Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN GANEKO ERAKUSKETAK DURANGON AMAITUKO DAU LURRALDEAN EGIN DAUEN IBILBIDEA

  • “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da Durangoko Landako plazan, eta bertan egon dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkatea eta Mahaiko Zigor Isuskiza Arana kidea.

  • Erakusketea Durangaldeko udalerrian egongo da garagarril osoan.

(Durangon, 2021eko garagarrilaren 1ean). “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketak Durangon itxiko dau lurraldean zehar egin dauen ibilbidea. Garagarrilean zehar, bizkaitarrei Europako sistema parlamentario zaharrenetako baten garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakutsi deutsen erakusketa ibiltaria Landako plazan egongo da.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkateak, Mahaiko Zigor Isuskiza Arana kideakaz eta udalerriko zinegotziakaz batera, Bizkaiko Batzarrek sustatutako erakusketea inaugurau dabe gaur goizean Landako plazan. Erakusketea Bizkaiko beste eskualde batzuetako herrietan egon da ikusgai, horreen artean Bilbon, Getxon eta Portugaleten.

Erakusketa ibiltaria Portugaletetik abiatu eta bere azken helmugara iritsiko da: Durangaldeko eskualdearen bihotzera. Bidaia hori beharrezkoa da XIV. mendetik erakunde hau lurraldeko gorabehera nagusien protagonista eta lekuko bihurtu dala adierazten daben argudioak zabaltzeko.

“Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea formatu handiko 12 panelek osatzen dabe, eta erakunde parlamentario moduan daukan eskumen-egitura zabala azaltzen dau, eta baita batzen dauen kultur ondarea be. Erakusketan ibilbide xume bat eskaintzen da bere lau egoitzetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukietatik, Gernikako Batzarretzean zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolea demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren babeslekua dalako.

Erakusketea barriro inauguretako ekitaldian Ana Otadui Biterik azpimarratu dauenez, erakusketak “Batzarrek daukien betebehar parlamentarioan eta gordeten daben ondare kultural aberatsean sakondu gura dau”. Persona askorentzat ezezaguna da, ordezkari politikoek –51tik 10 Durango-Arratiako barrutikoak dira– “egunez egun gugan eragina daukien” erabagi garrantzitsuak hartzen dituen arren. Halanda be, “badakigu gu garanaren eta egiten dogunaren ganean ezjakintasun handia dagola”, gogorarazo dau Otaduik, “eta horregaitik, kalera urtetako ahalegina egin dogu”, “Batzar Nagusiek beteten daben funtzino parlamentarioa eta gordeten daben kultur ondare aberatsa azaltzeko, azken batean, bizkaitar guztien kultur ondare aberatsa dalako”.

Beste alde batetik, Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkateak, udalbatzako hainbat kidegaz batera, nabarmendu dauenez, “Bizkaiko Batzar Nagusiak lurralde honetan dagozan sentsibilidade desbardinak batzeko lekua dira, eta, batez be, lurralde historikoetan daukaguzan elementu bereizgarriak dira. Durangaldean Gerediagako Batzar Etxea daukagu, Bizkaiko Batzar Nagusien hiru egoitzetako bat, Gernika eta Abellanedakoagaz batera. Batzar Nagusien zeregina oso garrantzitsua da bizkaitarrontzat, bertan lurraldeko ahots desbardinak irudikatzen diralako; horregaitik da hain garrantzitsua hareen historia ezagutzea.”