Ardanzak argitu dauenez, Bailengoa izango da droga-menpekodunentzako Bilbon egongo dan jagondako kontsumo zentro "bakarra"
Gizarte Ekintzako Batzordea
PSE-EE eta PP taldeek eskatuta Batzar nagusien aurrean egin dauen agerraldian Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatu andreak gaur adierazo dauenez, Bailen kaleko “narkogelea” izango da droga-menpekodunentzako Bilbon egongo dan jagondako kontsumo zentro bakarra. Aldundiko arduradunak Gizarte Ekintzako Batzordean jakinarazo dau Munduko Sendagileak erakundeak eskintzen eban zerbitzua Gizakia fundazinoak eskiniko dauela, “menpekotasunen arretarako zentro sozio-sanitario” izenagaz. Instalazinoak “ahalbait arinen” barriztauko dira eta kudeaketaren aldaketea be “ahalik eta denpora laburrenean” egingo da, esan dau.
Proiektu horretan Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala ari dira beharrean, aitatutako fundazinoagaz batera, eta erabiltzaile “guztiei” zerbitzua emoteko dago pentsauta, foru zerbitzuakaz daukien erlazinoa edozein izanda be. Haserako helburua, jagondako kontsumoaren ondorioz kalteak eta arriskuak murriztea da, baina Ardanzak jakinarazo dauenez, instalazinoak barriztetako prozesuaren ostean, zentroak bere funtzinoak zabaldu egingo ditu, erabiltzaileen gizarteratzea erraztera bideratutako prozesuak sortzeko. Oposizinoak egindako galderei erantzunez, Ardanzak adierazo dau zentroa egunero egongo dala zabalik, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 18:30ak arte.
Aldundiko arduradunak, Aldundiaren 130.000 euroko inbertsinoa eskatuko dauen zentroak izaera “barriztatzailea” eukiko dauela azpimarratu dau, sinergiak sortuko ditualako euskal osasun sistemaren eta gizarte zerbitzuen artean.
Munduko Sendagileen alkarteak egin dauen lana eskertu ostean, Ardanzak, Bailengo “narkogelea” itxi egingo zala eta T4 eta Gizakiaren egoitzetan kontsumo gela bi zabalduko zirala iragarten eben informazinoen ondorioz sortutako “nahasketea eta gizarte alarmea” sentidu dau. Horrek guztiak “ardurea” sortu eban Uribarriko eta Deustuko biztanleen artean. “Argi geratu daitela, jagondako kontsumo zentro bakarra Bailengoa izango da”, esan dau behin eta barriro.
Diputatu andreak, HIES-a eta drogamenpekotasuna daukien pertsonei arreta eskintzera zuzendutako zerbitzuak hobetzeko prozesu paraleloaren barri be emon dau. “2013an hasitako gogoeta prozesua da”. Administrazinoen eta Hirugarren Sektorearen arteko lanaren ondorioz, Aldundiak “denpora gitxi barru” hitzarmen bat sinatu gura dau T4 alkarteagaz, kontsumo aktiboak daukiezan eta egoitzetan dagozan pertsonei eskini beharreko prestazinoa integretako, Uribarrin.
Ganera, “urtarriletik aurrera” Gizakia fundazinoagaz beste hitzarmen bat sinatuko dala iragarri dau, baztertuta dagozan eta edozein gairen menpekotasuna daukien pertsonen gizarteratzean laguntzeko zerbitzu barria aurrera eroateko. Zerbitzu hori Madariaga etorbideko 6an emongo da, foru zerbitzuen deribazinoz. Argi eta garbi itxi dau, barriro be, “bertan ez dala kontsumorik egongo”.
IKUSKARITZAK EGOITZETAN ETA EGUNEKO ZENTROETAN
Beste alde batetik, batzordeak PSE-EE-k planteautako arauz besteko proposamena onartu dau, EAJ-PNV eta PP taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz, Aldundiak urtero, batzorde monografiko batean, Bizkaiko “Adinekoen Egoitzetan eta Eguneko Zentroetan egindako ikuskaritzen urteko Txostena” aurkeztu daian. Ekimenak, onartu ez dan EH Bilduren zuzenketa-eske bat eukan, dokumentu horretan, adinbakoei edo tratu txarrak jasandako emakumeei arreta eskintzen deutsieen beste zentro eta foru zerbitzu batzuen balantzea be sartzeko, baina PSE-EE eta EAJ-PNV taldeak zuzenketa-eske horren kontra agertu dira, araudiak “bereizketa argia egiten dauelako” Foru Administrazinoaren ikuskaritza jaso leikien eta erakunde horren kontrolpean dagozan zerbitzuen artean.
Batzorde horretan bertan, Gizarte Ekintzako diputatu andreak, PSE-EE-k eskatuta, bere sailak Adinekoen Egoitzetan eta Eguneko Zentroetan 2013an egindako ikuskaritzen datu nagusiak azaldu ditu. Ardanzak, foru erakundeak “ofizioz” egiten dituan eta “salaketen edo goiko aginduen ondorioz” egiten dituan ikuskaritzen arteko bereizketea egin dau.
Lehenengoen artean Bizkaiko Egoitza eta Eguneko Zentro guztiak dagoz. Foru Aldundiak “148” egoitza ikuskatu ditu guztira, eta araudiaren “9 arau hauste” hauteman ditu: 2 laguntza faltarengaitik, 1 mantentze faltarengaitik, 1 egoitzak beharginei prestakuntzea ez emoteagaitik, 1 arretarako protokolorik ez egoteagaitik eta 3 beharginakaz bilerarik ez egiteagaitik.
Aztertutako eguneko 48 zentroetan, igaz arau hauste bi aurkitu ziran, bat beharginen ratioa ez beteteagaitik eta beste bat beharginakaz bilerarik ez egiteagaitik. Datu horreek ikusita “ezin daiteke esan zentroetan arretarako oinarrizko baldintzak beteten ez diranik”, azpimarratu dau Ardanzak.
Beste batzuek eskatuta, Foru Aldundiak 7 egoitza ikuskatu ditu 2013an, baina ez dau eguneko zentro bakarra be ikuskatu. Espediente bi garbi geratu dira, eta beste bostetan “9 arau hauste” aurkitu dira: murrizte fisikoen erabilera sendagileak agindu barik (kasu batean), dieta desegokia (1), arreta pertsonalizatu faltea (3), zainketa faltea (1), larregizko okupazinoa (1), menu bikotxik ez egotea, beharrezkoa dan arren (1) eta beste zentro batera bideratutako laguntza publikoa (1).
Bere balantzean Ardanzak azpimarratu dauenez, Bizkaian, “beste urte batez”, ez da legez kanpoko zentrorik aurkitu, eta greba edo lanuzte egunetan, zentroetako erabiltzaileentzako “behar besteko” arreta mailea bermatu da.
Amaitzeko, diputatu andrea pozik agertu da, Bizkaian gertatzen diran salaketen “eragin txikia” dala eta “7 guztira, 12.000 plaza baino gehiago daukiezan ia 200 zentrotan”, eta ikuskapen lanaren garrantzia azpimarratu dau, “menpekotasuna daukien adinekoei arretea eskintzeko moduan aurrera egiteko eta hobetzeko” aukera emoten dauelako.