Batzar Nagusiek Aldundiko goi karguen kalte-ordainak kentzea eztabaidatuko dabe batzorde batean
Gaur goizean Gerediagako Batzarretxean egin dan osoko bilkurak aho batez onartu dau beste batzorde baterako eztabaidea deitzea, 4/89 Foru Araua aldatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Soziedade Publikoetako eta zuzenbide pribatuko Erakunde Publikoetako goi karguentzat, euren karguak ixten dituenean aurreikusten diran kalte-ordainen gaia lantzeko. Batzarretako talde guztiak bat etorri dira esatean orain 25 urte onartutako arau hori ez datorrela bat gaur eguneko errealidadeagaz, eta kalte-ordainak kentzearen alde agertu dira.
Bizkaiko Talde Popularrak (PP) proponidu dauen arauzko aldaketea, gizarteak politikariei eskatzen deutsezan “erregenerazino demokratikorako neurrien” barruan sartzen da. Holan, Esther Martínezek, talde popularrak Batzarretan daukan bozeroaleak, eskaerea egin dau, jarduerea ixteagaitik dagozan kalte-ordainak kentzea be eztabaida horretan sartu daiten. Kalte-ordain horreek hilebeteko soldatea aurreikusten dabe euren kargua itxi eta kargu publikoa edo pribadua hartzen daben karguentzat, edo, bestela, soldataren %40, hiru hilebete eta urtebete arteko epealdian, kargua itxi ostean langabezia egoeran geratu ezkero. EH Bildu be kargua itxi osteko ordainketa horreek kentzearen alde agertu da, talde horren ustez “pribilegioa” diralako, baina kritikau egin dau proposamena aurkeztu dauen taldearen jarrerea, “agintzen dauen lekuetan” ordainketa horreekaz jarraitzen dauelako.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak be gai hori jagokon batzordean eztabaidatzearen alde agertu dira, baina modu “konstruktiboan” egitea eskatu dabe, “demagogietan sartu barik”, eta ordainketa horreek, herritarrei “azaldu behar jaken” testuinguruan jarri zirala martxan kontuan izanda, esan dau Iñaki Egaña PSE-EE-ko bozeroaleak.
Osoko Bilkurak, Lurraldeko Foru erakundeen Aukeraketari, Antolakuntzari, Araubideari eta Funtzionamentuari buruzko 3/87 Foru Arauaren aldaketarako eztabaidea be onartu dau, EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz eta PP-ren abstentzinoagaz, bosgarren xedapen gehigarriaren idazketa barria sartu ahal izateko. Gai horri buruzko aldaketea aurkeztu dauen EH Bildu taldeak eskatu dauenez, behartu egin behar da Aldundia, Ahaldun nagusiaren, foru diputatuen eta goi karguen “bizi eta istripu arriskuak estaltzeko asegurua”, “Aldundiko beharginek daukiezan baldintza berberakaz” kontratau daian.
Koalizino abertzalearen eretxiz, gaur eguneko araudiak “bizi osorako pentsinoa” ezarten dau Foru Gobernuko kide horreek euren karguak betetan dituen bitartean “ezinduta” geratu ezkero. Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak argitaratu dituan datuek erakusten dabenez, Aldundiak urtero “1.800 euro” gastetan ditu goi kargu bakotxarengaitik, eta behargin batengaitik, barriz, “364 euro” ordaintzen ditu. Neurriaren helburua “ez da inor prestazino barik ixtea”, kargak “bateratzea” baino.
“Ia 30 urte igaro dira” lan kontingentziak moduko ez ohiko egoerea erreguletan dauen araua onartu zanetik, eta “logikoa emoten dau” hori egokitu behar izatea, esan dau Jon Larrea jeltzaleak. EAJ-PNV taldeko batzordekidea, Araua aldatzeko orduan ahalik eta adostasun handiena lortzearen alde agertu da, “demagogiak baztertuz”. Iñaki Egañak (PSE-EE) be bat egin dau ideia horregaz, eta esan dau proposamen horrek “interes alderdikoiak izan daikezala”, foru hauteskundeetarako sei hilebete baino ez direlako falta.
BULTZADEA ENPLEGUA SORTZEARI
Talde Popularrak arauz besteko proposamen bat eroan dau Batzar Nagusietako osoko bilkurara, Aldundiak bere enplegu planak ebaluau daizan, “hilebeteko epean” plan horreen eraginkortasunari buruzko txosten bat emoteko Batzar Nagusiei. EH Bildu eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz eta EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz, popularrek aurrera atera dabe euren ekimena. Ekimen horretan eskaerea egiten jako Eusko Jaurlaritzari, Urkulluren gobernuak “Lanbide sortu zanean ezarri ziran helburuak bete daizan, lan bitartekaritzan arrakastaren bat lortuko daben enplegu politika eraginkorrak martxan jarriz”.
Proposamena aurkeztu dauen taldeak onartu dauen PSE-EE taldearen gehikuntzako zuzenketa-eske baten bitartez, testuak beste puntu bat be jaso dau, Bizkaiko Udalei euren udalerrien egoera sozio-ekonomikoaren egoera zehatza eskatuz eskaria bialdu daian eskatzeko Aldundiari, “enplegu programak une honetan bizi dogun errealidadera egokitu ahal izateko”.
Euzko Abertzaleak taldea abstenidu egin da, balantze hori une honetan indarrean dagoan ekitaldiaren amaieran egitea gura ebalako, eta onartutako ekimenetik Lanbideri buruzko aitamena kendu gura izan dauelako, hori Eusko Legebiltzarrari jagokon gaia dalako. Horregaz erlazionauta, PP-k onartu ez dituan hainbat zuzenketa-eske aurkeztu ditu.
Martínezek (PP), Ekonomiaren Sustapenerako sailak enplegu planetako asko oso-osorik gauzatu ez izanaren inguruan sartu dau bere ekimena. Beste batzuen artean autonomoei laguntzeko programea aitatu dau. 2013an, plan horren burutzapena “%49,25ekoa” baino ez zan izan.
Alexia Castelo PSE-EE-ko batzordekideak bere taldeak aurkeztu dauen zuzenketa-eskea azaltzeko orduan, udalerrien egoerari buruzko “erradiografia zehatza” lortzeko eta programa “bereziak” eta ez “hain orokorrak” ezarteko ahalegina dala esan dau, Bizkaiko eskualdeetan enplegua sortu ahal izateko, “leku bakotxeko errealidadera eta beharretara egokitzeko” asmoagaz.
EAJ-PNV-k Aldundia defendidu dau, enplegua bultzatzen dauen lurralde mailako exekutibo bakarra izan dala esanez. Amaya del Campo batzordekideak adierazo dauenez, José Luis Bilbaok zuzentzen dauen Aldundiak, 2014. urtean bakarrik, “20,5 milioi euro” bideratu ditu gai horretarako. Esan dauenez, Bizkaian dagozan “94.458” langabetuak “gure ardura eta eginbehar nagusia dira”, eta Eustatek emondako azken datuak azpimarratu ditu. Datu horreek erakusten dabenez, Bizkaia da langabezia gehien jatsi zan lurraldea.
BULTZADEA KONPOSTAJEARI
Osoko Bilkurak EH Bilduren mozino bat onartu dau, Aldundiak “neurri eraginkorragoak” hartu daizan hondakin organikoen kudeaketan. Mozino horretan eskaerea egiten jako Bizkaiko Aldundiari, beste gauza batzuen artean, hondakin horreen batuketea handitzera bideratutako esperientzia pilotuak bultzatu daizan, bosgarren edukiontziaren presentzia zabaldu daian eta landa guneetan eta familia bakarreko etxebizitzak dagozan lekuetan auto-konpostajea sustetako eta bultzatzeko neurri gehiago eskini daizan. Talde abertzalearen proposamenak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoa jaso dau, eta PP abstenidu egin da.
Asier Vega EH Bilduko batzarkideak, hondakin organikoen birziklapen ratioak hobetzeko interes hori defendidu dau, hondakin organikoak etxeetako hondakinen “%40” diralako. “Hobekuntza handiak behar doguz”, hondakin horreen birziklapen datuak hobetzeko. Isaac Fernándezek geroago adierazo dauenez, une honetan aprobetxetan danaren ehunekoa “%0,58koa” da, Europar Batasunak 2016. urterako ezarri dauen helburua %4koa dan arren.
EAJ-PNV-ren eretxiz, Aldundiak aurrera daroan jarduketa ildoa bat dator onartu dan proposamenagaz. Udalerrietan 5. edukiontzia jartearen aldeko apustuak, eskualde mailako instalazino berriak egiteko planteamentuak, edukiontzi marroian sukaldean erabilitako hondakinak jasotzeak eta 2015. urtean hondakin horreen etorkizunari buruz aurkeztuko dan azterlanak, argi eta garbi erakusten dabe Foru erakundea, TMB-ra, Zabalgarbira edo hondakindegietara heltzen dan hondakin organiko kopurua murrizteko egiten ari dan esfortzua.
PP abstenidu egin da, eta adierazo dau hondakin organikoak konpostajerako erabilteari jagokonez, beharrezkoa dala “kalidade handikoa” izatea eta hori lortzearen eta banatzearen kostua “arrazoizkoa” izatea, eta, horrez gain, horretarako eskaerak egotea. “Ezin da konposta egin gero hondakindegi batera botateko”, esan dau Arturo Aldecoak, produktu horren benetako eskaerea ezagutzeko aurre azterlan bat egitearen alde agertu aurretik. “Goi mailako konposta lortu ahal bada be, arazoa, konpost horri gero ze urtenbide emongo jakon izango da” esan dau.
SINBOLOEN ERABILEREA BESTE BATZUEN ALDETIK
Bizkaiko Batzarrek, PP-ren proposamenari jarraituta, 9/2012 Foru Araua aldatzea onartu dabe, une honetan indarrean dagozanen aurreko toki erakundeen izenen, armarrien edo banderen ganean beste batzuek egiten daben erabilerea babestu ahal izateko, erabilera hori, jagokon erakundearen beren beregiko baimenaren bitartez baino egin ahal izan ez daiten.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak proposamenaren alde agertu badira be, talde horreek adierazo dabe arauzko aldaketa hori zorrotz zainduko dabela, ez daiten “enblema frankistak blindetako” erabili. Hori izan da EH Bilduk proposamenaren kontra agertzeko azaldu dauen errazoia, ez daukala inolako zehaztasunik. “Kontua ez da sinboloak erabili ahal izatea edo ez, bakotxak gura dauen moduan ez daitezala erabili zaintzea baino”, argitu dau Aldecoak (PP).
ARAUZKO FORU DEKRETUAK
Osoko Bilkurak onartu egin ditu, Batzarretako talde guztien aldeko botoagaz, abstenidu egin dan EH Bildurenagaz izan ezik, Jose María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak aurkeztu dituan Foru Dekretu bi. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren akordioaren ostean, ekainaren 27ko 2/2014 AFD-ak 2013ko otsaileko aurreko beste dekretu bat ordezkatu eban, Estaduak onartu ebazan zerga barriak Bizkaian apliketako: Joko Jardueren ganeko Zergea, Energiagaz erlazionautako Zergak eta Negutegi Efektuko Gas Fluoratuen gaineko Zergea, beste batzuen artean.
Ganera, Osoko Bilkurak, 3/2014 AFD-an sartzen dan arauzko beste aldaketa bat berretsi dau. Aldaketa horrek, Kreditu Erakundeetako Gordailuen ganeko Zergeari buruzko 9/2014 Foru Araua aldatzen dau, gordailuen zerga tipoa batez be, zero tipotik %0,03 tipora pasetan dalako.
INTERPELAZINOAK ETA ITAUNAK
Saioaren azken partea, Foru Gobernuko taldeak batzarretako taldeek egindako interpelazinoei eta itaunei erantzuteko gorde da. Atal horretan, PP-k egindako galderei erantzunez, Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, Aldundiak Hormigones Cavia enpresari berreskuratutako lurrak aitatu ditu, metro karratu bakotxa garai haretako 57.096,15 euro ordainduz, bere egunean enpresa horrek 19.000 metro karratuko orubearengaitik ordaindu eban prezio bera. Iruarrizagak baieztu dauenez, Urtuellako Udalak “ez deusku ezer eskatu”, udalerrian dagozan eta “urbanizau ezin daitekezan” lur horreen erabilerari jagokonez.
Popularrek itauna egin deutsie Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreari, Ibaizabal itsasadarraren alde bien arteko bide komunikazinoak etorkizunean hobetzeko Aldundiak aurrera eroan behar dauen politikari buruz eta, zehatzago esanez, une honetan itsasadarra gainditzeko dagoan ahalmen handiko alternatiba bakarrean, Errontegiko zubian, “trafikoa arintzera” bideratutako bide proiekturen baten alde egingo dauen ala ez azaldu daian.
Garamendik adierazo dauenez, egoerea hobetzeko jarduketa bi egin beharko litzatekez: “gurutzaketa barria” Itsasadarraren gainean, “eta Avanzadakoaren alternatiboa izango litzateken ibilpidea edo igarobide osagarria eskumalderako”.
Lehenengo jarduketari jagokonez, Garamendik adierazo dau Lamiakoko ardatza dala “trafikoa arintzeko orduan eragin esanguratsua izan daikeana”, eta “itsasadarraren alde baten eta bestearen arteko joan-etorriak barriro orekatzeko” balioko leukela. Horrek, “beste aukera batzuk baztertzera bultzatzen gaitu”. Une honetan, aukera hori “alternatiben azterketa fasean” dago, LSP-aren berrikuspenaren barruan.
Bigarren jarduketari jagokonez, Lurralde Sektore Plan horren barruan, Aldundia hainbat trazau alternatibo ari da aztertzen, “Unibersidadea eta Loiu arteko tarteko zatiagaz osatuz Bolue-Unibersidadea zatia eta aireportuaren mendebaldeko sarbidea batuko leukezan” igarobide barria eregi ahal izateko.
PP-ren galderei erantzunez, Garamendik, sareak instaleteari buruz egin dau berba, gidariak babesteko, BI-3234 errepideko 43,8 kilometro puntuan eta Bl-625 errepideko 375,2 kilometro puntuan dagozan ezpondetako lurretenen aurrean. Bere sailak 412 ezpondari buruz egindako inbentarioan adierazoten danez, bi puntu horreek arrisku maila “txikia” erakusten dabe, eta sare horreen instalazinoa “epe ertainera eta luzera” gomendatzen da. Hori dala eta, nahikoa da une honetan esleipena daukien enpresek egiten dituen prebentzinorako mantentze lanakaz, hau da, mozketak eta lurra garbitzea.
FORU ZERBITZUAK EUSKERAZ
EH Bildu taldeak, bere aldetik, euskerak Aldundian bizi dauen egoerea ezagutu gura izan dau. Iosune Ariztondo Kulturako diputatu andreak ez dau euskeraren erabilereak Foru Administrazinoan zein ehuneko hartzen dauen aitatu gura izan. “Ezin deutsut ehuneko bat emon”. Aldundiak ahalegina egiten dau “egunero”, bere zerbitzuak euskeraz eskiniko dirala bermatzeko. Adierazo dauenez, beharginen “%63ak” jagokon hizkuntz eskakizuna gaindituta dauka, eskatzen danaren “20 puntu ganetik”, eta foru erakundeek euren euskera planak dituela martxan.
EH Bildu taldeak, Aldundiak, Agiantzak kudeatutako etxerik bako personentzako etxebizitzen egoerea argitu daian egindako itaunari erantzunez, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzarako diputatu andreak adierazo dau bere sailak ez daukala langile kopurua murrizteko edo egoitzak ixteko inolako asmorik. Drogamenpekotasunean dagozan personakaz behar egiten dauen alkarte horri jagokonez, Ardanzak adierazo dau, etxebizitza horreetako lan baldintzei buruzko batzordeak irailaren 18ko datagaz egin eban txostenak erakusten dauenez, beharginen ratioen betete mailea “egokia” dala eta, hori dala eta “ez dagoala inolako ez beteterik”. Gero, EH Bilduko Irune Sotok, diputatu andreak esandakoa guzurtau dau, erabiltzaileek jasoten daben tratua “errespetu bakoa” dala dakiela esanez. Diputatuak guzurtau egin dau Agiantzaren zentroak ixtera doazanik. “Etxebizitza bat guztiz okupauta dago, eta besteak urte bukaeran guztiz okupauta egongo dira”, iragarri dau.
KONTRATAZINORAKO JARRAIBIDEAK
Koalizino abertzaleak itaunak egin deutsaz Foru Aldundiari, bere esku dagozan herri lanetan egindako jarraipenari jagokonez, Aldundiaren kontratazino prozeduretan lan baldintzei eta gizarte izaerako neurriei eusteko erespideak ezarten dituan instrukzinoa bete daiten. Unai Rementeria Aldundiko bozeroaleak adierazo dau Gobernuaren Ordezkariak helegitea aurkeztu dauela instrukzino horren aurrean, baina, halanda be, “kontratu mota guztietan apliketan dala, aurretik egin diranetan eta une honetan egiten diranetan”. Rementeriak adierazo dauenez, Aldundiak txosten bat egingo dau, eta txosten hori Batzar Nagusietara bialduko da “bere unean”.
AHALDUN NAGUSIAREN ERANTZUNA
José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak berretsi egin dau Foru Aldundiak Justizia epaitegien aurrean salatu dituala “zigor legez kontrakoa egon izanaren susmoak biztu dituen eta Aldundiak ezagutu dituan gertakari guztiak, behar besteko froga elementuak egon diranean”. Holan ziurtatu dau PP-k egindako galderaren aurrean. Galdera horretan, PP-k eskaerea egin deutso, bere kargua bete dauan bitartean “ustez delituzkoak diran jarrerak” Justiziaren aurrean salatu behar dituan ala ez argitu daian.
Esther Martínez PP-ko bozeroaleak egindako itaunari erantzunez, Bilbaok ziurtatu egin dau Aldundiak, delituzkoak izan daitekezan 150 kasu baino gehiago salatu dituala justizia epaitegien aurrean, eta horreen artean herri Ogasunaren kontrako delituak, kapital zuritzeak eta ondasunen ostentzeak egon dirala, beste batzuen artean. “Bizitzaren gorabeherak dirala eta, badagoz ezagutzen dozuzan gauzak, eta horreen artean, etikaren ikuspegitik oso zuzenak ez diranak, baina delitu be ez diranak dagoz. Gauza asko ikusi doguz”, adierazo dau Bilbaok, eta gogoratu dau Foru Aldundiak epaitegien aurrean aurkezteko hartzen dituan erabagiak gobernu kontseiluak berresten dituela.
"Gúrtelak, Bárcenasak... horreek zuen mundukoak dira, eta horrelakoetan oso ondo moldatzen zarie. Eta gu be munduan holan ibilten garala uste dozue, baina gu ez gara holan ibilten munduan”, aurpegiratu deutso Bilbaok PP-ko bozeroaleari. Esther Martínezek esan dau Bilbaoren jarrereak “El Padrino filmaren bertsino zekena” emoten dauela, eta “erantzunak” eskatu deutsaz, osoko azken bilkuran “gu danon gainean susmoaren gerizpea zabaltzen ahalegindu zalako”, “susmopean” dagoana bera dala esanez.
DURANGALDEKO ALKATEAK
Gaur goizean Gerediagako Batzarretxean, antxina Durangoko Merinaldeko Batzarrak batzen ziran lekuan, egin dan osoko bilkurako konbidatuen artean Ana Otadui Elorrioko alkatea eta Iñaki Totorikaguena Iurretako udalburua egon dira.