Aurreko Albisteak

FORU ALDUNDIA EZKERRALDEA-MEATZALDEA PARKE TEKNOLOGIKOAN "BALIZKO ERAIKUNTZA BARRIAK" AZTERTZEN ARI DA

  • Abanton dagon parke horretako sarbideak eta urbanizazinoaren lehenengo fasea “urtea amaitu baino lehen” egongo dira amaituta, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan ziurtatu dauenez.

  • Eusko Jaurlaritzagaz batera, Aldundiak 40 milioi euro inbertituko ditu eraikin bitan: EICn eta “egoitza” eraikinean.

(Bilbon, 2021eko maiatzaren 10ean). Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta, UEFAk Bilboko Eurokoparen egoitzea Sevillara eroatea erabagi ostean Aldundiak egin daikezan jarduketak argitzeko eta, bigarrenez, MásMóvilek Euskaltel erosteak Bizkaiko Parke Teknologikoaren (Zamudio) egoerari zelan eragingo deutsan azaltzeko.

Enpresa-mobimendu horri eta Zamudioko parkeari eta Aldundiak lurraldean sustatzen dituan beste batzuei eragindako kalteei jagokenez, Basurkok Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoaren garapena aitatu dau. Parke horrek ez dau eraginik izango, energiagaz erlazionautako “negozio-jarduera barriak” hartzeko pentsauta dagolako. “Ez da beste leku batzuetako jatorrizko instalazinorik lekuz aldatuko”, esan dau Basurkok, eta Abantoko lurretan egiten ari diran parke horren sarbideak eta urbanizazinoaren lehenengo fasea “urtea amaitu baino lehen” amaituko dirala aurreratu dau. Lehenengo eraikin biak modu paraleloan egingo dira. Horreetako batean, Energy Intelligence Center (EIC) izenekoan, “ interesa erakutsi daben eta ahalmenaren % 100era iristen diran proposamenak dagoz”, eta, beraz, “balizko eraikuntza barriak planifiketan ari dira”. “Egoitza” eraikinari jagokonez, gaur egun aurreikusitako okupazinoa “% 57koa” da.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu dabe parke barria, eta “ia 40 milioi euroko inbertsinoa” egin dabe eraikin biak eregiteko. Azpiegitura barriak 18.932 metro karratuko azalera erabilgarria izango dau eta Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoaren egoitzea be izango da. Hori dala eta, bloke handi bitan banatuko da. Aurreikuspenen arabera, campus barria guztiz garatuta dagonean, “50 enpresa baino gehiago” egongo dira bertan, eta “2.000 lanpostu zuzen” izango dirala aurreikusten da.

EUSKALTEL

Israel Escalante talde moreko ahaldunaren hasierako asmoa, barriz, Euskalteli egindako OPAk Zamudioko parkeko enpleoan izango dauen eragina ezagutzea zan, zehatzago esanez, euskal telefono enpresako “580 beharginengan” eta zeharkako enpleoan izango dauen eragina. “Zalantzan” jarri dau erosleak –MásMóvil– Zamudioko egoitza sozialari eta fiskalari eta bertako lanpostuei eusteko egindako promesa, eta, ganera, zalantzan jarri dau, baita be, Aldundiaren ildo estrategikoetako bat betetea, lurraldearen digitalizazinoa, hain zuzen be, Euskaltelek zeregin horretan beteten dauen leku garrantzitsua dala eta.

Basurkok datuakaz emon ditu azalpenak. Diputatuak azaldu dauenez, Euskaltelek parkeko behargin guztien “% 3” ordezkatzen dau, “3.310 milioi euro” fakturau ebezan 276 enpresatan “10.644” beharginek egiten dabelako behar. Inpaktua handia da foru kutxetan, enpresa arloko sarrera fiskalen “% 6,8” Zamudion dagozan konpainietatik datorrelako. 1985ean jarri zan martxan, eta, garai haretan, Estaduko lehenengo parke teknologikoa zan, “eta gaur egun be erreferente izaten jarraitzen dau”.

Foru Aldundia Euskaltelen akziodunen zerrendan sartzearen ganean itaunduta, Basurkok esan dau Foru Aldundiak ez dauela ezaguna dan “2.000 milioi euroko” eskaintzaren inguruan “kontra-opa” egiterik planteau. Aldundiak “ez dau burtsan inbertitzeko asmorik, ezta finantza gaitasunik be”. Euskaltelen errotzea “enpresek euren jarduerea gauzatzeko ekosistemea erakargarria sortuz” lortzen da. Bere esanetan, garrantzitsuena da MásMóvilek errotze hori bost urterako bermatu dauela, bai markari jagokonez, bai haren egoitza sozialak eta fiskalak Bizkaian egoteari jagokonez be. Etorkizunean, Aldundiak “bere laguntzea emongo dau eragiketa hori bezeroen eta euskal enpresen mesederako izan daiten”.

EUROKOPEA

Eurokopan inbertitutakoa berreskuratzeko Aldundiak gauzatu beharreko ekintzei jagokenez, Basurkok azaldu dau foru erakundea Bilboko Udalagaz “leiala” izango dala, gastautako “guztia” berreskuratzeko legezko mekanismoak ezarteko orduan; guztira, “1,3 milioi euro” izango dira, eta kopuru hori “1,7 milioira” igon daiteke, bertan behera itzi behar izan diran zerbitzuak emoteko kontratuak gehituta. “Datozan asteetan”, xehetasun hori eta ikututako hiru euskal erakundeek (Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak) modu koordinauan martxan jarriko dituen lege-ekintzak jakinarazoko ditue. “Inbertitutako guztia berreskuratzea espero dogu”, baina halan ez bada, Aldundiak “jagokon zatia” jarriko dauela esan dau Basurkok.