Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK ADINBAKOEN SAREA TXIKIAGOTZEN JARRAITZEN DAU, BAKARRIK DATOZAN MIGRATZAILEEN ETORRERAREN JAITSIEREA DALA ETA

Bilbao

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Loiuko zentroko plazen itxieraren ganean egindako galderei erantzuteko

(Bilbon, 2021eko garagarilaren 15ean). Bagilaren 30ean, Aldundiak bakarrik egozan “262 adinbako atzerritar” artatu ebazan, hau da, martian emondako azken datuak baino 24 plaza gitxiago, eta horrek bakarrik dagozan adinbakoen etorreraren beheranzko joerea islatzen dau. Beheranzko joera hori da Loiuko Zabaloetxe zentroko plazen itxieraren atzean dagona, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak batera eskatu daben agerraldian azaldu dauenez.

Oposizinoko talde biek Aldundiak Loiuko San Jose Artisaua ikastetxeko Kaputxino Tertziarioekaz “modulu bi” ixteko sinatu eban hitzarmenaren aldaketaren ganean galdetu deutsie Foru Aldundiko arduradunari, erabagi horrek enpleoan eragin daikean ondorioakaz. Talde biek aldaketa hori zertan datzan azaltzeko eskatu deutsie diputatuari, eta zentroko beharginen eskaerei erantzuteko eskatu deutsie, eta baita “epe labur eta ertainerako” plangintzea argitzeko be, bakarrik dagozan adinbakoen arretarako foru ereduan oinarrituta.

Gizarte Ekintzako foru diputatuak azaldu dauenez, babesbakotasun-egoeran dagon kolektibo horri eskaintzen jakon arreta sarea “dimentsionau izanak” justifiketan dau itxierea, bakarrik dagozan adinbako migratzaileen etorrerea “etengabe jaisten” ari dalako. 2018. urtearen amaieran, Bizkaiak “599” adinbako artatzen ebazan; aurtengo martian, barriz, kopuru hori “286koa” izan zan, eta joan dan hilebetearen amaieran, barriz, “262koa”. Hori dala eta, Aldundiak “presinoa” jaitsi ahal izan dau, eta, une honetan, “36” plaza dagoz beteta, 60 adinbakorentzat dimentsionauta dagon arren.

Murillok azaldu dauenez, bere sailak, hilebete bakotxaren hasieran, egoeraren jarraipena egiten dau, eta argazki finko horretan oinarrituta, sailak sarea unean uneko egoerara egokitzen dau, “tamainuari eta ezaugarriei jagokenez”. “Zentro gehiago edo gitxiago jarten dira”, eskatzen dan erantzun espezifikoa kontuan izanda, eta une honetan sarea “behar baino handiagoa da”, esan dau. Loiuko zentroko beharginen egoereari jagokonez, Murillok gogorarazo dau Aldundiari ez jagokola zentroagaz daukien lan-harremanean sartzea.

EGUNEKO ZENTROA ELORRION

Modu berean, Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia Taldeak foru diputatuari galdetu deutso ea mendekotasuna daukien personentzako eguneko zentro bat martxan jarri behar dan Elorrion; izan be, 7.448 biztanle ditu, horreetatik %22 65 urtetik gorakoak, Hector Fernandez ahaldunaren berbetan, eta ohartarazo dau antzeko biztanleria daukien beste udalerri batzuek, “Balmasedak, Muskizek eta Lekeitiok”, adibidez, eguneko zentroa daukiela.

Murillok azaldu dauenez, Elorrio Durangaldeko eremuan dago, Eudelegaz batera ezarritako Gizarte Zerbitzuen Maparen arabera. Euskadin zerbitzuen hedapena marketan dauen erreferentzia horrek 68 plaza proiektetan ditu gune horretan. Foru Aldundiak, “atez ateko” garraio zerbitzurako eskubidea daukien “78 plaza baimendu” ditu, eta, horreetatik, bagilaren 30ean, “59 plaza finantziazino publikoagaz” egozan beteta; zenbaki horreek erakusten dabenez, eskaerea beteteko “plaza nahiko” dagoz. Horri, Durangon dagon zentroak Ermuko eta Zornotzako mendekoak hartzen dituala gehitu behar jako.

Murillok zehaztu dauenez, Durangaldean “180 persona” dagoz eguneko zentro hori erabilteko moduan, hau da, mendekotasun maila aitortua daukien 80 urtetik gorakoak. Eta beste batzuei mezu bat bialduz amaitu dau berbaldia. Deskribidutako egoerak ez dau baztertzen beste erakunde publiko edo pribadu batzuek Elorrion eguneko zentro bat edegiteko aukerea sustatu ahal izatea.

ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko bi proposamen eztabaidatu ditu, baina ez dira onartu. Lehenengoan, talde moreak Bizitza Independenteari Laguntzeko Programaren urteko ikuskapen- eta kontrol-plan bat proponiduten eban, eta baita diru-laguntza izendunaren egungo eredua aldatzea eta laguntza pertsonaleko eredu “auto-gestionau” baterantz aurrera egitea be. Modu berean, urritasuna daukien persona guztiei bizitza independentea izaten laguntzeko zerbitzurako eskubidearen hedapena Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organura bideratzea eskatzen zan.

Ekimenak EH Bilduren babesa eta PPBren abstentzinoa izan ditu, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak kontra agertu dira. Foru Gobernua eusten daben talde biek ezezkoa emon dabe, ez dabelako “oztopatu” gura bizitza independenteari laguntzeko eredu barri bat sortzeko Aldundiak urritasunen bat daukien personen kolektiboen ordezkariakaz edegi dauen lan-mahai bateratua, eta lan horren bilakaerea ikusi arte “itxarotearen” aldeko apustua egin dabe.

Arauz besteko beste proposamen baten bidez, talde moreak, DSBE arautzen dauen araudiak ezarten dituan salbuespenen artean, zentro edo etxebizitza komunitarioetan bizi diran eta buruko urritasuna eta gaixotasuna daukien personak sartzea gura eban, laguntza hori kobratu ahal izan daien. Proposamen bera onartu zan orain dala hilebete bi Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordean, eta, halanda be, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiaren bozeroaleak eutsi egin gura izan deutso martian erregistrau eban ekimenari, Gizarte Ekintzako batzordean be eztabaidatzeko, egoerea ez dalako aldatu. “Bardin” jarraitzen dau. Hori dala eta, DSBE ez jasoteak persona batzuentzat dituen “ondorioak” salatu ditu.

Ekimena bertan behera izteko eskatu ostean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak uko egin deutsie testu bera babesteari. Elena Coria jeltzalearen berbetan, Gizarte Ekintza Sailak “maiatzaren 16an” egindako bilera batean helarazo eutson gai hori Eusko Jaurlaritzari, salbuespen hori Eusko Legebiltzarra izapidetzen hasi dan Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeko lege-proiektuan sartu ahal izateko. De Madariagaren esanetan, kaltetuek ezin dabe legea eta araudia onartu arte “itxaron”.