Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe fracking-ari buruzko adostasunik lortu

Gernika

Gernikan, 2014ko azaroaren 17an.

Batzar Nagusiek ez dabe onartu, gaur egindako osoko bilkuran, Bizkaia “fracking-ik bako lurralde” izendatzerik. Foru Legebatzarrak, EH Bildu, PSE-EE eta PP taldeek, bakotxak bere aldetik, ez ohiko hidrokarburoak aterateko erauzpen teknika horri buruz aurkeztu dituen arauz besteko hiru proposamen eztabaidatu ditu gaur. Hiru proposamenen arteko batak be ez dau lortu onartua izateko behar eban gehiengoa. Batzarretako taldeak, EH Bilduk eskatzen eban teknika horren debekuaren eta popularrek, “ustiatzeko” orduan, “kontuz” ibiltzea eskatuz, aurkeztu daben proposamenaren artean mobidu dira.

EH Bilduk aurkeztutako proposamenak, Bizkaia “fracking-ik bako lurralde” izendatzea eskatzen eban, eta Foru Aldundiari eskaerea egiten eutsan politika aktiboak martxan jarteko eta horretarako aurrekontuetako partida bat bideratzeko, gure lurraldean energia barriztagarri iraunkorren arloan enplegua bultzatzeko.

Asier Vega koalizino abertzaleko batzarkideak, bere taldeak, fracking-aren erabileraren aurrean daukan “erabateko” kontrako jarrerea erakutsi dau, teknika hori ikerketarako edo hidrokarburoen ustiapenerako erabilten bada be. Beste herrialde batzuetan izandako esperientziek erakusten dabe teknika horrek ura eta aidea kutsatzen dituala, negutegi efektuko gasak sortzen dituala, arrisku sismikoa handitzen dauela, bio-aniztasuna arriskuan jarten dauela eta lur “larregi” hartzen dauela.

EH Bilduren eretxiz, “oso teknika arriskutsua da, ingurumenerako zein gizakion osasunerako”. Hori dala eta, “justifikau ezina” da ez ohiko gasen erreserben azterketagaz jarraitzea, eta gehiago oraindino horrek sortzen dituan eraginak ikertu, ulertu, aurreikusi eta arautu barik dagozanean.

Vegak ez dau ulertu PSE eta PP taldeek eztabaida honetan erakutsi daben jarrerea, EH Bilduk aurkeztu dauen proposamena Gipuzkoako Batzarretan onartu zanaren “bardin-bardina” dalako, eta han koalizino abertzalearen eta sozialisten eta popularren aldeko botoakaz onartu zalako. Holan, talde bi horreek erakutsi daben koherentzia faltea aitatu dau “Bizkaian fracking-ari atea zabaltzeko prest dagozala” esanez, eta Eusko Jaurlaritza kritikau dau, 2015eko aurrekontuetan aztarnategien azterketari laguntzeko “22 milioi euroko” partidea erreserbau dauelako.

PSE-EE taldeak, bere aldetik, bere proposamenean, gobernu zentralak eta Eusko Jaurlaritzak, enpresek azterketak egiteko egiten dituen eskariak kudeatzeko orduan erakusten daben “iluntasuna” salatu gura izan dau eta, baimenak emon aurretik, teknika horren eraginei buruzko “eztabaida kontrastaua” bultzatzeko eskatzen eban. Ganera, ekimenak konpromiso bat be jasoten eban, “ez bada behar besteko ingurumen bermerik emoten”, Espainiako Gorteek teknika hori debekau daien. Horretarako, eskaria egiten eutsien Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzea daukien taldeei, Euskadin hidrokarburoen erauzpena arautzeko “100.000 herritar baino gehiagok” bultzatutako lege ekimen herrikoiaren izapidetzea onartu daien. EH Bilduren berbetan, sinadura horreen guztien %40 Bizkaian batu da.

Isaac Fernández batzarkide sozialistak batzarretako beste taldeei gogoratu deutse gizartea, eginbehar horreek “behar dan moduan” egitearen “bermeak” eskatzen ari dala, “horren ondorioak guztiok ordaindu ez daiguzan”. PSE taldeko ordezkariak adierazo dauenez “gauzak argi izan behar doguz”, eta “erabateko gardentasuna” beharrezkoa da prozesu guztietan, eta baita gai horri buruzko “legedia argia” be.

PP taldeak planteau daben ekimenak eskaria egiten eban, Batzarrak 2013ko otsailean onartutako arauz besteko proposamenetan adierazotako erespidea berretsi eta “gure baliabideen ikerketaren, horreen ustiapenerako teknikak kontu handiz erabiltearen, eta beharrezkoa bada, kasu batzuetan mugatzearen, eta aplikau daitekezan ingurumeneko araudien etenbako jarraipena egitearen” aldeko apustua egin daian.

Arturo Aldecoa PP-ko batzarkideak, bere atsekabea erakutsi dau, bere eretxiz fracking-aren inguruan une honetan aurrera eroaten ari dan “eztabaida hutsa” dala eta, eta eskaria egin dau taldeen aurrean, “existitzen ez dan mehatxu faltsorik edo artifizialik” sortu ez daien. Gai horri jagokonez, behin eta barriro errepikau dau “hidrokarburoen azterketarako eta ustiapenerako beste teknika guztiakaz gertatzen dan moduan, honek be alde onak eta txarrak dituala”.

Holan, esan dau teknika hori ez dala “ez mehatxua ezta arazoa be”, holangoak “gauzak txarto egiteagaitik” eta “leku desegokietan” erabilteagaitik gertatzen dirala. Hori dala eta, fracking-a “demonizau” beharrean, etorkizunean “non apliketea komeni dan” eta hori apliketeak “non ez daukan zentzurik” gaien inguruan gogoetea egitearen alde agertu da.

Aldecoak autortu dauenez, “posible” da Bizkaian “teknika hori erabiltea inoiz ez izatea komenigarri”, baina “ezagutzea ez da txarra”, eta legeak, “leku desegokietan” ustiapenik ez baimentzeko “behar beste zorrotzak” dirala azpimarratu dau.

María Presa EAJ-PNV-ko batzarkideak, bere aldetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek orain urte bi teknika horri buruzko eretxia emon ebela gogoratu dau “ eta orduan baietz esan geuntsan azterketeari eta ezetz bermerik bako ustiapenari”. Halanda be, “aurrerakuntzaren kontra ez agertzearen” alde mintzatu da, “hazkunde iraunkorragaz”, “danak eboluzionetan dauelako”.

"Ekonomiaren hazkundea lehentasunezko helburua da, baina ez edozeren truke”, azpimarratu dau batzarkide jeltzaleak, eta esan dau, ganera, une honetan dagozan baimenak “aztertzeko” dirala, eta ez “ustiatzeko”, eta baimen horreek ez dabela emoten ez “bide librerik” ezta “gutun zuririk” be.

Euskadi, ingurumen arloan Europa osoko “lurralde aurreratuenetakoa” dala azpimarratu ostean, “gure lur azpia zerez dagoan osatuta ezagutzea zergatik dan txarra” galdetu dau, eta edozein ekimen “berme guztiakaz” egin behar dala planteau dau. Edozelan be, “horrek ez dauela inongo aterik zabaltzen” esan dau. “Ez da inolako aztarnategirik ustiatuko gaur egungo teknikak erabiliz”.

Presak onartu egin dau fracking-ak euki daikezan eragin negatibo posibleen aurrean “gizartean dagoan ardurea”, eta “energia barriztagarrien aldeko apustua egin behar dala” adierazo dau, “baina hankak lurrean jarrita”. Esan dau bere taldeak ez dauela PP-ren proposamena babestuko, testu horretan “ustiapenera” zabalik dagoan atea hautematen dalako.

EH Bildu eta PSE-EE taldeen proposamenak ez dira onartu, EAJ-PNV-k eta PP-k kontra bozkatu dabelako. PP-k aurkeztutako proposamenari jagokonez, koalizino abertzalearen eta sozialisten kontrako botoa eta jeltzaleen abstentzinoa jaso ditu. PP-ko ordezkarien zortzi botoak ez dira nahikoak izan EH Bilduren eta PSE-EE-ren hamarren aurrean.


GUGGENHEIM MUSEOA URDAIBAIN

PP taldearen galderari erantzunez, Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak adierazo dau, nazinoarteko lehiaketea aurrera eroaten danean, eta mahai ganean proposamen arkitektoniko zehatzak daukaguzanean “bakarrik” zabaldu ahal izango dala Urdaibaiko Guggenheim Museo barriaren proiektuari buruzko politika eta gizarte mailako eztabaidea, beharrezkoak diran adostasunak bilatzeko. Erantzunen txandan, aurretik egin beharreko gogoeta hori aitatutako deialdia deitu baino lehen egin behar dala adierazo dau PP-k.

Aldundiko arduradunak gogoratu dauenez, legealdi honetako izendapeneko osoko bilkuran, Ahaldun Nagusiak jarri eban mahai ganean, bere gobernuko ardatzen barruan, Urdaibairako plan integrala. Bertan, Guggenheim-en mende egongo dan zentro barria martxan jarteaz gain, eskualde horretako ekonomia berrindartzera bideratutako beste proiektu batzuk be ezarten ziran.

Ariztondok gogoratu dauenez, Urdaibaiko proiektua ez dago museo “independente” bat sortzeko pentsauta, dagoanaren “handitze” bat baino, erakusketetan oinarritutako “gaur egungo eredu tradizionalean oinarrituta egon beharrean, artisten sorkuntza prozesuan zentrauta egongo dan museo paradigma barria”. “Ez gara arkitekturako ikono bat bilatzen ari, artearen eta ingurumenaren arteko harremana baino, inguruneagaz izango dauen integrazinoa dala-eta eredugarria izango dan eraikinagaz”. Eraikin horrek garapenerako aukerak ekarriko ditu eskualdera, eta garapenerako “beste plan batzuekaz koherentea” izango da. Diputatu andrearen eretxiz, gune kultural hori “oso garrantzitsua izango litzateke traktore kultural gisa” Urdaibain dagoan ondare garrantzitsua erakusteko, eta “nazinoarteko barruko turismoa indartzeko” be oso baliagarria izango litzateke.

12 aurre azterlanek osatutako bideragarritasun plana amaitzeko itxaropena erakutsi dau Ariztondok. Azterlan horreen artean falta dan bakarra nazinoarteko lehiaketea da. Amaitu ostean “etorriko da politika eta gizarte mailako eztabaidaren unea”, esan dau. Helsinkin nazinoarteko lehiaketea posible izan bada, “zergatik ez dogu Bizkaian be egingo?”, galdetu dau. Ariztondok uste dauenez, “Helsinkin posible da, eta Bizkaian be bai, eta motibo gehiagogaz, ganera, Bilboko museoaren arrakastea ikusita”. Finlandiako uriburuan zabaldu zan nazinoarteko lehiaketatik “1.700 proposamen baino gehiago” sortu ziran, eta horreen artean “6 finalista” aukeratu dira. Diputatu andrearen ustez, museoek “eboluzionau egin behar dabe, oso ondo funtzionau arren”, Bilboren arrakastea “15 urte barru oroimena izan ez daiten”.


KUTXABANK

Saio berean, EH Bilduk itauna egin deutso Ahaldun Nagusiari, Bizkaiko Foru Aldundiak, “KutxaBanken BBK-ren esku dagozan akzinoak Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Udalen eskuetan jarteko aukerea aztertzeko asmorik ete daukan argitu daian”, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxaren kasuan proponidu dauen moduan.

“Berandu heldu zarie”, erantzun deutso José Luis Bilbaok EH Bilduko bozeroaleari. Bizkaiko Batzar Nagusiek “ibilpide orria” onartu eben, lehengo kutxak banku fundazino bilakatzeko, eta Aldundiak Bizkaiko Legebatzarrak emondako aginduak bete ditu, “Lurraldeko gehiengo politikoak erabagi dauena errespeteteari, bultzatzeari eta beteteari” jagokonez.

Bilbaok adierazo dauenez, Kutxabanken etorkizuna haren jaubeek erabagiko dabe, “hiru banku fundazinoek” eta, koalizino abertzaleari zuzenduz, “han, parte hartu gura daben guztiak dagoz”, esan dau. “Zuek ez egotea erabagi dozue”.

Bere txandan, EH Bilduko bozeroaleak, kutxak “pribatizau” gura izatea aurpegiratu deutso Aldundiari, bere alderditik gertu dagozan ekonomia eta enpresa arloetako potereak nagusi izango diran banketxe bilakatzeko. Koalizino abertzalearen eretxiz, hori “pelotazoa” eta “lapurretea” izan da.


MEAZTEGI GOLF-AREN “OSASUN ONA”

PP taldeak Zugaztietako golf zelaiari buruz egin dituan galderei erantzunez, Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak, kirol azpiegitura horrek “osasun ona daukala” adierazo dau, eta esleipena daukan enpresea kontratua betetan ari dala. Dana dala, azken urteetan abonau kopuruak behera egin dauela onartu dau, baina jatsiera hori ez dator bat urteera kopuruaren ehunekoetan ikusi daitekean beherako joeragaz. Diputatuak mahai ganera ekarri dituan datuak kontuan izanda, 2013ko lehenengo seihilekoan, zelaiak 961 bazkide eukazan, eta “21.100 urteera” zenbatu ziran. Urte honetako lehenengo seihilekoan, barriz, “21.300” urteera zenbatu dira. Diputatuaren eretxiz, erabilera maila hori “altua eta pozgarria da”.

Pradalesek onartu egin dau ekonomiaren krisiak jatsiera eragin dauela Meaztegiko abonau kopuruan, baina horren eragina ez da mugatu Foru Aldundiak orain 9 urte Zugaztietan martxan jarri eban golf zelaira. Golf jokalari kopuruaren jatsiera Estaduan eta Europa osoan be ikusi da. Holan, Europako herrialdeen artean, Pradalesek azpimarratu dauenez, Ingalaterran “128.000” lizentzia galdu dira, Suedian “100.000 baino gehiago”, eta Eskozian “33.800”. Estaduko Autonomia erkidegoei jagokenez, lizentziek “%5,3ko jatsierea” euki dabe Madrilen, “%9,7koa” Katalunian eta “%3,5ekoa” Euskadin.

Bazkideen kopuruak behera egin dauen arren, Pradales baikor agertu da 2014. urteari begira. Aurreratu dauenez, urte hau, 2013an izandakoak baino emaitza hobeagoakaz itxiko da, beste errazoi batzuen artean, eguraldiari jagokonez, aurtengoa aurrekoa baino urte hobea izango dalako, eta hori oso garrantzitsua dalako kirol hori egiteko orduan.


USANSOLORI BURUZKO LEGE KONTSULTEA

Unai Rementeria Lehendakaritzako diputatuak osoko bilkuran aurreratu dauenez, Galdakaoko Udalak “bihar bertan” hasiko dau “2015eko otsailean” Usansoloren banantzeari buruzko legezko kontsultea egiteko prozesua, eta, adierazo dauenez, Aldundiak, udalerriak markautako “ibilpide orria” errespetauko dau. Diputatuak PP-k egindako itaunari erantzunez iragarri dau hori. PP-k eskaria egin deutso Aldundiari, Foru Gobernuak Bizkaiko Lurralde Mugaketen araudian aldaketea proponidu behar dauen ala “Usansoloko herritarrak nahasten” jarraituko dauen argitu daian.

Rementeriak adierazo dauenez, Aldundiak “ez ditu herritarrak nahasten”, “entzun” egiten ditu, eta gogoratu dauenez, Aldundia beti egon da Usansoloren banantze posibleari buruz “eztabaidatzearen” alde, eta “baita herri kontsultea egitearen alde be, lege eta politika eremuen barruan egiten bada, birtualidadea euki daian”.

“Edozein lege aldatu egin daiteke, herritarrek euki daikiezan eskariei erantzun ahal izateko” esan ostean, Aldundiak herritarren eretxia entzungo dauela zehaztu dau, eta Udalak, Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiari foru araua aldatzeko eskatuz prozedurea hasten badau, aldaketa hori egingo dala esan dau, Legebatzarrean “behar dan gehiengoa badago”.

Prozesua “bihar jarriko da martxan, Udalean herritarren partaidetzarako informazino batzordea sortuz”. Azaldu dauenez, Udaleko talde politiko gehienak proposamenaren alde agertzen badira, lehenengo kontsultea egingo jake herritarrei –2015eko otsailean–, prozesu hori hastearen aldekoak diran ala ez adierazo daien.

Rementeriak gogoratu dauenez, “banantzeari bai ala ez” galdetuko dan “bigarren kontsultearen aurretik”, hainbat alderdi argitu beharko litzatekez, muga geografikoak, bideragarritasun ekonomikoa edo beharrezkoak diran azpiegiturak, besteak beste.

Hori bideragarri egiteko, Batzar Nagusiek Mugaketari buruzko araua aldatzea onartu beharko leukie, Galdakaoko Udalak eta herriko biztanleek halan eskatu eta gero. Azaldu dauenez, prozesu horretan “ez dozue Bizkaiko Foru Aldundiaren inolako dekretazorik ikusiko”.


HITZARMENA LANBIDEGAZ

José María Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuak iragarri dauenez, alkarlanerako hitzarmen barria sinatuko da Eusko Jaurlaritzagaz, informazinoa truketako eta laguntzetan eta prestazinoetan egon daitekezan iruzur kasu posibleak hautemateko.

Bizkaiko Ogasuna eta Lanbide izango dira datuen trukaketa horretaz arduratuko diran erakundeak. Horren helburu nagusia, Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituan laguntzen eta prestazinoen informazino eta kontrol handiagoa eukitea izango da.

Bizkaiaren kasuan, “oso hobekuntza garrantzitsua” izango litzateke, bere eskumenen barruan tributuen sistemea behar dan moduan aplikau ahal izateko. Iruarrizagak adierazo dauenez, Foru Gobernuko kontseiluak urriaren 18an onartutako hitzarmena da, baina oraindino erakunde biek sinatu bakoa. Beste administrazino eta erakunde batzuekaz, iruzur fiskalaren kontra burruka egiteko, aurretik sinatuta dagozan beste akordio batzuei gehituko jake.

Diputatuak, PP-ri emondako erantzunean iragarri dau hori. PP-k itauna egin deutso, RGI izenekoaren “behar dan moduko kontrola” ezarteko Eusko Jaurlaritzagaz trukauko diran datuei buruzko informazinoa eskatzeko. Esther Martínez PP-ko bozeroalea pozik agertu da hobekuntza hori ikusita.