Martitzenean, 19 aztergaiko gai-zerrendea dauen Batzar Nagusia izango da Gernikan
Lehen aztergaia Bizkaiko Toki Erakundeen Finantza arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko Foru Arauaren proiektua izango da. Iraskunde-Batzordeak aldeko erespena emon eutsan eta Osokorako 9 zuzenketa-eske gorderik dagoz —PPren 3 eta EH Bilduren 6—, batzordeko eztabaidan ez ziralako onartu. Proiektu horretan sarturik dago Batzarkide-Taldeek egin eutsiezan beste bederatzi zuzenketa-eskeren edukina. Proiektuaren helburua da Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-erakundeen finantza-iraunkortasuna indartzea, toki-araubidearen inguruko oinarrizko legeria garatzea, arrazionalizazio eta iraunkortasunari dagokionez dagozan berezitasun foralak erregulatzea eta toki-erakundeen mendeko entitateen izenak eguneratzea.
Hurrengo aztergaia PP alderdiak aurkeztu dauen Arau Proposamena izango da, abenduaren 5eko 9/2012 Foru Araua aldatu eta inoiz izaera ofiziala izan daben edo hatakotzat erabili diran bereizgarriak (izenak, armarriak, banderak) babesteari buruzkoa. Popularrek eskatzen daben hori enparauko Taldeek ez eben onartu Batzordeko eztabaidan.
Beste aztergai bat izango da Aldundiak irakurketa bakarrez onartzeko aurkezten dauen Foru Dekretu Arauemailea, hain zuzen be 1993ko ekainaren 22ko 3/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onartu zen Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko otsailaren 15eko 2/1989 Foru Araua aldatzeko abenduaren 2ko 4/2014 Foru Dekretu Arauemailea, euskal zor publikoa Europako araudira egokitzeko.
PP alderdiak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen baten bitartez Eneko Arruebarrena jauna Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzaile kargutik kentzea eskatzen dau, Leioako alkatea zanean Pinosolo proiektuan egin eban kudeaketeagaitik; popularrek gai berari buruz Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreari, Herri Lan eta Garraioetako Diputatuari egindako ahozko erantzun-eskea be aztergaien artean dago.
EH Bildu Taldeak hiru Arauz Besteko Proposamenenetan aurkeztu ditu: baten, batetik, Aldundiak eginiko lanetan egin beharreko kontrola areagotzea eskatzen dau; beste baten, Sozietate Zergaren kenkariak gitxitzea; eta beste baten aurrekontuak parte hartzaileak izateko urratsak emotea. Mozino bat be aurkeztu dau EH Bilduk, “Usansoloren segregazio-proiektua eteteko beren-beregi sortu zuen Lurralde Mugapeei buruzko 9/2012 Foru Araua aldatzea edo indargabetzea” eskatzeko.
ITAUNAK ETA ERANTZUN-ESKEAK
Batzarraren azken aldean, ohiko bihurtu dan lez, Batzarkide-Taldeek Aldundiak erantzuteko aurkeztutako ahozko erantzun-eskeen txandea etorriko da. Popularrek Itauna aurkeztu deutsie José Luis Bilbaok zuzenduriko exekutiboari gizarteratzeko laguntza bereziei buruz, oraintsu salatu danaren arabera, “kontrol falta” dagoalako. Batzarkide-Talde berak Bizkaian egiten diran herri lanetan kontrolak ezinbestean egin beharrari buruzko galderea be aurkezturik dauka.
Enparauko ekimenak EH Bildu Taldearen eskutik datoz. EH Bildu Taldeak galdegai ditu, bestak beste, foru diputatuen, goi karguen eta konfidantzazko karguen bateraezintasunei egiten jaken jarraipena edo Aldundiak IFASen “a dedo” izendatutako zuzendariak izateaz Aldundiak dauen jarrerea. Gizarte politiken arloan, koalizino abertzaleak Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andreari galdetuko deutso gizarte-zerbitzuen kalitatearen murrizketatzat joten dabenari buruz eta Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen mapari buruz, egin-eginean, bizkaitarrok zerbitzu sozialei dagokienez daukagun estaldura tasari buruz.