Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak "indartu" egingo ditu doping-aren kontrako kontrolak idi probetan

Comisión de Agricultura y Medio Ambiente

Bilbon, 2014ko urriaren 23an.

Irene Pardo Nekazaritzako foru diputatu andreak, hemendik aurrera bere sailak, idi probetan egiten diran doping-aren kontrako kontrolak “indartu” egingo dituala jakinarazo dau Batzar Nagusietako Nekazaritzako Batzordean.

Aldundiko arduraduna gaur goizean agertu da Bizkaiko kamaran, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) eskatuta, abuztuan Erandion izandako idi probetan idi bi hiltearen inguruko gertakarien barri emoteko eta gertakari horrek animalien jaubearentzat izango dituan ondorioak azaltzeko, egin beharreko nekropsia egin ostean, idiak “anfetaminakaz dopauta egozala” frogatu eta gero.

Pardok Batzarretako taldeei jakinarazo deutse Aldundiak hasi beharreko zehapen espedientea hasi dauela, indarrean dagoan legediaren kontrako gertakariak diralako. Animalien jaubeari “3 arau hauste ezarten jakoz, horreetako bi oso larriak”. Lehenengoarengaitik, idiei anfetaminak emoteagaitik, “animalia bakotxarengaitik 15.000 euro arteko isuna” ezarten jako. “Laguntzea ez emoteagaitik” beste “1.500 euroko” isuna jarten jako. Horrez gain, bere abeltzaintza ustiapena aldi baterako ixteko “kautelazko” neurria be hartu da, eta abagune horreek guztiak Herri Kiroletako Bizkaiko eta Euskadiko federazinoei jakinarazo jakez, kirol araudiagaz “bat etorriz” jokatu daien.

Animaliaren ongizatea Aldundiarentzat “interes berezia” daukan eremua dala kontuan izanda, Nekazaritzako sailak “aitatutako kontrol programagaz aurrera jarraitzeko eta ahal dan neurrian indartzeko asmoa dauka”, esan dau Pardok. Gertakari “negargarri” horreek saihestu ahal izateko eta kirol jardunbide horretan doping-a desagertuarazotea lortzeko indarrean jarriko diran neurri “garrantzitsuenen” artean, Aldundiko arduradunak honeek azpimarratu ditu: Herri Kiroletako Bizkaiko federazinoagaz alkarlanean aritzea, kontrolagaz erlazionautako programea hobetzeko eta animalien ongizatearen arloan prestakuntzea eskintzeko; kontrol programea indartzea, “1997tik, milioi erdi euro inguruko gastua eskatu daben ia 900 kontrol egin,” eta “Bizkaian 60 zehapen espediente” zabaldu diran arren.

Horrez gain, Aldundiak indartu egingo dau autortutako laborategiakaz daukan lankidetzea, debekautako gaien kontrako borrokan aurrera egin ahal izateko. Doping-aren kontrako kontrolak “ez dira merkeak, baina lehentasuna dira, eta holan jarraituko dabe hemendik aurrera be”, ziurtatu dau Pardok.

Animalien heriotzaren aurrean atsekabea azaldu ostean, Batzarretako talde guztiek salatu egin dabe idi probetan eta bestelakoetan egiten dan doping-a, eta horreen jatorria kirol apustuetan eta kirol diziplina horrek mobiduten dauen diruan dagoala esan dabe. “Tentazinoa hor dago”, esan dau Arturo Aldecoak (PP), eta adierazo dauenez, isunak “konpentsau” egin daitekez apustu horreetatik sortutako irabaziakaz. “Inpunidade sentsazinoa dago”, gehitu dau EH Bilduko Asier Vegak, eta “gardentasun eta kontrol gehiago” eskatu dau, eta baita zigorrak gaur egungoak baino handiagoak izatea be.

EAJ-PNV taldearen eretxiz, doping kasu horreek “gure herri kiroletako baten irudia kaltetzen dabe”. “Penagarria da pertsona batzuk diruaren truke hori egiteko gai izatea”, esan dau Zuriñe Argatxak, penauta. Halanda be, “errealidade nagusia ez dala hori” uste dau, PP-ko ordezkariak defendidutakoaren kontra, haren ustez “beharbada hautematen dana baino doping gehiago egon daitekelako”. Batzordekide jeltzalearen eretxiz, Erandioko kasuak, kontrolak badagozala, eta administrazinoen artean modu koordinauan jarduten dala erakusten dau.


ORKATZ BATEN HERIOTZEA ARRIGORRIAGAKO HILERRIAN

Horrez gain, Pardok, PSE-EE taldearen eskariari erantzunez, kontrolautako batidaren bitartez Arrigorriagako hilerrian, maiatzaren bukaeran, gertatutako orkatz baten heriotzea azaldu dau. Animalien eskubideen aldeko hainbat alkartek gertakari hori salatu eben, “leku publikoan su armak” erabilteagaitik.

Foru diputatu andreak adierazo dauenez, animalia Base Gorriko teknikariek hil eben, egoera balorau ostean, eta legetasunaren barruan. Kontuan izan behar da Foru arautegiak ehiza nagusiko espezie hori kontroletako neurriak baimentzen dituala “nekazaritzan, abeltzaintzan edo basoetan kalteak gertatzen diranean”, urteko edozein garaitan.

Pardok azaldu dauenez, animalia Arrigorriagako hilerrian egoan, urten ezinda. Hilerriaren sarrerako atea AP-68 autopistatik “100 metro baino gitxiagotara” dago, eta animaliak estres sintomak eukazan, gau osoa nekropolian igaro ostean, bertatik urten ezinda. Aukera “bideragarriena” animalia hiltea izan zan, foru teknikariek animaliaren egoerea ikusi ostean, eta autopistako gidarientzat arriskua sortu eikeala kontuan izanda.


EZ DA ONARTU BASO AUTOKTONOEN ATLAS KARTOGRAFIKOA EGITEKO PROPOSAMENA

Batzordeak ez dau onartu PP taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamena. Proposamen horretan eskaerea egiten zan, Batzar Nagusiek agindua emon deioen Foru Aldundiari “urte birik behin, baso masa autoktonoen egoerari buruzko inbentarioa eta atlas kartografikoa egin eta kaleratu daian”, Bizkaiko udalerrietan “bertan behera ixte, mozketa eta desagerpen egoerak” saihesteko.

Sozialistek zuzenketa-eske bat aurkeztu dabe, popularren ekimenean bigarren puntu bat sartzeko, baso masa autoktono horreetan “sortzapen gunea” ezarteko eskatuz, “Bertako arbolen hedapena ez kaltetzeko”. PP taldearen ekimena, zuzenketa-eskea sartu eta gero, ez da onartu, kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta EH Bildu) eta aldeko 4 (PP eta PSE-EE) jaso ditualako.

EAJ-PNV eta EH Bilduko ordezkarien eretxiz ekimen hori ez da “bideragarria”, urte birik behin zuhaitz autoktonoen inbentarioa eguneratzearen kostua kontuan izanda. Horretarako, basoetako guardak “behar hori baino ezin izango leukie egin”, esan dau EH Bilduko Asier Vegak. Batzarretako talde biek adierazo dabe badagoala Eusko Jaurlaritzak Administrazino zentralagaz batera egiten dauen basoei buruzko inbentarioa, eta inbentario hori bost urtez behin barriztetan dala.