Batzar Nagusiek babesa eskatu dabe Bizkaiko meatzaldeko paisajerako eta Galeako gotorlekurako
Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aho bateko laguntzea aurkitu dau Bizkaiko “meatzaldeko paisajea” eta Galeako itsasargia eta gotorlekua babesteko eskaria eginez aurkeztu dituan bi proposamenetan. Azken horren kasuan, popularrek babesa “preminaz” egitea eskatu dabe, “70eko hamarkadatik bertan behera itxita dagoan” moltso arkitektonikoaren artapen egoera txarra dala eta.
Holan, Batzarretako taldeak ados jarri dira gaur Kultura eta Euskerako Batzordean, Galeako (Getxo) itsasargia eta gotorlekua “preminaz” kultur intereseko ondasun izendatzeko espedientea zabaldu daian eskatzeko Eusko Jaurlaritzari, euren artapen egoera “penagarria” kontuan izanda. Arturo Aldecoaren (PP) eretxiz, adierazpen hori ez dago kontrajarrita Eusko Jaurlaritzak “defentsako elementu garaikideei” buruz egin behar dauen azterlanagaz. Horreen artean egongo litzateke Bizkaiko Golkora begiratzen dauen gotorlekua.
Modu berean, PP taldeak talde guztien aldeko eretxia aurkitu dau, Trapaga, Abanto eta Zierbena, Zierbena, Urtuella, Muskiz, Barakaldo, Alonsotegi, Gueñes, Galdames eta Sopuertako udalerrietako eremuek osatutako Bizkaiko Meatzaldeko Paisajea “Monumentu Multzo” izendatzeko.
DONE JAKUE BIDEA BIZKAIAN
Bizkaiko Batzar Nagusietako talde guztiek bat egin dabe, 2015eko lehenengo seihilekoan, Done Jakue bidea Bizkaian berreskuratzeko urtebetez haraindiko Osotasunezko Plana atondu eta aurkeztu daian eskatzeko Foru Aldundiari, parte hartu gura daben udalen, beste administrazinoen eta erakunde pribaduen eta publikoen parte hartzea ahalbideratuz. Ekimena aurkeztu dauen Aldecoa popularrak defendidu dauen ideia, datozan sei urteetan gure lurraldetik doan bide hori berreskuratzea da, Bizkaian daukazan adar guztietan, trazaua, zorua, pasabideak eta igarobideak egokituz eta erromesei laguntza eskintzeko azpiegiturez horniduz, barnealdeko ibilpideak daukan maila bera euki daian.
ZUGAZTIETAKO ATERPETXEKO KIROL-KANTXAREN ERABILEREA
Saioa, EH Bildu taldeak Trapagako Zugaztieta auzoan dagoan eta Aldundiarena dan aterpetxeko kirol-kantxari buruz aurkeztu dauen arauz besteko proposamenagaz hasi da. Proposamen horri, ia gauza bera defendiduten eban PP taldearen beste ekimen bat gehitu jako: Trapagako auzo horretako biztanleek kirol-kantxa hori erabili ahal izatea. Ekimen biek aurrera egin dabe, kontrako botorik jaso barik.
Biztanleen artean kirol instalazinoaren erabilerea bultzatzeko, neguko arratsaldeetan batez be, EH Bilduk eskaerea egin deutso Aldundiari, kantxaren argiztapen artifiziala bermatuko daben neurriak bideratu daizan, hori “barrutik” baino ezin dalako kontrolau. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) be bat egin dau eskari horregaz, baina bere ekimenaren bitartez. Ekimen horretan, aterpetxea itxita, eta inor barik dagoanean, argien kostuaz eta kontrolaz Trapagako Udala arduratzea eskatzen da.
AZKEN TEKNOLOGIEN ERABILPENA
Batzordeak aho batez onartu dau PP-k aurkeztutako arauz besteko proposamena, Aldundiari “kamera multiespektralak” erabiltea bultzatu daiala eskatzeko, “gaur egun ikustezinak” diran antxinako margoak erregistretako eta dokumentetako, kobazuloetan, arkeologia aztarnategietan, eleizetan eta eraikinetan. EAJ-PNV-ko Ana Esther Furundarena batzordekideak, Foru Aldundiko Kultur Ondare Zerbitzuko teknikariak “aspalditik” ari dirala teknika horreek erabilten jakinarazo deutso PP-ri. “2007an eta 2008an daborduko erabili ziran Santimamiñeko kobazuloetan”, gogoratu dau.
PROPOSAMEN BAZTERTUA
Beste alde batetik, popularrek azkenean baztertu egin dabe Aldundiari Meatzalde Goikoa Kultur Elkarteari Trapagako Zugaztietan dagozan foru lurretan “eskulturen parkea” kudeatzeko emondako baimena ez barrizteko eskaera eginez aurkeztu behar eben arauz besteko proposamena, Jon Sánchez EAJ-PNV-ko ordezkariak “denpora apur bat gehiago” eskatu ostean, Aldundiak urtenbidea aurkitu daian, “hainbat hilebetetan” negozietan ibili eta gero aldeen artean “akordio eta adostasun zabala dagoalako”.