BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK UKO EGIN DEUTSIE FORU KONTRATAZINOKO GIZARTE ETA INGURUMEN ARLOKO KLAUSULETAN ALDAKETAK ESKATZEARI
- Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak ezetsi egin dau lizitazino eta hitzarmen “guztietan” Aldundiak 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak bere gain hartzea eskatzen eban Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat.
(Bilbon, 2021eko apirilaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ez deutsie foru kontratazinoko prozeduran klausula sozialak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuen ganekoak jasoten ebazan eta 2017an onartu zan araudia aldatzeko eskatu beharko Aldundiari. Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak, Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten kontrako botoakaz, ez dau onartu Aldundiak klausula sozial barriak sartzea eskatzen eban Elkarrekin Bizkaia taldearen proposamena. EH Bilduk aldeko botoa emon dau eta Talde Berezia-PPB abstenidu egin da.
Bere proposamenean, Israel Escalante alderdi moreko batzordekideak Foru Aldundiak 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) bere gain hartzea defendidu dau, “bere politiken oinarri moduan”, Foru Aldundiak “Bizkaia Egiten” legealdiko planaren aurkezpenean iragarri eban moduan. Dokumentu horregaz bat etorrita, Escalantek eskatu dau Aldundiak edo bere erakunde autonomoek konpromisoa har daiela “ez bakarrik legeak ezarten dituan gitxienekoak eta Aldundiaren klausulak beteteko”, baita “GJHak euren gain hartzeko eta beteten laguntzeko”, eta “horreek beteten dirala bermatzeko behar diran mekanismoak” martxan jarteko be.
Bost eskariz osatutako proposamena formuletean, Elkarrekin Bizkaiak eskatzen eban, baita, 2030 Agendea “erreferentzia juridiko eta legal moduan” kontuan hartzeko, indarrean dagozan gizarte- eta ingurumen-klausulakaz eta beste politika publiko batzuen ganekoakaz batera. Ekonomiaren Sustapeneko Sailari jagokonez, arlo horrek “sinatuta edo sinatzeko dagozan hitzarmenetan” Giza Eskubideen nazinoarteko esparrua kontuan hartzea eskatzen zan. Modu berean, “Ararteko moduko” figura bat sortzea eskatzen zan Bizkaiko enpresen nazinoarteko jardueraren jarraipena egiteko eta Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Giza Eskubideen aurreko errespetua beteten dabela bermatzeko.
Planteamentu hori “ez da ezelan be zentzunbakoa”. Escalantek azaldu dauenez, “Aldundiak berak Bizkaia Egiten ekimenaren bitartez bere gain hartu dituan gauzak dira”. Bizkaia Egiten ekimena, Aldundiak legegintzaldi honetarako onartu eban ibilbide-orria da, eta bertan, Garapen Jasangarrirako Helburuakaz bat datozan 120 jarduketa jasoten dira.
Foru Gobernua babesten daben eta Batzarretan gehiengoa daukien taldeek, bertan behera itzi dabe Elkarrekin Bizkaiaren ekimena, baina EH Bilduren babesa izan dau. Juan Otermin Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, planteautakoaren “zati handi bat daborduko jasota dago” 2017ko zezeiletik indarrean dagon foru kontratazino publikorako Aldundiak onartutako Erregelamenduan, eta baita sailen eta foru erakundeen esku dagon gida batean be. Bi dokumentu horreek GJHakazko “konpromiso sendoa” adierazoten dabe. Araudiak “14 klausula mota” jasoten ditu, baina “guztiak ez dira kontratu guztietan apliketan”, ohartuarazo dau.
Ildo beretik, Mikel Bagan jeltzaleak beste adibide batzuk emon ditu, foru kontratazinoan helburu jasangarri horreek gauzatzeko “estrategia argia” dagola erakusteko. Bizkaiko zerga-sistema eraldatzeko eta Garapen Jasangarrirako Helburuakaz lerrokatzeko Aldundiak University College of Londonegaz eta Mariana Mazzucato irakasleagaz daukan lankidetzea aitatu dau, edo Ekonomiaren Sustapeneko Sailaren eta Cebeken programea, Bizkaiko enpresek euren plan estrategikoetan helburu jasangarri horreek txerta daiezan sustatzeko.
GJHak “talde eta erakunde publiko guztiek” partekatzen dituen helburuak dirala esan dau Amaya Fernandez Talde Berezia-PPBren bozeroaleak, eta Aldundia “inplikauta” dagola uste dauela esan dau, Udalsarea 2030 sarea adibide moduan jarrita. Helburu horreek Ekonomiaren Sustapeneko Sailaren hitzarmen guztietan apliketeak, Elkarrekin Bizkaiak eskatzen eban moduan, “zalantzak” sortzen ditu, ikuspegi juridikotik “ez dalako hain erraza”. Foru Gobernua babesten daben taldeek egin daben moduan, “ombudsman” izenekoaren edo Nazinoartekotzearen Arartekoaren sorrereagaz kritiko agertu da, bere eretxiz une honetan “ez dalako lehentasuna”.
Iker Rahona EH Bilduko batzordekideak esan dau penagarria dala gai honetan helburu komunak eukitea eta gero “akordioa ezinezkoa izatea”, “borondate faltagaitik” edo “bidea hobetu daitekela” argudiatuta. Klausula horreen aplikazinoan kontrolak sartzearen alde egin dau, kontratu bat esleitzeko aldagai “garrantzitsuena ekonomikoa” dalako.