Enkarterrietako Museoak 20. urteurrena ospatzen dau eskualdearen itsas-munduari buruzko "IN INSULA MARIS" izeneko erakusketeagaz
Bizkaiko Batzar Nagusien jabetzapeko Abellanedako (Sopuerta) Batzarretxe zaharrean dagoan erakusketa horretan, bada, Erdi Aroan hasi eta XIX. mendearen erdialdera arteko ibilibide historikoa egin ahal izango da. Portugalete, Santurtzi edo Muskizek itsasoagaz beti danik izan daben loturea galduz joan zan XIX. mendearen erdialdera arte, gizarte-aldaketea gertatu zan-eta industriaren garapenagaz batera.
Ezkerraldearen historiaren alderdi garrantzitsua, ahaztuta egoana, berreskuratzen da Enkarterrietako Museoaren ekimen horri esker. Ehundaka eta ehundaka enkarterritarrek ontzietara igon eta munduko itsasoetan zehar ibili ziran, batzuk ardura handiko karguakaz. Asko izan ziran Somorrostroko antxinako haraneko marinelak, merkatariak, kortsarioak, almiranteak, jeneralak, itsasoko eta gudako kapitainak, edo itsas-postagintzako kapitainak eta marinelak. Zerrendeak ez dauka amaierarik, ezta hareen presentzia dokumentatua daben lekuen zerrendeak be, Europa guztian eta Ameriketako kostalde atlantikoan ibili ziralako. Mendeetan zehar izan ziran Koroaren flotarik espezializatuenen eta prestatuenen artean.
Beraz, Abellanedako Batzarretxera datozanek Somorrostroko itsas-gizonak nondik ibili ziran erakusten daben mapak izango dabez ikusgai, eskala handian egindako erreprodukzinoetan. Era berean, maketa bi egongo dira, bat erakusteko zelangoa zan itsasadarra XVIII. mendean eta, beste bat, Portugalete XVI. mendearen inguruan zelan izan zan ikusteko. Bestalde, Itsasadarreko portuok burdinaren esportazinoari jagokonean izan eben garrantzia azpimarratu gura da horretarako sortutako zenbait osagai eszeneografikoren bitartez. Portugaleteko burdinezko kaiaren errekreazino bat be egongo da ikusteko moduan.
Azpimarratzeko modukoa da Zallako Santa Isabel eleizatik jasota Enkarterrietako Museoak-Bizkaiko Batzar Nagusiek bereoneratutako La Bilbaina ontziaren zinoparia (eleiza eta ermitetan zintzilik egoten ziran maketak). Fragata hori Zorrotzako ontziolan egin zan eta seguruenik Somorrostroko haraneko marinelek zuzendu eben.
PUNTA-PUNTAKO TEKNOLOGIAKO ONTZIAK
Portugaleten eta inguruko konzejuetan (Sestao, Barakaldo, Santurtzi, Muskiz…) baegozan marinelak Erdi Aroan, baina XIV. mendearen azkenalditik aurrera (1322. urtean sortutako Portugaleteko uribildua ekonomikoki egonkortu egiten danean) eta batez be XV eta XVI. mendeetan asko ugaritu ziran, garai haretako entsutetsuenak izatera helduko ziran nabigatzaileen familia batzuei esker (Ugartetarrak, Montellanotarrak, Pedrizatarrak, Capetillotarrak…). Eurek ontziak egitera helduko ziran, garai haretako teknologiarik puntakoenak, atlantiko inguruko flotarik garrantzitsuena izateraraino, momenturen baten 50 ontzi izatera helduta.
Marinel horreetariko askok merkataritza eta garraio-lanak armadagaz eta kortso-lanagaz buztartu ebezan, eta hortik dator horrenbeste itsasoko eta gerrako kapitain, jeneral edo almirante egon izana. Armadagaz izan eben lotura hori areagotu egingo da XVII. mendean, Koroa gerra askotan ibili zalako eta, ondorenez, marinel asko armadan sartu ziralako. Horretara, bada, hor ditugu Francisco eta Martín Vallecilla, Andrés de Cotillo, Antonio de Larrea edo Pedro de Origüen jeneralak, beste askoren artean.
XVIII. mendea ilustrazinoaren mendea izan zan, eta marinelen prestaketea areagotu egin zan. Portugaletek, Santurtzik edo Sestaok galdu egin ebezan euren flotak, baina garai haretako onenatzat jotako herriotako marinelak Bilboko merkatarien ontzien kapitain izango ziran. Era berean, ontzi kortsarioen kapitain be izango ziran; mende horretan 18 kasu dagoz dokumentatuta, gehienak Santurtzikoak (Ignacio de Luces, José del Cotarro, Francisco de Berriaga, etab…), esaterako “El Rayo Vizcaíno” edo “El Marte” izeneko ontzien kapitain moduan aritu ziranak.
Erakusketea eguaztenean, abenduaren 17an, inauguratu da, eta ekitaldian Goio Bañales IN INSULA MARIS. El mundo naval de Las Encartaciones: Portugalete y el valle de Somorrostro liburuaren egileak hartu dau parte.