Aurreko Albisteak

HAMARKADA HONETAKO BIDE-POLITIKA GIDATUKO DAUEN BIZKAIKO ERREPIDEEN FORU-ARAUAREN PROIEKTUAK ALDAKETA BARIK IGARO DAU BATZORDEKO IZAPIDEA

Bilbao

  • Testuak 1999an onartutako Foru Arauaren eta ondoren 2011n egindako “garrantzi bereziko” aldaketaren berrikuspena dakar, mobikortasun jasangarriaren kontzeptua eta azpiegituren tratamentu integraua barru hartzen ditualako.

  • Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordeak atzera bota ditu Talde Berezia-PP Bizkaiak aurkeztutako 49 zuzenketa-eskeak (bat Osokoa). Talde hori izan zan Aldundiak aurkeztutako testuan aldaketak erregistrau ebazan bakarra.

  • Euzko abertzaleek, Euskal Sozialistek eta EH Bilduk, “adostasun politikorik handiena” eta garraioaren sektoreak eta gizarte-eragileek ibilgailu astunentzako ordainketa-ereduaren diseinuan parte hartzea bilatzeko arauz besteko proposamen bat babestu dabe. Eredu horren tramitazinoak bere bide propioa izango dau.

(Bilbon, 2021eko irailaren 16an). Bizkaiko Errepideen ganeko Foru Arauaren proiektuak azken aurreko izapidea igaro dau gaur Batzar Nagusietan, osoko bilkuran behin betiko onartu aurretik. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek osatzen daben gehiengoari esker, ontzat emon ditue Aldundiak aurkeztutako testuaren 67 artikuluak. Gaur, Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordean, Foru Gobernua eusten daben taldeek atzera bota ditue Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske guztiak; izan be, bagilaren 22an Gobernu Kontsejuan onartutako dokumentuaren aurreko zuzenketakaz parte hartu dauen alderdi bakarra izan da.

Arauzko testuak errepideen plangintzagaz eta ustiapenagaz erlazionautako alderdiak jorratzen ditu batez be. Bizkaiko errepide-sarearen plangintzari jagokonez, testuak errepideen hierarkizazino barria eskaintzen dau, eta daborduko jasota dagozan finantzazinorako alderdiak sartzen ditu, bai aurrekontuen bai erabiltzaileen bidez (bidesariak). Modu berean, Aldundiak aurreratu ebanez, araua bat dator Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordeak 2019ko urtarrilaren 11n onartu eban Bizkaiko Errepideen LAP egiteko jarraibide eta erespide orokorrakaz. Eta, azkenik, arau-proiektuak honeek be barne hartzen ditu: azken urteetan gauzatutako obra-mota barriak, errepide-mota barriak, etorkizunean garatu daitekezan teknologia barriak eta ingurumen- eta gizarte-arloko sentsibilitate barriak.

Ustiapenari jagokonez, arauzko proiektuak alderdi honeekaz erlazionautako alderdiak eguneratzen ditu: mugak, baimenak, urietako tarteak eta zeharbideak, titulartasuna udalerriei transferidutea eta errepideari eragindako kalteen eta zerbitzuaren eraginen ondoriozko erantzukizuna. Atal hori irisgarritasun jasangarria bultzatzeko jentearentzako zerbitzu bat eskaintzeagaz erlazionauta dago.

BIDESARIAK

Talde Berezia-PP Bizkaiak, aldaketak proponidu dituan alderdi bakarrak, aurkeztutako zuzenketa-eskeen eztabaida bateratuan, batzarretako taldeek arauzko proiektuaren ganean dituen eretxiak azaldu ditue. Talde horrek aurkeztutako 49 zuzenketa-eskeen artean, Osoko aldaketa bat egoan, Eduardo Andrade ahaldunaren arabera, arau hori geldiarazoten saiatzen dana, izan be, haren ustetan, arauak “bidesariak ezarri gura ditu Bizkaiko errepideak finantzetako modu gisa”. Bere berbetan, barritasun moduan sartu da gai hori 26. artikuluan, Gobernu zentralagaz lerrokatuta, autobia guztietan ordainketa-sistema bat ezarteko. Talde Bereziak artikulu hori kentzea proponidu dau, uste dabelako ezin dala onartu “birritan ordaintzea”, “daborduko ordainduta dagozan” errepide batzuengaitik.

Talde Bereziaren Osoko zuzenketa-eskeak ez dau ezelango babesik jaso Batzar Nagusietan. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontra bozkatu dabe, eta Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu abstenidu egin dira. Ezetza erabatekoa izan da bidesarien ganeko 26. artikulua kentzeko egindako zuzenketa-eskean. Halanda be, oposizinoa ados jarri da, “garrantzi handiko” arau baten eraginpean egon daitekezan eragileen gardentasuna eta parte-hartzea indartzeari jagokonez, eta herritarren alegazino-aldia luzatzea be aurreikusi da, Elkarrekin Bizkaiak proponidu dauen moduan. Irene Edesa jeltzaleak gogorarazo dauenez, erakundeek daborduko parte hartzeko bideak ezarrita ditue.

Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk ez dabe zuzenketa-eskerik aurkeztu testuaren aurrean, eta errepideetako bidesarien sistema kentzearen kontra agertu dira. Alderdi moreak, Eva Maria Caborneroren bitartez, ordainketa-sistema “proportzionalagoa eta justuagoa” izatea eta “akordio sozial eta politikoa” bilatzea eskatu dau, eta “gehien kutsatzen daben” ibilgailuei tarifa altuagoak apliketearen alde be agertu da. Bidesariek “erabilgarritasuna” daukie, baina “ez dabe dirua biltzeko balio behar”, ganeratu dau Emilio Lobato bere kideak.

Euzko Abertzaleak taldearentzat, foru arauak “garrantzi berezia” dauka, eta ez dau bidesarien politika aldatzen, 2011n onartutako arauagaz alderatuta. “Ez ditu bidesariak arautzen, Bizkaiko errepideen plangintza, proiekzinoa, aldaketea, eraikuntza, kontserbazinoa, finantzaketea, erabilerea eta ustiapena baino”, erantzun dau Edesak, eta “eztabaidea nahasteagaitik” eta “jasangarria ez dan” sistema bat sustatzeagaitik kritikau dau PP.

Bidesariak kentzeko popularrek egindako proposamena sozialistek be kritikau dabe. Planteamentu “oportunistea” da, eta ez dator bat Rajoyren Gobernuak errepideen erabilerea ordaintzearen alde erakutsi eban asmoagaz, Víctor Trimiñok gogorarazo deutsonez.

IBILGAILU ASTUNAK TXORIERRIN

Gaur eztabaidatutako errepideen ganeko foru arauak ez deutso euskarririk emongo ibilgailu astunen kasuan erabileraren ondoriozko ordainketan oinarritutako kudeaketa eredu barriari. Horrek “beste izapide bat” dakar Edesaren berbetan. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek euren jarrerea argi itxi gura izan dabe Arauz besteko proposamen bat aurkeztuta. Horren bidez, Batzar Nagusiek eredu hori “apurka” ezarri daiala eskatzen deutse Aldundiari, “ahalik eta adostasun politiko handiena eta errepideko garraioaren sektorearen lankidetza bilatuz”, holan, “Bizkaiko Batzar Nagusiek 2019ko urtarrilean emondako aginduari erantzuna emoteko eta ibilgailu astunen trafikoaren egungo disfuntzinoak konpontzeko, ipar-hego ardatzean (N-240 Arratia eta BI-625 Aiala-Nerbioi) eta ekialde-mendebaldekoan (N-636 Kanpazar eta N-637 Txorierri)".

Proposamena egin daben taldeek EH Bilduren zuzenketa-eske bat onartu dabe, eredu barriak “egoera barriagaz bat datozan tarifak” izan daizan, “ordainketa puntuak handituko direlako”, Raul Mendez batzordekideak ohartarazo dauenez. Koalizino abertzaleak, ereduaren eztabaidan gizarteko kolektiboen parte-hartzea sartzea lortu dau, Talde Berezia-PPB taldearen eta Elkarrekin Bizkaiaren abstentzinoa izan dauen testuan.

Beste alde batetik, koalizino abertzaleak, Arauz besteko proposamen baten bidez, Lezama Bizirikek egindako eskaerak ekarri ditu Batzar Nagusietara, Aldundiak txosten bat egin daian Txorierriko korridorean abiadura-mugea murrizteko eta ibilgailu astunen trafikoan oreka handiagoa lortzeko soluzino bat bilatzeko ahalmen handiko errepideetan. Jeltzaleek, sozialistek eta popularrek atzera bota dabe ekimena. “Ez da beharrezkoa testuinguru barri honetan”, esan dau Edesak, izan be, Batzar Nagusietan bagilaren 14an iragarritako planteamentua orokorra da eta “oso ondorio positiboak” izango ditu errepide horretan eta Bizkaiko beste batzuetan.

BIZKAIA PELOTALEKUA ETA UHOLDEAK ASUAN

Bileran Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Sailaren eskumen-arloakaz erlazionautako beste gai batzuk be jorratu dira. Holan, Bizkaia pelotalekuaren balorazino ekonomiko orokorra eskatu dau Elkarrekin Bizkaiak. Zenbakitan sartu barik, balantzea “oso positiboa” dala esan dau Imanol Pradales arlo horretako arduradunak. Azpiegitura hori lurraldeko kirolaren “zutabe” bat da, kirolari lotutako zerbitzuez gain, beste zerbitzu batzuk barru hartzen dituan eredu “berezi” bati esker. Eva Maria Cabornero talde moreko batzordekideak esan dauenez, bere alderdiari “ez jakoz kontuak urtetan”, izan be, 2019an Azpiegiturak erakundeak “158.917 euro” sartu ebazan txarteldegi bidez, “bakarrik” urte horretako buruz buruko finalean 244.000 euro batu ebazanean. Pradalesek “kontratua irakurtzera” konbidau dau, izan be, Foru Aldundiak diru-sarreren ehuneko bat baino ez dau jasoten.

Modu berean, Asuako (Erandio) BI-735 errepidean uholdeak saihesteko bere sailak sortutako proiektuaren ganeko informazinoa eskatu deutso EH Bilduk diputatuari. Foru Aldundiak Erandioko Udalaren “onespena” jaso dau Asua ibaitik gertu dagon “500 metroko” errepide tarte batean errepidearen sestra “metro bat” igoteko. Pradalesek baieztu dauenez, une honetan eraikuntza-plan bat idazten ari dira Makro merkataritza-guneko sarbideetatik aparte beste aukera bat bilatzeko; izan be, lursail horreek, bidea altxetako beharrezkoa izango dan errepide-mozketa baten eragin handiagoa jasango dabe. Obra “urtebetean” lizitetea aurreikusten dabe, “750.000 euroko” aurrekontuagaz.