ALDUNDIAK HAMARKADA HONETAKO GARRAIO PUBLIKOAREN PLAN ESTRATEGIKOA AURKEZTU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Miguel Ángel Gómez Viar Garraio diputatuak, lurraldeko garraio publikoaren kudeaketa-ereduaren hamar urterako ikuspegia jasoten dauen 500 orrialdeko azterlan bat emon deutse batzarretako taldeei.
- Batzarretako taldeek deitoratu egin dabe “atzerapena” eta dokumentua lehenago emon ez izana, aztertu ahal izateko.
(Bilbon, 2021eko martiaren 29an). Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru diputatuak Bizkaiko Garraioaren 2018-2028ko Plan Estrategikoa emon deutse gaur Batzarretako taldeei, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) eskatuta kanpoko enpresa batek egindakoa. Azterlanak garraio publikoak lurraldean gaur egun dauen egoerearen diagnostikoa egiten dau, hiru ikuspegitatik: ekonomikoa, teknikoa eta juridikoa; garraiobideen balizko gabeziak, gain-jarteak edo bikoiztasunak aztertuz.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Batzordean izandako esku-hartzean, Gómez Viarrek horren eukiaren laburpen bat egin dau. Bertan, garraio publikoa hobetzeko datu, aldagai eta proposamen ugari batu dira. Informazino hori bost ataletan egituratzen da: egoeraren diagnostikoa, garraio publikoaren sistema barria gauzatzeko oinarriak, proiektu eragileak, neurrien eragin ekonomikoa, eta gobernantza-ereduaren definizinoa eta ezarpena.
Planak lurraldean mobikortasuna hobetzeko neurrien ezarpenean “aurrera egitea” ahalbidetuko dau. Besteak beste, garraio-azpiegituretako inbertsinoak lehenestea edo tarifa-sistema integrauan sakontzea aitatu ditu Gómez Viarrek, alderdi honeek jorratuz: ordainketa komunerako eredua, zonakatzea, garraio-aldaketak, personen garraio publiko sistemea hobetzea eta arrazionalizetea edo inbertsinoak lehenestea.
Bizkaiak oinarri ona dauka; izan be, lurraldea garraio publiko sare “zabal” baten bidez dago egituratuta, eta horrek, administrazino publiko eta operadore asko inpliketan ditu, urtean “247 milioi euroko” gastua eginez. Ustiapenaren defizita “138 milioikoa” da. Administrazinoek kostu operatiboaren “% 57,1” emoten dabe. Gomez Viar pozik agertu da, sare horri esker, biztanleen “% 92” garraio publikoko geltoki edo geraleku batetik “300 metro baino gitxiagora” bizi dalako. Garraio publikoko bidaien ia erdia metroz egiten da, eta ia herena –% 31– lanak eragiten dau. Bizkaibusen bakarrik, edozein lanegunetan “93.000 kilometro” egiten dira.
Foru Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, batzorde tekniko bat sortuko da Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzan, “laneko dokumentu” horren eukian sakontzeko. Gomez Viarrek ohartuarazo dauenez, azterlana “argazki finkoa” da, eta bertan “aldagai barriak” txertatu beharko dira, horreen artean, bizikletea edo pandemiak garraio publikoaren erabileran daukan eragina. Izan be, aurtengo aurrekontuan, “behar diran” azterlan osagarriak egiteko partida bat dago esleituta.
Batzarretako oposizinoko taldeek deitoratu egin dabe agerraldia baino lehen dokumenturik ez izatea eta “hiru urte baino gehiago” atzeratu izana, Raul Mendezek (EH Bildu) azaldu dauenez. Koalizino abertzaleko batzordekidearen eretxiz, garraio publikoaren aldeko politikek garraio publikoaren erabilerea sustatu behar dabe ibilgailu pribaduaren aurrean, eta baita dobako garraio-aldaketak, linea gehiago egotea, VAO erreiak eta disuasino-aparkalekuak ezarri be. Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak bizikletea gehitu deutse soluzino horreei, “guretzat bizikletaz egiten dan garraioa be garraio publikoa dalako”.
Foru Gobernua babesten daben batzarretako taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) txostena Bizkaiko Batzarretan aurkeztu izana eskertu dabe. Jose Alberto Alvarez Castejon sozialistak azaldu dauenez, dokumentuak, aldatuz joan beharko dan “argazki finkoa” islatzen dau, pandemiak herritarren ohituretan izan daikezan ondorioak gehituz. BMAn Aldundiko, Bilboko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako kideak batuko dituan batzorde tekniko bat sortzearen garrantzia azpimarratu dau, eta baita garraio publikoaren “eraginkortasun soziala” bermatzea be.
GASTUAREN KONTROLA ETA AURRERAPENAK GARRAIO INKLUSIBOAN
Beste agerraldi batean, EH Bilduk azalpenak eskatu ditu Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak 2018ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostenean egindako gomendioengaitik; txosten horretan, erakunde horrek “aldizkako kontrol gehiago” eskatzen ebazan, urte horretan “17,4 milioi euroko aparteko gastua” eragin eben kontratuen luzapenak saihesteko”, Raul Mendezek esan dauenez.
Gomez Viarrek azaldu dauenez, Aldundiak alegazinoak aurkeztu ebazan epaitegiaren aurrean gastu barriak justifiketako, eta, bertan, emakidadunek beharginen subrogazinoa egin behar ebela eta horren ostean beharginen soldatak igon behar zirala argudiatu eben. Alderdi horreek “ezin dira aldizkako kontrolen bidez aurreikusi”. Edozelan be, urtero diru sarreren eta gastuen auditoretzak egiten dirala nabarmendu dau, eta organu fiskalizatzailearen gomendioak aintzat hartuko dituala, hobetzen saiatzeko.
Beste alde batetik, orain urtebete Bizkaiko Batzarretan aho batez onartutako zuzenketa-eske transakzional batean oinarrituta, “garraio publikoa, unibersala eta inklusiboa bermatzeko” neurrien ganean EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak batera eskatutako agerraldian, Gomez Viarrek azaldu dau zer pausu emon diran Bizkabusen itsuentzako soluzinoak txertatzeko, bai autobusen barruan, bai geralekuetan. COVID-19a dala eta, eskatzen ziran hiru soluzinoak aurton arte atzeratu dira, 2021eko aurrekontuetan sartu diralako. Foru Aldundiak “120.000 euroko aurrekontua” bideratu dau autobusen barruan, sakagailuen bidez, geralekuaren ganeko informazinoa megafoniaz emoteko sistema bat jarteko. Horrez gain, Garraio Sailak “atoan” jarriko dau martxan markesinetan Braille lengoaia eta audioa jasoko dituan informazino-sistemea.