Garamendik, bere sailak aurrekontuaren %73,2 dagoaneko gauzatu dauela jakinarazo dau Batzar Nagusien aurrean
Itziar Garamendi, Herri Lan eta Garraioetako foru diputatua, PP taldeak eskatuta agertu da gaur batzordearen aurrean, bere sailaren aurrekontuen egiterapen egoeraren barri emoteko eta une honetan Lurraldeko hainbat puntutan egiten ari diran errepideetako lan batzuen gaur egungo egoerari buruzko informazinoa eskintzeko. 2014ko aurrekontuen barruan dagozan partiden egiterapenari jagokonez, “irailaren 15eko datagaz”, aurrekontuetan jasotakoaren “%73,2” eginda dagoala adierazo dau Aldundiko arduradunak, eta 289 milioi eurotara heltzen dan gastua baimendu dala. Kopuru hori kontuan izanda, ehunekoa %94,03ra igongo litzateke.
AMOREBIETA-MUXIKA
Beste alde batetik, Amorebieta-Muxika ardatz-errepideko eta ahalmen handiko Gerediaga-Elorrio errepideko lanen egoeraren barri be emon dau Garamendik. Lehenengoari jagokonez, “2014ko abuztuaren amaieran, obren nondik norakoa indarrean dagoan aurrekontuaren %46tik gorakoa” zala adierazo dau. Azpimarratu dauenez, obren egoerea, “bere azken fasean dagoan edozein bide azpiegituretan ohikoa dana” da, eta “leku guztietan” ari dira lanean, trazauaren hasieratik (AP-8 eta N-634 errepideen arteko lotunea), Muxikan egiten ari dan BI-635 errepideagaz bat egiten dan lekuraino. Epeei jagokenez, “modu errazoituanbeteten ari dirala” baieztu dau diputatu andreak.
Aire zabalean egiten ari diran lanei jagokenez, bardintze lanak azken fasean dagozala jakinarazo dau Garamendik, eta “udazkeneko eta neguko eguraldiak horretarako aukerea emoten badau”, burutzapen lan horreek 2015eko udabarrian amaitzea aurreikusten dala. Urdinbideko tunelei jagokenez (538 metroko hodi bi), hodi bietan aurrerapeneko faseko %79a eta destroza faseko %58a hondeatuta dago”. Aurreikuspenen arabera, galeriak bukatuta egongo dira datorren urteko “udabarrian edo udan”.
Bizkaiko Batzarretako Herri Lan eta Garraioetako batzordearen aurrean Garamendik jakinarazo dauenez, 3,5 kilometro dituan Amorebieta-Muxika ardatz horrek aldaketa bi izan ditu haserako proiektuagaz alderatuta: 2013an jasandako eguraldi txarraren ondorioz gune askotako laneko plana egokitu behar izan zala “kontratuaren epean edo burutzapeneko epean eraginik izan barik”; eta bestea, lanen prezioa “%7,08” garestitzea eragin dauena, errotonda barri bat egin dala Karmen kaletik Zornotzara, Amorebietara, sartzeko eta aurreikusita egoan beste errotonda bat zabaldu dala.
GEREDIAGA-ELORRIO
Gerediaga-Elorrio errepideari jagokonez, udan “ia puntu guztietan egin dala lan” adierazo dau diputatu andreak, eta Atxondon eta Elorrion azken faseko lanak “egun gitxi barru hasiko dirala”. Garamendik obra hau be “zatikako epeak eta amaierakoak betetan ari dala” esan dau. Bere aurreikuspenak kontuan izanda, N-636 errepidearen alternatibea izango dan ahalmen handiko errepide hori “2016ko udan” egon daiteke zerbitzua emoten, tuneletan (guztira kilometro biko luzera daukien hodi bi) egin beharreko segurtasuneko probak egin ostean, foru araudiak marketan dauen moduan.
ABEE-UTE-aren esfortzuaren parte handia hondeaketa lanetan zentretan da, eta aldi berean “6 frontetan beharrean dabil”. “Aurrerapen fasearen %77 hondeatu da”, hau da, “594 metro dituan I. tunelaren %98a” eta “1.140 metro dituan II. tunelaren %65a”.
Tunel horreetan gauez egiten diran leherketetarako baimenak argitzeko eskatuz PP eta EH Bildu taldeek egindako galderei erantzunez, Garamendik adierazo dau ABEE-UTE-ak esleipeneko pleguetan jarten dana bete dauela gai horri jagokonez. Bertan esaten da ezin dala leherketarik egin 00:00etatik 08:00etara tunel bakotxaren ahoen lehenengo 100 metroetan. Gune horretatik aparte enpresak hondeaketarako teknika hori erabili ahal dau, baina diputatu andreak jakinarazo dauenez, ABEE-UTE-a eta Abadiñoko udala “ahozko” akordiora heldu dira, neurri hori “300 metrotaraino” zabaldu daiten, gaueko hamabietatik goizaldeko seiak arte, Gaztelua auzoko biztanleen aldetik jasotako kexak kontuan izanda.
SEINALE BERTIKALAK TXIRRINDULARIEK GEHIEN ERABILTEN DITUEN ERREPIDEETAN
Beste alde batetik, batzordeak aho batez onartu dau PP taldeak aurkeztu dauen eta EAJ-PNV-ren zuzenketa-eskea jaso dauen Arauz Besteko Proposamena. Proposamen horren bitartez, Batzar Nagusiek eskaera egiten deutsie Aldundiari, txirrindulariek “gehien erabilten dituen” foru errepideetan seinaleak jarteko hartu beharreko neurriak hartu daizan. Hasera batean, PP-ren proposamena Bilbo-Karrantza zatian –Bl-3651, Bl-3602 eta Bl-630 errepideetan– zentretan zan, eskualde horretako txirrindularien alkarteek egindako eskaria jasoz. PP taldeak jeltzaleen zuzenketa-eskea onartu ostean, asteburuetan txirrindulariek erabilten dituen foru sareko ibilpide “guztietara” zabaldu da, eta ez bakarrik aitatutako udalerri bien artean dagozan zatietara.
Itziar Garamendi foru diputatu andreak eta Nerea Ahedo EAJ-PNV-ko ordezkariak ganerako taldeen aurrean jakinarazo dabenez, Aldundia badabil txirrindulariek gehien erabilten dituen errepideetan seinale “bertikalak” instaletan. Holan, 2014. urtean lehentasuna emongo jako seinale horreek “1. gunean” jarteari. “Seinale horreek ikusi daitekez daborduko N-634 errepideko Erletxe-Zaldibar zatian eta N-640 errepideko Lemoa-Zeanuri tartean”, Ahedok baieztu dauenez. Diputatu andreak esan dauenez, 2015. urterako seinale horreek Lurraldeko bide sareko 2. eta 3. guneetara zabalduko dira. EAJ-PNV taldearen zuzenketa-eskea onartzeko, Jesús Isasi batzordekide popularrak, Karrantzako eskualdea sartzen dan 3. guneari lehentasuna emotea eskatu dau.