Aurreko Albisteak

Burdinolen ibilbidea barria izango da aurten Enkarterrietako Museoaren XX. urteurrena dala-ta

Bolunburu

Zallako Bolunburu burdinola

Abellanedan, 2014ko urriaren 21ean

Datorren domekarako, urriaren 26rako, Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “Burdinolen ibilaldiaren VI. Edizinoa” antolatu dabe. Museoa zabaldu zanetik 20 urte beteten diranean, antolatzaileek ibilbide barria prestatu dabe oraingoan, aurreko urteetan egindako osatzeko. Kultur ibilbide horrek leku urbanoak eta urbanoak ez diranak buztartuko ditu eta Cadagua ibaian zehar dagoan garai eta estilo ezbardintako ondarea ikusteko balioko dau.

Ibilaldia goizeko 9:00etan hasiko da Sodupeko La Conchita enparantzan. 25,5 kilometro izango dira guztira, eta jan-edateko leku bi prestatu dira, bata Zallako Bolunburu parkean (izen bereko burdinola ikusgarriaren ondoan) eta bestea Balmasedako udaletxean. Ibilbidea amaitutakoan, aukera egongo da autobusez joateko helmugatik (Enkarterrietako Museotik) urteera izan dan lekuraino (Soduperaino).

Enkarterriko ibai eta errekarik gehienetan egon ziran burdinolak, baina Cadagua ibaian egon ziran gehien-gehienak. Ibilbideak ez dauka ia-ia aldatzik eta eskualdeko burdina landu zan lekuetatik zehar joango da. Burdinolon artetik, oraindik orain aztarnak ikusi leitekez Zallako Bolunburukoak, aisialdirako parketzat egokitutako lekuan, eta La Mellako burdinolaren aztarna nabarmenak (ubidea eta presea). Bigarren hori be Zallan dago eta orain mende bat zentral hidroelektriko bihurtu zan. Eta azkenik, Baldasedako La Minbrera burdinola be ikusteko aukerea egongo da.

Baina burdina lantzeko leku horreez ganera, beste leku interesgarri batzuk be bisitatuko dira. Ibilbidean zehar baserri eta torretxez jositako toki apartak igaroko dira (Gueñesen Bolibar, Anieto, Errekalde, Aperzibite, Santxosolo edo Barretaguren; Zallan Aretxaga, Ibarra, Bolunburu edo La Herrera-ijalde) eta horreek buztartu egingo dira toki urbanoagoak eta industrializatuak diran beste batzukaz: Sodupe auzoa bera (Gueñes), Zallako erdigunea (Mimetiz) edo Aranguren auzoa (Zalla).

Inskripzinoa doan da eta gehienez be 500 pertsona onartuko dira. Izen-emotea Enkarterrietako Museoaren webgunean dagoan esteka sakatuta egin leiteke edo 946504488 zein 946104815 telefonoetara deituta.