Batzar Nagusietako Osoko Batzarrak, Aldundiak ordainean emoteko prozesuetan sartuta dagozan pertsonen tributu kargak baliobakotzea onartu dau
2015eko Batzar Nagusietako lehenengo osoko batzarra Bizkaiko gaurkotasunari buruzko gaiez beteta etorri da. Horreen artean, Bizkaiko Batzarrak argi berdea emon deutso Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako Foru Arau barriari. Bertan adierazoten danez, Foru Aldundiak, ez ordaintze egoeran dagoan etxebizitza baten jaubeak Aldundiaren alde dituan kargak baliobakotu egingo ditu, ordainean emotea errazteko. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoakaz onartutako arauak ezarten dauenez, kargak baliobakotze horrek ez dau esan gura Aldundiak ez dituala kobrauko egon daitekezan tributu zorrak. Horretarako, Foru Aldundiak gastu horreek aurreratzea aurreikusten da, zor hori, geroago, Ogasunaren aurrean aurkeztu beharreko ordainketa planean sartzeko konpromisoagaz.
Neurri horren onuradunak, martxoaren 9ko 6/2012 Lege-Errege Dekretuan jasoten dan “Ohiko etxebizitzaren ganeko hipoteka-zorren berrantolaketa bideragarrirako Ohitura Onen Kodearen” 3. eranskinean jasoten dira. Eskakizunen artean sartzen dira, PP taldeak gogoratu dauenez, ohiko etxebizitza izatea, zordunek Bizkaian dagoan beste etxebizitza baten jaube ez izatea edo bizitza osorako usufruktua ez izatea eta tributu zorra 15.000 eurotik gorakoa ez izatea.
EH Bilduk, osoko batzarrean eztabaidetako erreserbauta eukazan Foru Arauaren aurreko bost zuzenketa-eskeak batzarretako ganerako taldeek atzera bota dituela ikusi dau. Beste gauza batzuen artean, koalizino abertzaleak, onuradunak, aitatutako jardunbide onen kode horretan aitatzen diranetara ez mugatzea gura eban. Etxe kaleratzeen kontrako eskaera zehatzari kasu eginez, “finantza erakundeak onartutako ordainean emote kasuak” be sartzea eskatzen eban, holan egiten ez bada –taldeak esan dauenez–, “oso gitxi izango diralako kode horretan oinarrituta arau horren onurak jaso ahal izango dituen pertsonak edo bizikidetza unidadeak”.
EAJ-PNV eta PP zuzenketa-eske horreen alde azaltzearen kontra agertu dira, euren ustez Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak emondako irizpena “errazoizkoa” dalako. Oscar Arana batzarkide jeltzalearen esanetan, ezinezkoa da zordunen kasu guztiak onartzea, horrek zor handiak dituen pertsonen “pikareskeari laguntzea” eragingo leukelako. Hori dala eta, “egoki” irizten deutso zorraren zenbatekoa mugatzeari eta ohiko etxebizitzea izan daitela eskatzeari. Aranak azaldu dauenez, 15.000 euroko muga hori apliketan da daborduko EH Bilduk gobernetan dauen Gipuzkoan.
Batzarretako talde sozialistari jagokonez, norbanakoen eta banku erakundeen arteko akordioak onartzeari buruzko zuzenketa-eskeen alde agertu da, kasuen “esparrua zabaltzeko”. Halanda be, arauaren aldeko eretxia agertu dau, eta “gitxienez” “bazterketaren mugan” dagozan pertsonei apliketea, jardunbide onen kodean adierazoten dan moduan, Araban onartu zana zorrotz jarraituz, Alexia Castelok adierazo dauenez.
KODE ETIKOA USTELKERIA KASUAK PREBENITZEKO
Oposizinoko batzarretako taldeak, arauz besteko zazpi proposamen eta mozino bi defendiduteko helburuagaz heldu dira Gernikara. Horreen artean, euren eukia zala eta, zigor prozesuetan nahastuta dagozan herri administrazinoetako karguen aurrean Aldundiari neurriak hartzeko eskatzera bideratutako hiru ekimen azpimarratu behar dira.
Alde batetik, EH Bilduk arauz besteko proposamena aurkeztu dau. Bertan eskaerea egin dau Foru Aldundiak “ezarri beharreko neurriak ezarri daizan”, inputauta dagozan karguek eta konfiantzazko pertsonek Aldundian edo haren menpe dagozan enpresetan beteten daben lanpostua itxi daien. Proposamen hori ez da onartu, EAJ-PNV eta PP kontra agertu diralako. PSE-EE taldeak aldeko botoa emon dau.
Osoko Batzarrak, beste alde batetik, Socialistas Vascos taldeak eta Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutakoak onartu ditu. Arauz besteko proposamenaren bitartez, PSE-EE taldeak eskaerea egin dau, Aldundiak kargu publikoak “baztertu” daizan, hareek “ustelkeriagaz lotutako delituak dirala eta ahozko epaiketea edegita daukienean”.
Bizkaiko Batzarrek beste ekimen bati be argi berdea emon deutsie. Oraingo honetan PP-k aurkeztutakoa izan da, Administrazinoko eta foru enpresetako eta fundazinoetako kargu publiko eta langileentzako “Kode Etikoa eta Portaerakoa” egiteari buruzkoa.
PP-ko Arturo Aldecoak kode hori justifikau dau “Aldundiak jarduketak neurtzeko arauak eta erespideak ezarteko unea heldu dalako”, gizartea “gardentasuna eta eredugarritasuna” eskatzen ari dalako. “Ez dago araurik ez egotea baino ezer txarragorik”, orain arte “inoiz ez dalako holango sumindurarik egon” klase politikoaren aurrean. Hori dala eta, “beste alde batera ez begiratzeko” eskatu dau. “Beharrezkoa da jardutea”, politikarien jarduketen mugak argi eta garbi itxiko dituan “tresna bat eukiteko”.
PSE-EE-k esan dauenez, eztabaida hori alderdiek lortu gura daben edozein reditutik kanpo geratu behar da. Iñaki Egaña bozeroaleak uste dauenez, “ustelkeriaren kontrako neurri zorrotzak ezarri behar dira, arazoa sustraitik mozteko”. Ezeztu egin ditu berez “ustelak eta bidebakoak” diran akusazino orokorrak, danon etsaia “danongan eragin berbera daukan” ustelkeria dalako. “Ustelkeria prebenitzearen eta hari aurre egitearen” alde agertu da eta, ildo horretan, PP taldeak egin dauen moduan, portaerako kodearen ezarpenaren alde agertu da. EH Bilduren ekimenaren kontra agertu da, sozialistek uste dabelako “goi kargu bat bere postutik kentzeko unerik egokiena ahozko epaiketea edegiten dan unea dala”, “eskubideen lehia bermatzeko”.
EH Bildu, bere aldetik, “gitxieneko” adostasuna lortzearen alde agertu da. Danok ados gagoz gizartea ustelkeria jardunbideen aurrean arduratuta dagoala esatean, ez Espainian bakarrik, baita Euskadin be. Irune Soto bozeroaleak salatu dauenez, Aldundiak diru publikoa modu bidebakoan erabilteaz inputauta dagozanei “laguntzea” emon deutse, –bere berbetan– Turismoko Foru Zuzendariaren kasuan gertatzen dan moduan, edo Juan Cruz Nieves diputatu izandakoak “beharrera joan barik kobreteak” erakusten dauenez. “Benetako konpromisoak hartu behar dira, eta kargu horreek euren postua atoan ixtea bultzatu behar dogu”, “delitua bata zein bestea bada be”, esan dau.
EAJ-PNV taldea bat etorri da oinarrizko adostasuna lortzeko beharragaz, baina horren ostean Koldo Mediavilla batzarkideak salatu dau “Batzarretako inongo talderik” ez dala EAJ-PNV-rengana zuzendu akordioa bilatzeko. “Bakotxak bere errezetea prestau dau, gizartearen aurrean paparra goian agertzeko”. Panorama hori ikusita “melé horretatik urrundu egingo gara”, “ez dogulako herritarrek politikaren aurrean daukien gogaitasuna eta hoztasuna handitu gura”. Bere eretxiz, egoera hori “larria eta arriskutsua da”.
Jeltzaleak EH Bilduren proposamenaren kontra agertu dira, etikaz berba egiteko “etikaz letra handiakaz egin behar dalako berba”, eta euren ustez koalizino abertzalearen helburua “EAJ-PNV-ri egurra emoten jarraitzea dalako”. Mediavillak, José Luis Bilbao buru dauen Aldundiak foru kudeaketaren “zintzotasunagaz, gardentasunagaz eta zerbitzu publikoagaz” daukan foru konpromisoa gogoratu dau, eta “salatutakoak jarduera publikotik eta politikotik baztertzearen” alde agertu da. Koalizino abertzaleari erantzunez, “ustelkeriarik handiena etsaiak erditik kentzea eta beste aldera begiratzea izan zala” adierazo dau.
IRPH INDIZEAK KENTZEA MAILEGUETATIK
Beste alde batetik, Bizkaiko Legebatzarrak ez dau onartu koalizino abertzaleak aurkeztu dauen arauz besteko beste proposamen bat. Proposamen horretan, Kutxabank erakundeak maileguetan oraindik indarrean daukan IRPH indizearen aplikazinoa berehala bertan behera ixtea eskatzen eban, horren ordez Euriborra ezarriz, eta banku erakundeen aldetik “iruzurra” izan dan indizean oinarrituta herritarrei kobrautako kopuruak itzultzea, indize horrek eragin kaltegarria izan dauelako “milaka familiarentzat”, ordaindu beharrekoak baino interes gehiago ordaindu dituelako. Ekimena ez da onartu, aldeko 20 boto izan ditualako (EH Bildu eta PSE-EE) eta kontrako 30 (EAJ-PNV eta PP).
Proposamena “eguzkiari begira egiten dan brindisa” dala esan arren, Kutxabank-ek epaitegien erabagi guztien aurrean helegiteak aurkeztu ditualako –Probintziako Auzitegiak ez dau oraindino helegite horreei buruzko erabagirik hartu–, sozialistak proposamenaren alde agertu dira, haren “filosofiagaz” bat datozalako. Kutxabank-i laguntzatxoa emonez, Alexia Castelok azpimarratu dau etxe kaleratzeen kontrako taldeek eurek be onartu dabela euskal erakundeak erreferentziazko indize aldaketea bultzatu dauela, eta horrek “hilean 250 eta 400 euro arteko aurrezpena” eragin daikeala.
EAJ-PNV bat etorri da proposamenaren “funtsagaz”, “zeozer egin behar dalako”, baina bere ezezko botoa justifikau dau, kontzeptuen nahasketeak sortzen dauen “nahaste-borrastea” dala eta. Josu Artetak esan dauenez, IRPH tasa aldagarria kalkuletako adierazleetako bat da, eta bere egunean, interes tasen igoerak moteltzeko apliketan zan, mobimendu “motelagoak” eskintzen ditualako. Bere esanetan, ikusi da indize hori aukeratzea “hobea dala” 15 edo 20 urteko serie historikoetan. Gogoratu dauenez Kutxa –BBK eta Vital erakundeek ez daukie holango arazorik– apurkako konponbide indibidualizauak emoten ari da, epaitegien erabagiek esaten daben moduan. Erabagi horiek ez dabe planteetan IRPH indizea “legez kanpokoa” danik.
KOPAKO FINALA SAN MAMESEN JOKATZEAREN ALDE
Osoko Batzarrak Talde Sozialistak aurkeztutako proposamena onartu dau, Foru Aldundiari eskaerea egiteko, “San Mames Barriko kide dan neurrian, Katedrala Errege Kopako finalaren egoitzea izatearen alde agertu daiten”. PSE-EE taldearen ekimenak sozialisten eta PP-ren aldeko botoak, EAJ-PNV-ren abstentzinoak eta EH Bilduren kontrako botoak jaso ditu.
Arauz besteko proposamenaren defentsan, Iñaki Egaña bozeroale sozialistak esan dau holango ekitaldi bat ospatzeak “ikuspuntu ekonomikotik nabarmenak diran irabaziak ekarten dituala” eta, ganera, entsegu orokorra izango litzatekela, UEFAri gure uriak Eurokopea jaso ahal dauela erakusteko.
Horrez gain, adierazo dauenez, holango ekitaldiak “gaur egungoa moduko mundu globalizauan, ez dira errentagarriak norgehiagokea zuzenean ikusteko Bizkaira hurbildu daitekezan pertsonengaitik bakarrik. Telebista kate askok ekitaldia zuzenean emongo dabenez, milaka pertsonari gure uriaren aldeko interesa helduarazo ahal jake eta horrek, gerora begira, gure herrialdera datozen bisitarien kopurua handitzea ekarri daike”.
PP taldetik, Esther Martínez batzarkideak esan dau “guztiz sinistuezina eta penagarria dala San Mames Errege Koparen finalaren egoitza izatea eskatzeak eztabaidea sortzea”. Bere berbetan, edozein uri “poz-pozik egongo litzateke, danok dakigulako holango ekitaldi batek edozein herrirentzat zenbat irabazi dakarren”. Bere esanetan, horren eragin ekonomikoa “10 milioi eurokoa” izango litzateke.
Asier Sanz EH Bilduko batzarkideak, bere aldetik, zalantzan jarri dau, “gizarteak dituan beharrak kontuan izanda, proposamen horrek herritarrentzat benetako interesa ete daukan”. Bere esanetan, “proposamenak, funtsean nortasun arazo usaina dauka”, “ustezko irabazi ekonomikoz mozorrotzeko ahalegina” egin gura dan arren. Proposamen horregaz bilatzen dana “Bilboren edo Euskal Herriaren espainiatartasuna azpimarratzea” da.
Bukatzeko, Lorea Bilbao EAJ-PNV-ko bozeroaleak esan dau beste ezer baino lehen, “horrek gure kirol taldeei eta gure kirolariei zer ekarten deutsen” jakin behar dala, eta horren ostean “gure gizartearentzat onurarik ekarriko leuken eta hori kudeatzeko behar besteko bermeak dagozan” baloretea. Horretan oinarrituko dira San Mames Barria soziedadeko kideak, Kopako finalaren egoitza izatea eskatu ala ez erabagiteko orduan.
EZEZKOA AURREKONTUETAN IRUZUR FISKALA DALA ETA DIRU BILKETA HELBURUAK MARKETEARI
Batzar Nagusietako Osoko Batzarrak ez dau onartu PSE-EE taldeak Zerga Iruzurraren aurkako burrukarako Planean diru bilketa helburuak jarteari buruz aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. EAJ-PNV eta PP taldeek hori “neurtzea oso gatxa dala” esan dabe. Jon Andoni Atutxa jeltzaleak eskaerea egin dau, gai hori eztabaida politikotik kanpo ixteko eta Iruzur Fiskalaren kontrako Burrukarako Batzordean egiten dan lan “teknikoan” sartzeko. Batzorde hori Eusko Jaurlaritzako eta hiru Foru Aldundietako ordezkariek osatzen dabe. Ekimenak batzarkide sozialisten aldeko botoa baino ez dau jaso, EAJ-PNV-k kontrako botoa emon dau eta EH Bildu eta PP abstenidu egin dira.
Asier Vega EH Bilduko batzarkideak esan dauenez, sozialisten eskaerea “edozein logikaren barruan dago”, baina adierazo dau, Iruzur Fiskalaren kontrako Burrukarako Batzordeak berak aurreratu eban moduan, “iruzurra neurtzeko parametroak modernizetan ez diran bitartean” ez dala “komenigarria helburu komunak ezartea”.
MEAZTEGI GOLFA
Bizkaiko Talde Popularrak Trapagaraneko Zugaztietan dagoan Meaztegi Golfaren egoerari buruzko eztabaida barria edegi dau. Esther Martínezek adierazo dauenez, EH Bilduko ordezkarien abstentzinoa baino euki ez dauen eta gehiengo osoz onartu dan proposamenaren helburua, orain hamar urte “20 milioi euro” kostau zan golf zelaia “balioan jartea” da. Bere taldeak eskatu dauenez, Aldundiak ekimenak bultzatu behar ditu, abonauen kopuruak izan dauen “%73ko” jatsiereari bueltea emoteko eta erabiltzaileek, mantentze-lanen faltea dala eta aurkeztu dituen eta “erantzun ez diran” kexei erantzuna emoteko. EH Bilduk esan dauenez, “inork” ez dau bere gain hartzen Aldundiaren porrot eta baliabide publikoak “modu desegokian gastau izate” hori, behar garrantzitsuagoak egozan arren.
Amaia del Campok (EAJ-PNV) Aldundiaren jarduna eta bere taldeak popularren proposamenari emondako aldeko botoa defendidu ditu, bere esanetan Foru Aldundia “daborduko golf zelaia balioan jarten ari dalako”, eta gogoratu dauenez, azpiegitura horri esker, meategi inguruan oso egoera txarrean egoan gune bat ingurumenaren ikuspegitik berreskuratu ahal izan zan. Batzarkide jeltzaleak esan dauenez, Foru Aldundiak erabiltzaileen kexak jaso eta “esleipena daukan enpreseari bideratu deutsaz”. Aldundiari “egiten ari dana egin daiala” eskatzen jako, esan dau. Del Campok adierazo dauenez, zelaiaren egoeraren jarraipena egiten da, “bilerak egiten dira astero”, eta enpresak “egin behar ebazan inbertsino guztiak” egin ditu. Dana dala, “dana hobetu daitekeala” be onartu dau.
URDAIBAIKO GUGGENHEIM
Guggenheim-ari jagokonez, PP-k mozino bat ekarri dau Bizkaiko Batzarretara, Bilboko Guggenheim Museoaren hedapenari buruz berba egiteko. “Etorkizunean handitu egin behar da, leku eta planteamendu barriakaz”, proponiduten eben popularreka euren idazkian. Proposamena onartu egin da, alderdi horretako eta EAJ-PNV-ko ordezkarien aldeko botoakaz eta EH Bildu eta PSE-EE taldeen kontrakoakaz.
Lorea Bilbao bozeroale jeltzaleak esan dauenez, une honetan “Bideragarritasun Planak esango dauenaren menpe gagoz”, eta “aukera guztiak aztertu ostean leku eta planteamendu barriak aurreikusi ahal izango dira”. Dana dala, bere esanetan, “argi eta garbi dago” Guggenheim markeak “balio traktore garrantzitsua daukala”. Plan hori ikusita “erabagiak hartu beharko doguz”. “Daukagun eskaintzea, eskualdearen eta Urdaibaiko Biosferaren erreserbaren baliabideak osatuko dituan proiektua izatea gura dogu”, esan dau.
Juan Oterminek (PSE-EE) eskaerea egin deutso PP-ri, teknikariei behar egiten ixteko, egin daitekean hedapen posiblearen bidea eurak markau daien, eta Joseba Gezuragak (EH Bildu) hedapen horri buelta bat emotea exijidu dau, horren eragina jasoko leukien eragile “guztiakaz” alkarlanean.
TRAPAGARANEKO ZUGAZTIETAKO ELLACURIA ETXEA ETA USANSOLO
Saioaren azken partea, ohikoa danez, batzarretako taldeek planteautako itaunen aurrean Aldundiak emondako erantzunek bete dabe. PP taldeak egindako Itaun bati erantzunez, Josune Ariztondok esan dauenez, jausteko arriskuan dagoan Zugaztietako (Trapagaran) Ellacuria Etxearen arazoa Aldundiak “eraikinaren jaubea nor dan ez dakiala” da, eta holan oso gatxa da higiezinean modu integralean jardutea. Aldundiko arduradunak esan dauenez, bere Sailak, UPV-EHU-ko katedradun batek egindako proiektu bat dauka, eta bertan adierazoten da zein alderdi eraitsi daikezan eta zeintzuk babestu behar diran. Halanda be, iragarri dauenez, “bihar bertan” enpresa bat eraikinari eusteko eta babestu beharreko elementuak babesteko egin beharreko lehenengo lanak egiten hasiko da.
Bere aldetik, EH Bildu taldeak jakin gura izan dau, Itaun baten bitartez, zer egingo dauen Aldundiak Usansolo “ahal bait arinen” Bizkaiko 113. udalerria izan daiten. Unai Rementeria Lehendakaritzako foru diputatu eta Aldundiko bozeroaleak esan dau, barriro be, Usansolo “bertako biztanleek izatea gura dabena izango dala, baina beti be lege barruko baliabide demokratikoen bitartez”. Adierazo dauenez, Aldundiak usansolotarren erabagia eta ordenamendu juridikoa beteko ditu, beharrezkoa bada Foru araudia aldatuz, eta ez dogu Gipuzkoan Igeldogaz egin zan “dekretazoaren antzeko ezer” egingo. Bertan ez zan Gipuzkoako Biltzar Nagusien eretxia kontuan hartu, aurpegiratu deutso EH Bilduri.
Horrez gain, koalizino abertzaleak komunikazino politikari buruzko itauna egin deutso Foru Aldundiari. Salatzen dauenez, “ia hilebete” igaro da –urria– prentsaurreko bat emon barik, datozan foru hauteskundetarako EAJ-PNV taldeko hautagaia Unai Rementeria aukeratu zanetik. Unai Rementeriak berak adierazo dauenez, foru politikea “bakarra da, eta ez da aldatu”. Foru erakundeak “ekintzak, albisteak eta prentsaurrekoak jasoten dituan agenda osatua egiten dau”. Guzurtau egin dau Aldundiak komunikabideei ez deutsenik erantzuten. “Komunikabide guztiei egiten jake deialdia, eta barri guztiak webgunean jarten dira”, erantzun dau. Rementeriak esan dauenez “inoiz” ez dau erantzun barik itxi Gobernu kontseiluen osteko prentsaurrekoetan kazetariek egindako galderarik.
Bizkaia holding-eko enpresentzat “paradisu fiskala” dala esaten daben informazinoei jagokenez, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak esan dau ez datorrela bat Garrigues aholkularitza etxeak artikulu batean esandakoagaz, eta azpimarratu dau esandako hori EAE-ri buruzkoa dala, eta ez Bizkaiari buruzkoa. Hori dala eta, ironia erabiliz, eskaerea egin deutso EH Bilduri, Gipuzkoako Aldundian be kontuak eskatu daizan. Gogoratu dauenez, foru arauak Europar Batasunak proponidutako neurriak beteten ditu. Arau horrek Bizkaiko Batzarretako 51 batzarkidetatik 39ren aldeko botoa jaso eban. Batzar Nagusiek onartu eben, “eta ez Aldundiak”.
Bilboko Metroaren 4. eta 5. lineen “geldialdiari” buruzko itauna egin daben popularrei erantzunez, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreak esan dau Foru Aldundiak “beti egin dauela linea horreen eraikuntzaren aldeko apustua, eta holan jarraituko dauela”, baina gogoratu dauenez, tren arloan, trenbide sareak planifiketako eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, eta erakunde hori da epeak finkatu behar dituana, baliabide publikoak kontuan izanda. Foru Aldundia “bat dator Bizkaia egituretako eta garraio publikoa hobetzeko onak diran azpiegituren eraikuntzagaz”. “Beti egongo gara Bizkaiarentzat onak diran azpiegituren garapenaren alde”, esan dau, bukatzeko.