Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eskaerea egin deutse Aldundiari, informazino publiko jakin bat eskuratzeko orduan Kontratatzailearen Soslaian erregistrau beharra kendu daian

Batzordea

Bilbon, 2014ko abenduaren 29an

Oposizinoko taldeak alkartu egin dira gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde Batzordean, Aldundiari eskaerea egiteko, bere eta Aldundiaren esku dagozan enpresa publikoetako eta fundazinoetako webguneetako Kontratatzailearen Soslaitik identifikazinoko datuak eta helbide elektronikoak emon beharra kendu daian, lehiaketa publikoei buruzko informazino mueta jakin bat eskuratzeko. EH Bildu, PSE-EE eta PP taldeek popularrek aurkeztutako arauz besteko proposamen baten aldeko botoa emon dabe, lehiaketa horri buruz argitaratutako informazino guztia irekia eta sartzeko pasahitz bakoa izan daiten, maila guztietan. Euzko Abertzaleak taldeak (EAJ-PNV) kontrako botoa emon dau.

“Aldunditik hainbeste bider aldarrikatu dan gardentasuna” kontuan hartuta, Batzarretako hiru taldeak aldaketa hori eskatzearen alde agertu dira, “edozein herritar” kontratazino publikoaren informazino maila guztietara sartu ahal daiten. Bertan dagoz lehiaketa publiko guztien lizitazinoak, esleipenak eta aurkeztu beharreko dokumentazinoa. Oposizinoak aldaketa hori justifikau dau, Aldundiak ez daian nor sartzen dan “kontrolau”, Carmen Carrón PP taldeko batzordekideak gogoratu dauenez, bere taldeak Biscaytik foru soziedadearen espediente bati buruz egindako kontsulta bategaz gertatu zan moduan.

PP-k azpimarratu dauenez, sarbidea “librea” izan behar da, herri administrazino “gehienetan” gertatzen dan moduan. Administrazino horreen artean Bilboko edo Getxoko Udalak, estaduaren esku dagoan Adif enpresea edo Garbiker foru soziedade bera aitatu ditu. PSE-EE Aldundiak aldaketa informatiko hori egitearen alde agertu da, Lurraldeko ganerako toki erakundeetan “kutsadura efektua” sortu daian, erakunde horreen webguneak Aldundiaren webgunearen “kalkoa” diralako. Gardentasunerako “pausu txikia” da, gehitu dau Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak.

EAJ-PNV-k, bere aldetik, kritikau egin dau PP-ren jarrerea, gobernetan dauen lekuetan egiten ez dauena eskatzen dauelako Bizkaian. Nerea Ahedo batzordekideak adierazo dauenez, Espainiako Gobernuak berak “beharrezkoa ikusten dau Kontratatzailearen Soslaian sartzeko pasahitza jartea”. Guzurtau egin dau Foru Aldundiak edo PP-ren Madrilgo Gobernuak eskakizun hori inor kontroletako erabilten dabenik. Hori “segurtasun” errazoiak dirala eta egiten da, kontratazino publikoari buruzko Legeak berak ezarten dauen moduan. Bertan eskaerea egiten jake herri administrazinoei, segurtasuna zaintzeko eta sisteman gertatu daitekezan “bortxaketa” posibleak hautemateko beharrezkoak diran neurriak jarri daiezan. Batzordekide jeltzaleak uste dauenez, erregistroak aukera emoten dau aurretik euren datuak emon dituen pertsonei edo erakundeei gertatu daitekean edozein aldaketaren barri “berehala” jakinarazoteko, eta gogoratu dau egungo sistemak bermatu egiten dauela, modu guztietan, informazinoa “publikoa eta eskuragarria” izatea. “Gardentasuna, gura dozuen beste, baina segurtasuna eta bermeak be bai”, esan dau.


HIRIBILDUEN KARTOGRAFIA

Saioan beste eskaera bat egin jako Aldundiari, PP-ren proposamenari jarraituz, “hiru hilebeteko epean” Foru Erakundeak, Urduñako eta Bilboko Hiribilduei jagoken lurralde ez aforauaren guneen kartografia zehaztua jarri daian bere webgunean, Euskadiko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko 3/1992 Legeak ezarten dauena betez. Arturo Aldecoaren berbetan “oraindino nahasketak dagoz hainbat lurralde mugetan”, eta horrek “legeagaz lotutako arazoak eta beharrezkoak ez diran gastuak” sortzen ditu, enbor oinordekotzetan, Abogaduen Elkargoak adierazo dauen moduan –Aldecoak esan dauenez–. EH Bildu eta PSE-EE taldeak ekimenaren alde agertu dira. EAJ-PNV taldea abstenidu egin da, hobekuntza horren alde egon arren. Jon Andoni Atutxa batzordekideak adierazo dauenez, Foru Aldundia “eguneratze horretan beharrean ari da daborduko”. Dana dala, bere taldearen abstentzinoa justifiketako orduan, esan dau teknikariak zalantzak daukiezala, aldaketa informatiko hori aitatutako epearen barruan egin ahal izango ete dan.


GORLIZKO TXALETAREN ERABILERA PARTEKATUA

Oposizinoko hiru taldeak euren botoak batu dabez barriro be, Aldundiari eskaerea egiteko, Gorlizko Udalagaz “hitzarmena” sinatu daian, itsas ondoko herriko osasundegiaren ondoan dagoan eta Aldundiarena dan txaletak etorkizunean izango dauen erabilereari buruz. Aldecoak adierazo dauenez, 2015eko ekainaren 1ean bertan dagoan errentadunak txaleta itxi egingo dau. Holan, “Udalak eta Aldundiak ondare publiko horren erabilereari buruz dituen asmoak bete ahal izango dira”. PP taldearen ekimenak EH Bildu eta PSE-EE taldeen aldeko botoa jaso dau, eta jeltzaleak kontra agertu dira. EAJ-PNV-k jakinarazo dauenez, Foru Aldundiak badauka bere esku dagoan eraikin horretarako planteamendua. Jon Andoni Atutxak kritikau egin dau bidea zabaldu gura dala Udalek, Foru Aldundiak Lurralde osoan banatuta dituan foru eraikinak “lagatzea” eskatu daien. “Aldundia ondare barik itxiko geunke”.

“Ez gara itxi behar”, eskatu deutso Aldecoak. PP-k “hitzarmenaren” irudia planteetan dau, Aldundiak eta Gorlizko Udalak gune hori partekatu daien, bertan Aldundiaren zein Udalaren jarduerak aurrera eroan ahal daitezan. PSE-EE eta EH Bildu ados agertu dira Udalak Foru Aldundiaren egoitzak erabilteko aukeragaz, eta gogoratu dabenez, Udalaren Osoko Bilkurak be holan onartu eban, EAJ-PNV-ren kontrako botoagaz.


EZEZKOA BEREIZGARRIEI BURUZKO ARAUAREN ALDAKETEARI

Beste alde batetik, Iraskunde batzordeak ezezkoa emon deutso abenduaren 5eko 9/2012 Araua aldatzeko PP taldeak aurkeztu dauen proposamenari, EH Bilduren kontrako botoagaz eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen abstentzinoagaz. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) arau horren aldaketea defendiduten eban, iraganean erabilten ziran eta gaur egun izaera ofizialik ez daukien bereizgarrien babeserako (Bizkaiko izenak, armarriak edo banderak). Aldecoak aldaketa hori justifikau dau, eragindako erakundearen beren beregiko baimen barik beste pertsona edo erakunde batzuek ezin daiezan bereizgarri horreek erabili.

Batzarretako ganerako taldeek kritikau egin dabe ekimenaren zehaztasun faltea, aldaketak ateak zabalik itxi daikezalako “inponidu” egin diran sinboloak babesteko, Frankismoaren diktadurak ezarritakoak, adibidez. Aldecoak, proposamena defendiduteko orduan, esan dau aldaketa horregaz Aldundiak tresna bat eukiko leukela, beste batzuek izenak, armarriak edo banderak “modu desegokian” erabilten baditue jardun ahal izateko. Adibide moduan, gaur egun "Sopela" eta "Galdakao" izena daukien “Sopelana” edo “Galdacano” herrien izenak edo, –bere esanetan– “onartuta ez dagoan” Bilboko banderaren kasuak, jarri ditu.


SOLASKIDETZEA ZUGAZTIETAKO BIZTANLEEKAZ

Batzordeak ez dau onartu PP taldearen beste ekimen bat. Ekimen horren bitartez eskaerea egin gura jakon Aldundiari, Zugaztietako (Trapaga) biztanleen alkarteagaz daukan solaskidetzea “hobetu daian”, Aldundiak sustatu edo lagundu behar dituan proiektuak “aurrerapenez” aurkeztu ahal izateko, “ahalik eta adostasun handiena bilatzeko”. Arauz besteko proposamena ez da onartu. Aldeko 5 boto izan ditu (PP eta EH Bildu), kontrako 6 (EAJ-PNV) eta abstentzino bi (PSE-EE).

EH Bilduk eta PSE-EE-k kritikau egin dabe ekimena “akats batean” oinarritzen dala, alkarrizketa hori Trapagako auzo batera mugatzean. “Zabaldu egin beharko litzateke”, defendidu dau Irune Soto koalizino abertzaleko bozeroaleak. EAJ-PNV-k Aldundiaren jokaerea defendidu dau, Zugaztietan, Bizkaiko ganerako udalerrietan egiten dauen moduan jokatzen ari dalako. Jon Larrea jeltzalearen eretxiz, popularren planteamendua “berezia” da. “Esaten dozuen hori”, lehenengo zeuok gobernetan dozuen lekuetan aplikau beharko zeunkie, eskatu deutsie. “Ez dozue sinisgarritasunik”. Bere eretxiz, PP-ren proposamena “zentzunik bakoa” da, Aldundiari, Trapagako Udala “alde batera ixteko” eta inguru horretarako edozein foru proiektu Zugaztietako biztanleen alkarteakaz zuzenean negozietako eskatzen deutsalako.