasunen, bakearen eta demokraziaren ikur unibersalaren leinukoa. Haretx sagradu zaharraren oinordeko bat landatu dabe gaur goizean Arabako udalerri horretako Santa Teodosia baseleizearen ondoan, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ramiro González Vicente, Arabako Diputatu Nagusia, Pedro Elósegui González de Gamarra, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Rosa María Ibarrondo Manzanos, herriko alkatea, eta Pedro San Vicente Corres, Santa Teodosia kofradiako presidentea.
Gaur landatutako 14 urteko haretx gazteaz ganera, Arabako Lurralde Historikoan beste dozena bat oinordeko ditu Gernikako Arbolak. Mundu osoan sustraiak bota dituen 400 oinordeko zugatz baino gehiago dagoz, Bizkaiko Batzar Nagusietako erregistro eguneratuak jasoten dauenez. Bizkaiko parlamentuko Lehendakaria pozik agertu da gaurtik aurrera Gernikako Arbolaren mendeetako leinuak printzipio eta balio demokratikoen eragina zabaldu dauelako Arabako leku polit horretara, Nafarroako mugan, edertasun bereziko leku garai baten dagoana, pago, arte, haretx eta lizarrez inguratuta.
Zugatza Santa Teodosia baseleizan landatu da, Haranako Udalak eta Santa Teodosia Kofradiak eskatuta. Gune estrategikoa izan da, historian zehar, bidekurutzea eta inguruko biztanleentzako erromesaldi-lekua. Baseleiza hori XIV. mendean eregi eben, eta Ebroko lurrak, Nafarroako Erresumea, Frantzia eta itsasoa lotzen dituan bidean dagoanez, ibiltari eta erromesen babesleku izan da mendeetan zehar.
Batzar Nagusietako Lehendakariak, Haraneko alkateari bertan landatutako haretxa Gernikako Arbolaren ondorengoa dala egiaztetan dauen benetakotasun ziurtagiria emon aurretik, oinordekoak "sustrai sendoak botatea eta neguak gogorrak izan arren sendo eustea" gura dauela adierazo dau. “Zuen eskaeran deskribidu zenduen moduan, umeen jolasen, gaztaroko maitasunen, erromeria-egunen eta guztion artean eregi behar dogun etorkizunaren lekuko izan daitela.”
Landaketa-ekitaldia gertaera berezia izan da udalerriarentzat eta Harana banatuta dagon lau kontzejuentzat. Haretxak komunidadeko hainbat ordezkariren arretea bereganatu dau gaur. Alkateaz, udalbatzaz eta kofradiako kideez gain, Arabako udalerriko hainbat elkartetako kideak, Mendialdea ikastolako ikasleak, Aranako Abesbatza (Txori-Txori eta Agur Jauna abestu ditu), Administrazino Batzarrak eta herriko bizilagunak izan dira ekitaldian. Horrez gain, lurralde historikoko beste persona garrantzitsu batzuk be egon dira ekitaldian, horreen artean Estefania Beltran de Heredia Arabako senataria, Eduardo Aguinaco Nekazaritzako foru diputatua eta Jon Urresti Vital Fundazinoko presidentea.
Zugatzaren ondoan plaka bat jarri da, urte batzurik hona sartu izan dan landara bakotxari jarten jakon inskripzinoagaz (euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez):
“Gernikako Haretxaren leinukoa.
Euskal Herriaren askatasunen
eta bake gogoaren ikurra.
1937an, herritar zibilen aurka munduan
berariaz egindako lehen bonbardaketa
jasan eban Gernikak. Pablo Picassok horren
gomutaz egin eban “Guernica” artelana.”