Garamendik iragarri dauenez, "XXI. menderako" Bizkaibus zerbitzu barria Gabonak aurretik jarriko da martxan
Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur iragarri dauenez, Bizkaibuseko zerbitzu barria Gabonak aurretik hasiko da zerbitzua emoten, eta Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak datorren martitzenean landuko ditu emakida lortu daben enpresen trantsizio planak.
Garamendi berak eskatuta agertu da gaur Batzordearen aurrean, Bizkaibusen bizi izandako gatazka sindikalaren konponketea azaltzeko. Gatazkea joan dan urriaren 30ean amaitu zan, Foru Aldundiaren eta sindikatuen arteko akordioaren ostean. Konponketari esker amaiera emon jakon hainbat lan geldialdi jardunaldiri. Jardunaldi horreetan hainbat gertakari eta kalte material eragin zan gitxieneko zerbitzuak eskintzen ebezan unidade batzuetan. Ganera, urriko 27an muga bako grebea hasi zan.
Diputatu andreak, foru erakundeak Bizkaibuseko gatazka osoan egin dauen lana defendidu dau, bere eretxiz “bidebakoa eta justifikau ezina” izan dan grebari bukaerea emoteko aurrera eroandako “talde lan ezin hobea” azpimarratuz, eta pozik agertu da, bizkaitarrek “denpora gitxi barru XXI. menderako Bizkaibuseko zerbitzua eukiko dabelako, kalidade altuenekoa”. Bere eretxiz “lan izaerarik euki ez dauen gatazka hau Aldundiari egurra emoteko” baliatu dabenak be kritikau ditu.
Oposizinoko talde guztiek, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreak mahai gainean jarritako “informazino faltea” kritikau dabe. Holan, Jesús Isasi Bizkaiko Talde Popularreko (PP) bozeroaleak, “zerbitzuan sartuko diran linea barriei eta, banan-banan, bakotxaren kostuari” buruzko datu gehiago eskatu deutsaz Garamendiri.
Aitor Torre EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, Itziar Garamendi buru dan Sailak Bizkaibuseko gatazkan egin dauena kritikau dau. “Uste dot gatazkagaz jolasten ibili dirala eta komunikabideak erabili dituela, oposizinoaren kontra jotzeko eta sindikatuak kriminalizetako”, esan dau.
Aitor Torrek, José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaibuseko grebea konpontzeko orduan egin dauen lanari buruz galdetu dau. Gai horri jagokonez, Ahaldun Nagusiak UGT Euskadiko idazkari nagusiari, alkartzeko eta gatazkea desblokeetako, bialdu eutsan washapp-eko mezua irakurri dau. Joaquín Colmenerok (PSE-EE) be José Luis Bilbaok jokatu dauen papera azpimarratu dau. Bere eretxiz, Ahaldun Nagusia, “eserlekutik zelaira urten eta betirako luzatuko litzateken bardinketea apurtzen dauen gola sartzen dauen futbolari izar horreek” moduan aritu da.
Diputatu Andreak Aitor Torreri erantzun deutso, “ez naz inolako ekarpenik egiten ez daben eleberrietako kontakizunetan sartuko”, eta “batzuk arazo bat konpontzeko ahaleginetan ari ginan bitartean, beste batzuk pankarta atzean eta bronkan egozan” esanez. “Nik gurago dot akordioa bronkea baino”, azpimarratu dau, lanuzte eta greba egunetan Bizkaibuseko unidade batzuk jasan ebezan eta “bizkaitar guztiok ordaindu beharko doguzan” kalte materialak gogoratu ostean.
Aitor Torrek, “akordioak enpleguan eukiko dauen eraginari” buruzko informazinoa be eskatu dau, eta, “hasera batean Bizkaibuseko lanpostuen amortizazinora bideratu behar zan 12 milioi euroko partidea garraio publikoaren zerbitzua hobetzera bideratu daitela” eskatu dau.
Nerea Ahedo EAJ-PNV-ko bozeroalea Itziar Garamendiren alde agertu da eta zoriondu egin dau, Bizkaibuseko arazoa konpondu dalako. Bere berbetan, gatazka horren “zergaitiak ez egozan lan gaiakaz erlazionauta”. “Hasera-haseratik, emakida barrien kontratuen pleguek, beharginen lanpostuak eta lan baldintzak bardin jarraituko ebela jasoten eben”, esan dau.
MARKESINAK BARAKALDON
Herri Lan eta Garraio batzordeak aho batez onartu dau batzarretako talde sozialistak, arauz besteko proposamen baten bitartez, Barakaldon Bizkaibuseko markesinak instaletako egin dauen eskaria, Manolo Travieso kalean, Lasesarreko futbol zelaiaren aurrean eta Askatasun Etorbideko 23 zenbakian, Barakaldoko Udalak, udalerri horretako biztanleen eskariak entzun ostean, eskatu dauen moduan.