BIZKAIAK TXERTOEN BEZA KENDU DAU ETA EDULKORATZAILEAK DITUEN EDARIENA % 21ERA IGON DAU
- Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak, osasun-krisiari aurre egiteko preminazko neurri barriak jasoten dituan zezeilaren 23ko 3/2021 Foru Dekretu Arauemoilea onartu dau.
- Bizkaiko Batzarrek “urtea amaitu baino lehen” egungo egoitza-sarea bizikidetza-modulu txiki bihurtzea sustatzeko plangintza bat aurkeztu daiala eskatu deutse Aldundiari.
- Bizkaiko Batzarren gehiengoak, gazte eta emakume nekazarien aldeko neurriak dituan nekazaritza ekologikoko eredua bultzatzeko eskatu deutso Foru gobernuari.
- Amaia Antxustegik eta Elixabete Etxanobek Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko eta Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu karguak hartu ditue gaur, hurrenez hurren, Gernikako Batzar Etxean osoko bilkuraren aurretik egindako ezohiko gobernu-konsejuan, Elena Unzueta eta Ibone Bengoetxea ordeztuz.
(Gernikan, 2021eko martiaren 17an). Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Amaia Antxustegi eta Elixabete Etxanobe foru diputatu barri biei ondoetorria emonez hasi dau gaur Gernikan egin dan ohiko osoko bilkurea. Azken horreek Batzar Etxeko liburutegian karguaren zina egin ostean hartu ditue euren jarlekuak. Jarraian, gai-zerrendako lehenengo puntuan, osoko bilkurak zezeilaren 23ko 3/2021 Foru Dekretu Arauemoilea onartu dau, Ez-egoiliarren Errentaren ganeko Zergan, Balio Erantsiaren ganeko Zergan, Aseguru-primen ganeko Zergan eta Jarduera Ekonomikoen ganeko Zergaren tarifetan neurri “gehigarriak” ezarteari buruzkoa. Erregimen komuneko tratamentu fiskalean gertatu diran beste aldaketa batzuen transposizinoa da.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak “osasun krisiaren eragina arintzera” bideratutako “preminazko” neurri horreen alderdi garrantzitsuenak azaldu ditu. Besteak beste, honeek nabarmendu ditu foru arduradunak: proba diagnostikoetarako, txertoetarako eta horreen garraiorako BEZa kentzea, merkataritzagaz, ostalaritzagaz eta turismoagaz lotutako jardueretarako tasak murriztea, eta edulkoratzaileak dituen edarietarako BEZa % 10etik % 21era igotea.
Aseguru-primen ganeko Zergaren karga-tasea % 6tik % 8ra igoten dauen Foru dekretuak, hemizikloko 37 ordezkariren baiezkoa (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia) eta 9 abstentzino (EH Bildu) jaso ditu. Beste alde batetik, PPBren bi ordezkariek kontrako botoa emon dabe, dekretu horrek zergen igoera “orokorra” ezkutetan dauela argudiatuta.
Beste alde batetik, Batzar Nagusietako osoko bilkurak EH Bilduren eta Foru Gobernua babesten daben talde bien (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) zuzenketa-eske transakzional bat be onartu dau, “salbuespeneko egoera larrien aurrean”, personen osotasuna arriskuan jarten daben Bizkaiko egoitzakaz dagozan kontratuak bertan behera izteko. Ekimenak Aldundiarentzako beste hiru agindu ditu: adinekoentzako zentroetan ikuskapen-lanak zabaltzea, prebentzinozko PCRak egiten laguntzea eta egungo egoitza-sarea bizikidetza-modulu txiki bihurtzea sustatzeko plangintza “urtea amaitu baino lehen” aurkeztea.
Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia hiruko akordiotik kanpo geratu dira. “Indarra galdu dau eta paper bustia da”, esan dau Hector Fernandezek. “Ezin dogu onartu”, esan dau Eduardo Andrade popularrak. Sinatzaileentzat, egoitzen kontrola hobetzeko “aurrerapausua” da. “Adi egongo gara hitzartutakoa bete daiten”, ohartarazo dau Arantza Urkaregik. Idoia Inoriza jeltzaleak adierazo dauenez, Aldundiak ez dau “ezelango zalantzarik eukiko” konpromisoak apurtu behar badira, baina ez betete horreek “frogatu egin beharko dira”.
Horrez gain, osoko bilkurak, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Bizkaiak babestutako EH Bilduren mozinoa onartu dau, Aldundiari lehen sektoreko ustiategi txikien egoerea hobetu daian eskatzeko. EH Bilduren berbetan, “derrigorrezkoa” da Bizkaian sektore hori suspertzeko politika publiko aktiboak martxan jartea eta 2030ean lurraldeak, elikagai guztien % 25 ekologikoak izatea bilatzen dauen Europako helburua lortzeko neurriak ezartea.
Jaurlaritza babesten daben batzarretako taldeek, koalizino abertzaleak zuzenketa-eske bat onartzea lortu dabe, nekazaritza agroekologikoa bultzatzeko behar diran tresnek, “Europatik datorren araudia eta PACen barruan lantzen ari dan Plan Estrategikoa” kontuan har daiezan, “Aldundiaren eskumenen barruan, beti be”.
Ekimenak beste puntu batzuk be jasoten ditu. Horreetan, eskatzen da laguntzak jasoteko “lehentasunezko” kolektiboak ezartea, nekazari gazteak eta emakumeak, besteak beste, eta baita nekazaritza ekologikoagaz, merkaturatzeko eta zuzenean saltzeko zirkuitu laburrakaz, ustiategi txikiakaz edo ekoizpen-, eraldaketa- eta salmenta-zirkuitu osoa ustiategian bertan egiten daben jarduerakaz erlazionautako proiektuei lehentasuna emotea be.
BAZTERTUTAKO EKIMENAK
Beste alde batetik, Foru Gobernua babesten daben batzarretako taldeek oposizinoaren bost ekimen baztertu ditue, besteak beste, txertaketa-erritmoa bizkortzeko, Aldundia Garapen Jasangarrirako Helburuakaz bat etorri daiten, eta metroaren 4. eta 5. lineak martxan jartean aurrera egiteko, eta baita Aldundiaren diru-laguntzak jasoten dituen enpresetan enpleoari eusteko proposamen bat be. Esan behar da, gaur Ibone Bengoetxeak eta Elena Unzuetak Foru Gobernua itzi dabela, eta atrilera igon diran ordezkari gehienen eskerrak jaso dituela egindako beharrarengaitik.
Elkarrekin Bizkaia taldeagaz transakzionautako eta EH Bilduk lagundutako Talde Berezia-PPB taldearen mozino baten bidez, Bizkaian txertaketa-erritmoa bizkortu, txertautako taldeak kontrolau, gardentasun handiagoa eskatu eta osasuneko-beharginen baldintzak hobetu gura ziran. Mozinoa ez da onartu; izan be, jeltzaleen eta sozialisten eretxiz, ekimenak Lurralde arteko Kontsejuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenak urratzen ditu.
Modu berean, Aldundiaren politikak Garapen Jasangarrirako Helburuakaz lerrokatzeak bere lekua izan dau Batzarretan, Elkarrekin Bizkaiaren mozino bati esker. Mozino horrek Nazino Batuen 2030 Agendaren helburuak ezarteko eta parte hartzeko prozesu bat edegiteko estrategia bat prestetea eskatzen eban. Foru Gobernua babesten daben taldeek, barriro be ezezkoa emon dabe, uste dabelako Foru Gobernuak kontuak emoteko eredu “propioa” daukala, lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko nagusiakaz sareak osatuz, Begoña Gil sozialistak defendidu dauenez.
METROAREN 4. ETA 5. LINEAK
Beste behin, oposizinoko taldeek metroaren etorkizuneko luzapena ekarri dabe osoko bilkurara, Galdakaorako eta Errekalderako lineen eraikuntza bizkortzeko ekimen banaren bidez. EH Bilduren mozino baten bidez, 4. eta 5. lineen behin betiko diseinuan aurrera egin gura zan, eta, zehatzago esanda, herritarrek parte hartzeko prozesuan, 4. linearen informazino-azterlanean “aztertutako aukera guztiak” sartzea bilatzen zan. Modu berean, Talde Bereziaren arauz besteko proposamen batek, metroaren linea bi horreek eregiteko egutegi bat aurkezteko eta “egikaritze-aurreikuspenak” ezarteko eskatzen eutsan Aldundiari.
Konpromisoa “argia eta argia” da, baina eskuragarritasun ekonomikoaren araberakoa izango da, nahiz eta unea “gero eta gertuago” dagon, Ignacio Jeronimok (PSE) ohartuarazo dauenez. Euzko Abertzaleek eta Euskal Sozialistek berretsi dabe proiektuek dagozan azpiegiturak eta finantziazinoaren ikuspuntutik aurkezten diran aukerak (Next Generation funtsak) “aprobetxau” beharko dituela. Egutegiari jagokonez, Unai Lerma jeltzalearen berbetan, “akatsa” da Foru Aldundiari egikaritze plan bat eskatzea, Eusko Jaurlaritza dalako trenbideen arloko ardurea daukan erakundea.
Modu berean, osoko bilkurak atzera bota dau Elkarrekin Bizkaiaren mozino bat, enpresentzako diru-laguntza “guztietan” Aldundiak “kalidadeko enpleoagaz konpromisoa bete beharra” sartu daian. Laguntza publikoak jaso dituen eta enpleo-erregulazinoko espedienteetan dagozan enpresen kasuak ezagutu ostean planteau da neurri hori.
Azkenik, EH Bilduk azalpenak eskatu deutsoz Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari, bere sailak egindako txostenaren dokumentu osoa ez bialtzeagaitik. Txosten horretan, 2019an plaza itunduak dituen egoitzak kudeetan dituen enpresek emondako informazinoa jasoten da. Diputatuak bere burua defendidu dau, gidea, aurreikusitako zazpi ataletako seiren datuakaz argitaratu dala argudiatuta. Halanda be, Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezkariak “gardentasun faltea” azpimarratu dau, “Bizkaiko 100 egoitza baino gehiagoko 3.000 ohetan” ratioen edo beharginen akreditazinoaren ganeko informazinoa ezkuteteagaitik. Osorik ez badago, “pandemian zentrauta egon garalako da”, erantzun dau Murillok.