Aurreko Albisteak

Onartu egin dira Bizkaiko Aurrekontuen Proiektuaren aurrean aurkeztu diran zatizko zuzenketa-eske guztiak

batzordea

Ekonomia eta Ogasuneko batzordea

Bilbon, 2014ko abenduaren 15ean.

2015eko Bizkaiko aurrekontuek euren izapidetzeagaz jarraitzen dabe Batzar Nagusietan. Gaur goizean, Ekonomia eta Ogasuneko batzordean, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek, lurraldeko Kontuen aurrean aurkeztutako zatizko 26 zuzenketa-eskeak onartu ditue: PSE-EE-k aurkeztutako 15, PP-k aurkeztutako 9 eta EAJ-PNV-k aurkeztutako 2. Zatizko zuzenketa-eske horreei buruzko eztabaidea amaitu ostean, falta dan gauza bakarra sail bakotxaren aurrekontuari buruzko azken irizpena eta Testu Artikulaua onestea da, Gernikan egingo dan hurrengo osoko bilkuran, bariku honetan, abenduaren 19an, seguruenez, aurrekontuei buruzko prozesuari amaierea emoteko.

Holan, bukaerako dokumentua, Gizarte Ekintzako sailaren aurrekontu proiektuan aldaketak sartzen dituen 11 zuzenketagaz helduko da Gernikara, Ekonomia Sustatzeko sailarena aldatuko daben 5egaz, Herri Lan eta Garraioetako sailari jagokozan 4gaz, Ingurumeneko 2gaz, Testu Artikulauko beste 2gaz eta Lehendakaritza eta Kultura Sailetako banagaz. Zuzenketa-eske horreetarako egin dan bozketaren emaitza errepikau egin da kasu guztietan: aldeko 10 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta kontrako 3 boto edo abstentzino (EH Bildu).

Halan bada, batzordeak, 7.834.000 euroko balioa daukien PSE-EE taldearen 15 zuzenketa eske sartzea onartu dau. Gizarte Ekintzako sailean 100.000 eurotan handituko da arreta pertsonal profesionalizaurako aurrekontua; izaera izenduna daukien 500.000 euro bideratuko dira Sestaon Lantegi Batuak-en zentro barria egiteko; 100.000 euroko diru-laguntzea emongo jako buruko gaixotasuna daukien pertsonakaz behar egiten dauen AVIFES alkarteari; eta beste 45.000 euro Euskadiko Down Sindromearen Fundazinoko eguneko arreta zerbitzuaren baliabide barri baterako. Ganera, adimen urritasuna daukien pertsonent aldeko Portugaleteko eta Santurtziko Ranzadi alkarteari emongo jakon partidea 100.000 euro handiagoa izango da, eta 234.000 euroko partida barria sortuko da Ermuan gizarte bazterketa arloan martxan jarriko dan proiektu pilotu baterako. Gizarte Ekintzako sail horretan, sozialistek 30.000 euroko ez ohiko ekarpena lortu dabe Enkarterriko gizarteratze programarako, eta beste 500.000 euro Garapenerako Lankidetzara bideratzeko.

Horrez gain, batzordeak, sozialistek aurkeztutako beste 7 zuzenketa eske onartu ditu, Gizarte Ekintzako sailetik kanpokoak. Kultura sailean, 150.000 euroko partida izenduna bideratu da Asua Erandio Zentro Soziokulturala barriztetako. Herri Lan eta Garraioetako Sailean, 100.000 euroko kopurua sartu da, Errekaldeko Saihesbideari buruzko aurretiazko azterlana egiteko, eta 1.000.000 euroko beste bat Lutxanako Lantegien arteko errepidearen eraikuntza prozesuagaz jarraitzeko. Ekonomia Sustatzeko sailean, Burtzeña Parkea soziedadearen kapitala 850.000 eurotan gehituko da, eta beste 25.000 euro bideratuko dira Karpin parkeko mantentze lanak hobetzeko. Amaitzeko, Ingurumen Sailean, PSE-EE-k ingurumen azpiegituretarako transferentzia bi gehitu ditu, bat 3.250.000 eurokoa, Portugaleteko udalerrirako, eta bestea 850.000 eurokoa, Barakaldorako.

PP-ri jagokonez, guztira 850.000 euro batzen dituen zuzenketak gehitu ditu. Gizarte Ekintzako kontuetan 50.000 euro gehiago egongo dira Fekoorrek garatutako bizitza independentearen arreta zerbitzurako, eta 100.000 euro banatuko dira Cáritas Bizkaiaren eta Gurutze Gorriaren artean, ama-umeentzako elikagaiak eskuratzeko, 3 urtetik beherako seme-alabak dituen familiei zuzenduta.

Popularren beste zuzenketa-eske batzuen bitartez, Herri Lan eta Garraioetako aurrekontuetan 100.000 euro gehituko dira UPV/EHU-ra doan Bizkaibuseko linea indartzeko, eta beste 50.000 euro metroaren geltokiaren inguruetan dagozan Plentziarako sarbideak hobetzeko.

Ganera, Lehendakaritza Sailean, Bizkaiko Popularren zuzenketa eske bati esker, nabarmen handituko da Bizkaian dagozan beste lurralde batzuetako zentroei diruz laguntzeko partidea. 2015eko aurrekontuetan aurreikusita egoan 25.000 euroko partidatik 175.000 eurokora pasauko da. Kultura Sailak, bere aldetik, beste 100.000 euro jasoko ditu, Bonodendaren udabarriko eta Gabonetako kanpainea zabaltzeko. Eta Ekonomia Sustatzeko sailean 150.000 euro gehituko jakez merkatarien alkarteei zuzendutako laguntza ekonomikoei, eta Relanza Planera zuzendutako 150.000 euroko partida barria onetsiko da. Plan horrek, egoera gatxean dagozan saltokiei zuzendutako aholkularitza eta tutoretza programea ezarriko dau.

Bukatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak onartu dituan EAJ-PNV taldearen zuzenketa-eske biak, Testu Artikulauari egiten jakozan zuzenketa tekniko bi dira.