17 aztergai eztabaidatuko dira martitzenean Gernikan egingo dan Batzar Nagusian
Bizkaiko Batzar Nagusien 2015eko lehenengo Osoko Batzarra Bizkaiko egunerokotasunezko gaiez beterik dator. 17 aztergai daukaz gai-zerrendeak, hain zuzen be Arau-Proposamen 1, 7 Arauz Besteko Proposamen, Mozino 2 eta Aldundiari zuzenduriko 3 Itaun eta 4 ahozko erantzun-eske. Batzarra goizeko 9:30etan hasiko da eta Batzar Nagusien web-gunean ikusi ahal izango da.
PP alderdiak aurkeztutako Arau-Proposamen bat eztabaidatuko da lehenengo-lehenengo, aurretik batzordean eztabaidatu eta zuzenketa batzuk izan ostean. Horren bitartez, arautu gura da zelan jardun behar dauen Aldundiak ordainetan emongo dan etxebizitzak hipotekaz geroztiko kargak baditu, karga horreek Aldundiak titularitatean dituan zerga-zorretatik eratorritakoak diranean. Dana dala, kargak kitatzeak ez dau eskutik ekarriko Foru Aldundiak zerga-zorrak kobratzeari uko egitea.
Bizkaiko Foru Aldundiak kitatu egingo ditu ohiko etxebizitza dala-ta titularitatean dituan zerga-zorretatik eratorritako kargak, beti be Baliabiderik gabeko hipoteka zordunak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege Dekretuaren barruan eranskin legez jasotzen dan “Ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka-zorren berrantolaketa bideragarrirako Ohitura Onen Kodea” deritxonaren 3. zenbakian zehazten diran kasuetarako. Ohiko etxebizitzak dauen karga osatzen dauen zerga-zorra ezin izango da 15.000 eurotik gorakoa izan.
EH Bildu taldeak bost zuzenketa-eske aurkeztu zituan eta, batzordean ez ziranez onartu, gorde egin ditu Osoko Batzarrerako. Beste gauza batzuen artean, talde abertzaleak gura dau onuradun izan leitekezanak ez daitezala izan ohitura onen kode horretan aitatutakoak bakarrik. Etxegabetzeen aurkako taldeek egindako eskaera zuzen bati erantzun eta eskatzen dabe hor barruan sartu daitezala be “finantza erakundeak onartutako ordainean emateei ere” aplikatzea, holan egiten ez bada oso gitxi izango diralako sartuko diranak kode horren esparruan.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Oposizinoko taldeek 7 Arauz Besteko Proposamen daukiez aurkeztuta Osoko honetan eztabaidatzeko. Hiru Socialistas Vascos taldearenak dira: Bilbo eta San Mames Erregearen Kopako finaleko egoitza izatearen alde agertzeari buruzkoa; Zerga Iruzurraren aurkako burrukarako Planean dirubilketa-helburuak jarteari buruzkoa; eta “ustelkeriagaz lotutako delituak dirala-ta ahozko epaiketea edegi dakienak kargu publikotik kentzeari” buruzkoa. Beste ekimen bat EH Bildugaz batera aldeztuko dabe sozialistek, hain zuzen be Foru Aldundiari eta Bilboko Udalari eskatzeko “erakunde biok osatutako Batzordea sortu dagiela, non eragindako auzoetako auzokide alkarteek eta taldeek parte hartuko leukien, horren helburu izanik Bilboko sarbideen arazoak konpontzeari ekitea”.
EH Bildu taldeak Arauz Besteko Proposamen bi daukaz aurkeztuta, batetik Aldundiari eskatzeko “Foru Aldundiko zein honen menpeko erakundeetako edozein goi kargu zein konfidantzazko karguren auzitegien inputazioen ondorioz berehalakoan kargu horretatik kentzeko neurriak abia ditzala”, eta bestetik Kutxabank-i eskatzeko “maileguetan oraindik indarrean mantentzen duen IRPH Entitateak indizearen aplikazioa berehala bertan behera uztea”.
Arauz Besteko Proposamenak Bizkaiko Talde Popularrak (PP alderdiak) aurkeztutako beste bategaz amaituko dira, ”Foru Administrazinoaren eta foru enpresa eta fundazinoen kargu publiko eta langileentzako Kodigo Etikoa eta Portaerakoa egiteari buruzkoagaz”.
MOZINOAK MEAZTEGI ETA GUGGENHEIM-URDAIBAI DIRALA-TA
Bizkaiko Talde Popularrak, Mozino bi aurkeztu ditu: Meaztegi Golf gaiari buruzkoa eta Urdaibaiko Guggenheimari buruzkoa. Bizkaiko golf-zelai publiko bakarrari jagokonez, popularrek Aldundiari eskatu gura deutse kirol azpiegitura hori “balioan jarri dagiala” eta “abonatu eta erabiltzaileen kexu ugariak aintzat hartu dagizala”. Guggenheimari jagokonez, Guggenheim Bilbao Museoa haunditzeko aukerearen inguruko eztabaidea sortu eta jarrerea finkatu gura dabe, eta esaten dabe ”zabaldu egin behar dala etorkizunean toki eta planteamendu barriakaz”.
ITAUNAK ETA AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Batzarraren amaiera aldera, ohiko izaten danez, batzarkide-taldeek gai ezbardinei buruz egindako galderak erantzungo ditu Aldundiak. Popularrek itauntzen deutsie Jose Luis Bilbaok zuzendutako Aldundiari Trapagarango Zugaztietako Ellacuria etxeari buruz eta Solomon R. Guggenheim Foundation dalakoagaz 1994. urtean sinatutako akordioa barriztatzeko negoziatutako akordio barriari buruz, eta akordio barri hori Eusko Legebiltzarraren Kultura Batzordearen iradokizunetara egokitzeari buruz. Eta ahozko erantzun-eske baten bitartez, Metro Bilbaoren 4. eta 5. lineen geldialdiari buruz.
Bere aldetik, EH Bildu taldeak jakin gura dau, Itaun baten bitartez, zer egingo dauen Aldundiak Usansolo “ahal bait arinen” izan daiten Bizkaiko 113. udalerria. Ganera, talde abertzaleak galdetzen deutso Aldundiari zein dan “Bizkaiko Foru Aldundiaren komunikazio politika”, zeintzuk neurri hartuko dituan “Turismoko zuzendariaren auziperatzearen aurrean” eta zer egingo dauen “Bizkaia paradisu fiskal gisa iragartzen duten informazioak” dirala-ta.