Jose Luis Bilbaok ez dala barriro Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko aurkeztuko adierazo dau Gernikan
Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, ez dala Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko EAJ-PNV taldearen hautagaia barriro izango iragarri dau gaur goizean, kargu horretan hamabi urte egin eta gero. Bilbaok, Gernikako Batzarretxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien aurreko bere Adierazpen Publikoan iragarri dau hori.
Bizkaiko Foru Aldundiaren arduradun nagusi gisa bere hirugarren legealdia amaitzear dagoan José Luis Bilbaok bere ondare egoeraren barri be emon dau, kargua “politikari zintzo gisa ixten dauela erakusteko, burua goian eta boltsikoak kristalezkoak izanik”, eta “kontzientzia nasai daukala” doala adierazo dau.
Iragarpena bere bigarren parte hartzean egin dau, azken hamabi hilebeteetako Aldundiaren kudeaketea eta datozan hilebeteetan aurrera eroan beharreko gobernu ekintzak aztertu ostean. Une horretan, batzarkidez, konbidatuz eta komunikabidez betetako hemizikloaren aurrean, Bizkaiko politikaren “lehenengo lerroa” itxi egin behar dauela adierazo dau, Foru Aldundiaren buruan hamabi urte egin eta gero. Aurrean daukan etorkizunari buruz berba egiteko hartu dauen tartean, Bilbaok, berak zuzendu dituan hiru foru gobernuen kide guztiak aitatu ditu, banan-banan.
BILBAOK “BAZTERKETA BARIK” LUZATU DEUTSE ESKUA BATZARRETAKO TALDE GUZTIEI, AURREKONTUAK ONARTZEKO, ETA “GAUR EGUN EZ GAGOZALA ZERGAK JAISTEKO” ESAN DAU.
Bere lehenengo esku-hartzean, lurraldeko gobernuko arduradun nagusiak, Aldundiak azken hamabi hilebeteetan aurrera eroandako kudeaketea eta ekitaldi hau amaitzeko falta dana “2014. urte hau bukatzeko eginbeharrez beteta dagpam hiruhilekoa” aztertu ditu. Ordubete eta hogei minutu iraun dituan hitzaldiaren ardatzak egoera ekonomikoan zentrau dira, eta esan dau egoerea 2013. urtekoa baino “hobea” dala, baina “ez dala nahikoa” enpleguaren hazkunde garrantzitsua eragiteko, eta bere legealdia amaitu arte sail bakoitzean aurreikusita dagozan proiektuen, arauen eta dekretuen barri emon dau.
Bere lehenengo esku hartzearen bukaeratik hasita, epe laburreko “lehentasunen” artean, urrian egingo dan Finantzen Euskal Kontseiluaren bilerea aitatu dau Bilbaok. Bertan, 2014. ekitaldiaren itxierea eta “aurrekontuak bideratzen lagunduko dauen” 2015. ekitaldirako aurreikuspen formala egin beharko dira. Bizkaiko kontuak aurrera atera ahal izateko, Ahaldun Nagusiak negoziazino prozesu zabala eta zintzoa zabaltzearen alde agertu da, “bazterketarik bako” akordioa lortzeko. “Gure eskua zabalik dago halan gura daben guztientzat”, esan dau.
Negoziazino horreen barruan, Bilbaok baztertu egin dau epe laburrean zergak jaisterik, horrek “murrizketak” eragingo leukezalako, aurrekontuak be murriztu egingo litzatekezalako. Joan dan urtean PSE-EE eta PP taldeakaz itundutako “Tributuen erreformaren benetako efektuak ebaluetako” marjina ixtearen alde agertu da.
Bilbaok adierazo dauenez, legealdi honetan falta dana “ekintzaz betetako hiruhilekoa” izango da. Denpora tarte horretan aurrera eroan beharreko jarduketa “garrantzitsuenen” artean, beharginei atxitutako 2012ko ez ohiko ordainketea “ordaintzeko” asmoa eta 2014ko erosteko gaitasunaren galerea berreskuratzea dagoz.
Gizarte ekintzaren arloan, Aldundiak, etxebizitza sarea eta Durangon, Gueñesen eta Mungian urritasunen bat daukien pertsonentzat dagozan zentroetan plaza kopurua zabaltzeko asmoa dauka. Ganera, Bilbon dagoan pertsona nagusientzako Zorrotzako egoitzaren lanak be hasi gura dira, eta Etxebarrin Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako Zentro barria zabaldu gura da.
Errepideei jagokenez, 3 milioi euro bideratuko dira Urberuaga eta Berriatua arteko errepidearen ia 2 km hobetzeko, eta Durangon dagoan Tabirako biribilgunea, Bilbon dagoan Santo Domingoko igarobidea eta Zallako Otxaran auzoko espaloi barriak esleituko dira.
Ekonomiaren sustapenaren arloan, Bilbaok adierazo dauenez, 8 milioi euroko inbertsinoa eukiko dauen Gernikako Elkartegia eregiteko lanak hasiko dira, eta Aeronautika sektorerako Fabrikazino Aurreratu Zentroa be martxan jarriko da. Eusko Jaurlaritzagaz batera, 9 milioi euro inbertituko dira azken proiektu horretan. Bere gobernuak enpresaren arloan aurrera eroan behar dauen eginbeharraren helburu nagusien artean “Edesa enpresea barriro zabaltzea bultzatzea dago, beharginen eskutik, industria plan serio eta trinkoagaz”.
Enpleguari jagokonez, hurrengo erronka nagusietakoa Enpleguaren Ez Ohiko Funtsa zabaltzea izango da, 3 milioi euroko inbertsinoa eginez, 1.000 lanpostu sortzeko. Ganera, eskualde mailako hiru enplegu plan barri jarriko dira martxan,
Bilbon, Busturialdean eta Ezkerraldean. Eta kulturaren arloan, orain denpora gitxi barriztau dan Bermeoko Arrantzale Museoa zabaltzea eta New Yorkeko Guggenheim museoagaz sinatutako lankidetzarako hitzarmenaren barriztapena azpimarratu ditu.
Ingurumenaren arloan, Bilbaok “Bizkaiko Bio-aniztasun Estrategiaren” onespena iragarri dau, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren, Abanto-Zierbenako Udalaren eta Euskadiko Meatzaritzako Museoko Fundazinoaren artean, Meatzaldean Ingurumen eta Kultura Parkea martxan jarteko sinatu dan hitzarmena be aitatu dau. Azken proiektu horren lehenengo faseak 1.800.000 euroko kostua eukiko dau.
Bilbaok adierazo dauenez, datozan hilebeteetan Bizkaiarentzat “oso garrantzi handia” izango daben aldaketak egongo dira, Euskadiko Udal Legea, adibidez, eta argi itxi gura izan dau bere eretxiz ez dala preminazkoa une honetan luzatuta dagoan Ekarpenen Lege barria egitea, bere ustez “normaltasuna eta egonkortasuna ohikoak diralako erakundearen eguneroko jardunean”. Azkenean beti lortu doguz akordioak, baina “gaur egun” hori “nahiko gatx” ikusten dau, “diru-bilketari zein ekarpenei jagokezan kopuruek eta koefizienteek erakusten daben eszenatokian Gipuzkoak eta Arabak euren koefiziente horizontala jatsi gura dabelako, Bizkairen, bertako Aldundiaren eta Udalen kaltetan”.
Ekarpenen Lege barriaren negoziazinoaren aurrean, Bilbaok adierazo dau, kontuan izan beharreko gauza bakarra ez dala diru-bilketaren ratio hutsa. Kontuan hartu beharko da, baita be, Bizkaia “diru gehien batzen dauena” (diru-bilketa garbiaren “%52,93”), “behartsuena” eta “esfortzu fiskal handiena eta per capita BPG-PIB txikiena daukana” dala.
Atal berezia eskini deutso Bizkaiak garraio publikoaren alde egiten dauen esfortzuari. Azpimarratu dauenez, Bizkaiko lurraldea da bere aurrekontuetatik trenbideko garraiora dirua bideratu dauen “bakarra”. “Gaur egunera arte, Bizkaiko Foru Aldundiak 918,9 milioi euro bideratu ditu horretara”.
Maniobratarako dagoan tartea “oso txikia” dan arren, Ahaldun Nagusiak, BGP-CTB erakundea Bizkaiko Garraioaren Agintaritza Bakar bilakatzearen alde agertu da, Eusko Legebiltzarrak, BGP-CTB sortzeko “konstituzino aurreko” Legea bertan behera ixteko Legea onartu eta gero. Ganera, bere ustez, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Bilboko Metroaren finantzazinoa eta kudeaketa eredua bermatu behar ditue etorkizunari begira.
Bilbao zoriontsu agertu da hainbat koloretako alderdien eta administrazinoen artean lortutako erakundeen arteko lankidetzarengaitik. Holan, Luxenburgoko Epaimahaiak ezarritako 30 milioi euroko isuna ordaintzeko lortutako akordioa azpimarratu dau, eta baita Bilbao Ría 2000 erakundearen barruan lortutako “balio handiko” lankidetzea be. Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien Erakundeen arteko Planari jagokonez, “oso-osorik normaltasunez eta diligentziaz ari dala gauzatzen” esan dau.
OPOSIZINOAREN KRITIKAK
Batzarretako PP taldeko bozeroaleak, Esther Martínezek, zabaldu dau Batzarretako taldeen txandea, Bilbaoren hitzaldia “hauteskundeei begirakoa”, “hutsa” eta “lore apaingarriz” betetakoa iruditu jakola adierazoz. Bere esku-hartzean esan dauenez, “zalantza gehien sortzen dauena”, Bilbaok “ez dauela lurra ikutu” emoten dauela da, eta “gizartearen ikuspegitik oso gogorrak izan diran hiru urteetan” errealidadea ez dauela kontuan hartu.
Bere kritikaren barruan, langabeziak Bizkaian dituan zifrak eroan ditu Batzarren aurrera. Legealdiaren lehenengo urtean langabezia “%13,3koa” zan, eta gaur egun, barriz, “%16,26koa”. Azkenengo urtean langabezia murriztu egin dan arren, murrizketa hori Estaduko ganerako lekuetan izandako murrizketaren “erdia” dala aurpegiratu deutso Bilbaori.
Martínezek esan dau ez dala joera aldaketarik ikusten datu horreetan eta jarduera ekonomikoari buruzkoetan. Legealdi honetan, industriaren sektorean bakarrik “hilero 200 pertsona inguruk galdu dabe beharra”. Estaduko beste leku batzuekaz alderatuz, Bizkaiak afiliau gehiago ditu Gizarte Segurantzan “%0,58 gehiago”, baina Estaduko ganerako lekuetako “%2 gehiagotik urrun”.
PP taldeak Batzarretan daukan bozeroaleak uste dau ahaldun nagusiak “ia ikutu be ez dituala egin” enplegu planak. “Ez dogu plan horreen betete mailari buruz berbarik entzuten”. 2013. urtean bakarrik, Autonomoen Planaren “%49” baino ez da gauzatu, eta horrek “panorama negargarria” erakusten dau. Martinezen ustez, Bilbaoren gobernuaren kudeaketaren “akatsik larriena”, partida horreek ez gauzatzeak “erabateko ezgaitasuna” erakusten dauela da.
Bilbaogaz bat etorri da, 2015. urtea “itxaropentsuagoa” dala esatean, baina ez dau uste Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketari esker danik. “Askoz hobeto egon gaitekez”. “Bizkaiari oso ondo joako Euskadiri ondo joakonean, eta Euskadiri Espainiari ondo joakonean”, adierazo dau.
Bere parte hartzean, Martinezek, Supersur errepideak edo BEC-ek kudeaketan eragin daben “zamea” gogoratu dau. Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrari jagokonez, ordezkari popularrak “horren erabilerea handitzeko planak” eskatu ditu, bertako joan etorriak ez diralako hasieran aurreikusitakoaren “%50era heltzen”. Errepideen gaiari jagokonez, “amaitu barik dagozan” erradialak, Ekialdeko saihesbidea, Santo Domingoko bikoizketa lanak, Lutxanako zubia eta Lamiakoko azpi-flubiala gogoratu ditu.
Martínezek konbidapena egin deutso Bilbaori, “txipa aldatu daian”, “herritarrek eskatzen deuskuezan” akordioak posible egiteko. Holan, norabide berean aurrera egitea eskatu deutso, eta horretarako “lankidetza leiala” eskini deutso. Horrez gain, “autokritika apur bat” be eskatu deutso, “akatsak konpontzeko”, gaur egungo eredu instituzionalak ondo funtzionetan dauela esanez “batzuek goitik behera aldatzeko ahaleginak egiten dituen arren”. “Ezin da Kontzertu Ekonomikoa zalantzan jarri” esaten dau, eta hori, “ereduak funtzionetan dauela baina aldatu behar dala esateagaz guztiz kontrajarrita dago”, PP-ko bozeroalearen eretxiz.
Joan dan urtean EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen artean lortutako hitzarmen fiskalari jagokonez, Martínez hori aldatzearen alde agertu da. “Orain urtebeteko erreforma aitatzea norberaren barruan ixtea da”, esan deutso Ahaldun Nagusiari. Diru-bilketaren eboluzino positiboa –abuztua ixtean joan dan urtekoa baino %4,6 hobea izan da, Bilbaoren berbetan– eta adierazle ekonomikoen bilakaerea ikusita, errazoiak dagoz “nahikoa dala dinoen, zergen bitartez egin daben esfortzu hori itzultzeko ordua dala”, esaten daben herritarrei kasu egiteko. “Diru-bilketak gora egiten badau, zergaitik jarraitu behar dogu herritarrak estutzen?” galdetu deutso. Martínezen ustez, “bideragarria eta komenigarria” da Errentaren gaineko Zergea jeistea eta Soziedadeen Zergea aldatzea enplegua sortzen dabenentzat.
PP taldeko batzarkideak Bizkaibusen egindako kudeaketa “narrasa” gogoratu dau. Beharginak mobilizau egin behar izan ziran, akordioak bete eiezan eskatzeko. Eta ez dau ahaztu “20 milioi euro” kostau zan eta gaur egun bere abonauen “%75” galdu dauen golf zelai publikoa.
Amaitzeko, une honetako “1.000 milioiko” zorra kritikau da, eta baita “30 milioi euro itxi leikezan” Eurokopea moduko ekitaldia zalantzak jartea be.
MIKEL TORRES, BOZEROALE SOZIALISTEA
Bilbaoren hitzaldia “auto-konplazientea eta inongo autokritika bakoa” izan dala esan ostean, gaur sozialisten bozeroale izan dan Mikel Torresek bere hitzaldia aldatu dau, “akordioz” eta “proposamenez” berba egiteko.
Beste ezer baino lehen, bere taldeak egin dauen oposizinoa “gauzak ondo egin ez diranean arduratsua izan dala” esan ostean, EAJ-PNV taldearen jarrerea kritikau dau Patxi López Eusko Jaurlaritzako Lehendakari zala, legealdi honen hasieran. PSE Gasteizko Jaurlaritzan egoala, “erru” guztia sozialistena zan. “Orain, Lehendakaria Urkullu danean, errudun bakarra abagune ekonomikoa da”.
Igaz lortutako hitzarmen fiskala “Bizkaiarentzat aurrerapausu garrantzitsua dala” esan dau. “Behi batzuek esne larregi eukiela ikusi da”, eta pozik agertu da, Ahaldun Nagusiak iragarri dauen diru-bilketa fiskalak gora egin dauelako.
Bilbaok eskini dauen urteko balantzeari jagokonez, langabeziaren indizeak azpimarratu ditu. “Ea bardin jarraitzen dogu, okerrago gagozala ez esatearren”. “Igazko arazo berberak daukaguz, baina urtebete zaharragoak”. Arlo horretan, administrazino “guztien” inplikazinoa eukiko dauen Enkarterrietarako plan berezia eskatu dau beren beregi, eskualde hori “lehen mailako industria hilerria” bilakatzen ari dalako, eta “Euskadiko per capita errenta bajuena” daukalako.
“Atzeraldi ekonomiko barri baten ateetan”, Torresek eskaerea egin deutso Aldundiari, “neurri ausartagoak eta eraginkorragoak hartu daizan, enplegua sortzeko, batez be”. Eskualde mailako planek ez dabela aurreikusitako emaitzarik emon kritikau dau.
Bere esku-hartzean zenbait “proposamen” egin ditu. Lehenengoa eta “lehentasunezkoa”: “enplegurako eta ekonomia bizi-barritzeko mahaia deitzea gizarteko agenteakaz batera”. “Lortu eizu akordio bat eta zatoz Batzar Nagusietara akordio hori azaltzera”, eskatu deutso, baina Bilbaok ezezkoa erantzun deutso “esfortzuak ez bikoizteko”.
Torresek “iruzur fiskal boltsa handia izaten jarraitzen dogula” be esan dau. “Zer edo zer ez dago ondo. Esfortzu fiskal berberagaz, Europako beste herrialde batzuek baino diru-sarrera gitxiago lortzen dogu”, eta, ondorioz, “zertxobait gehiago” egiteko konbidapena luzatu deutso. Arlo horri jagokonez, “iruzur fiskalaren kontrako burrukeari buruzko osoko bilkura berezia” egitea proponidu deutso, eta Euskadin iruzurraren kontrako burrukarako plan bakarra egitea. Preminazko neurri gisa, gaur sozialisten bozeroale izan danak “ikuskatzaile eta azpi-ikuskatzaile fiskal kopurua nabarmen handitzea” eskatu dau.
Torresek eskaerea egin deutso Bilbaori, “Udal Lege proiektuaren garapenaren bidean harririk jarri ez daian, Udalak atzeko aldean sentiduten garalako. Euskadiko erakundeen artean adinbakoak gara”, esan dau Portugaleteko alkateak. Bere hirugarren proposamena, gizarte zerbitzuetara esfortzu eta baliabide gehiago bideratu behar izanagaitik udalerrien proiektu estrategikoak “mobidu ezinik geratu ez daitezan” lortzeko laguntza ekonomiko programa izango litzateke.
Langabezia gehien dagoan udalerriei jagokenez, PSE-EE-k Udalkutxaren bitartez laguntza gehiago jasotzea proponidu dau. Gai horretan, bere taldeak “banaketarako indizeak aldatzea” proponiduko dau, udalerrien langabezia taseak pisu handiagoa izan daian.
Bere proposamenen artean, Torresek, Batzar Nagusietan udalen egoerari buruzko eztabaidea ezartea aitatu dau. Ekimen horretan udalek “ahotsa euki behar dabe” eta euren proposamenak entzun behar dira.
Euskadin enpresa publiko larregi dagoala be esan dau eta, ondorioz, neurriak hartu behar dirala “bikoiztasunak saihesteko eta baliabide publikoak hobetzeko”, “2,5 milioi biztanleko” herrialde batean.
Ganera, batzarkide sozialistaren ustetan, Mendekotasun Legearen barruan dagozan zerbitzuak “gero eta eskasagoak dira”. Hori dala eta, Bizkaiko egoitza propio eta hitzartutako “guztien” ikuskapena eskatuko dau, “bertan emoten dan tratuari buruzko kexa asko jasoten ari garalako”.
“Akatsen zerrendan”, Torresek BEC-en kudeaketea, etxebizitzari buruzko foru plana edo Bizkaibuseko gatazkak aitatu ditu.
BIZKAIA, ATZEKO FURGOIA, EH BILDUREN ERETXIZ
Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak, “bere Gobernuaren, bere politiken eta Ahaldun Nagusi beraren agortzea nabarmena dala” esan deutso Jose Luis Bilbaori eta, Bizkaiko Foru Aldundia “ez dala konponbideak emoteko gai” salatu ostean, Bizkaia “atzeko furgoian” dagoala esan dau. Sotok adierazo dauenez, egungo gizarte egoeran Aldundiaren politikak “atzeratuta” dagoz, eta Foru Aldundia “agortuta dago, eukiari eta formei jagokenez”.
Bere parte hartzean adierazo dauenez, Bizkaian “pertsonentzako ekonomia egin beharrean merkaduentzako ekonomia egitearen errudun da Bilbao”, eta haren eredua “epe laburreko helburuetara” mugatzen dala esan dau. Bere esanetan, Aldundiak handiagotu egiten ditu “gizartean dagozan desbardintasunak, eta ez dauka lidergorik ezta ikuspegi estrategikorik be”.
Horrez gain, “helbururik” eta “ikuspegi estrategikorik” ez daukien enplegu planak kritikau ditu. Horri jagokonez, lurraldeko egitura sozio-ekonomikoari ez “entzutea” aurpegiratu deutso, eta “milioika euro gastetea langabeziaren triskantzea edo ERE-en hazkundea geratzea lortu barik”.
Ganera, “eskumak eta PSE-k, elusio fiskalerako politiken bitartez gehien daukienei dirua parkatzeko” bultzatutako politika fiskalak salatu ditu.
Sotok adierazo dauenez, Ahaldun Nagusiak azalpenak emon beharko leukez enpresa txikien eta ertainen aurrean, Bizkaian enpresa handiek Soziedadeen Zergan batez beste %7ko tasea eta txikiek eta ertainek %17 eta 20 artekoa ordaintzearen errazoiak azaltzeko.
Bere ustez foru erakundean nagusi dan “gardentasun eta partaidetza falta izugarria” be kritikau dau. “Sari asko erakutsi arren, Aldundi eta Batzar Nagusi honeek herritarrengandik urrunen dagozanak dira, ez dago partaidetzarako biderik eta eztabaidak saihestu egiten dira. Bigarren indar politikoari ez jako erantzuten, ez jako mahaian egoten ixten”, esan dau Sotok. Horrez gain, legealdi honetan “eskumenak murriztu egin dirala” be gehitu dau.
Sotok salatu dauenez, Etxebizitzari buruzko Foru Plana “erabateko porrota izan da”. 18 hilebetetan 600 kaleratze gertatu dira Bizkaian, eta, ganera, “Bizkaian etxe barik dagozan pertsonak gero eta egoera larriagoan dagoz”. “Etxerik bako 1.100 pertsona Bilbon bakarrik, eta 270 kalean lo egiten, biziraupenerako kit-a eskuratzeko ia aukera barik”, gehitu dau.
Beste alde batetik, Bilbaok ixten dauen “oinordekotza” salatu dau, eta “haren gobernuek 2.200 milioi euroko zorra itxi dabela adierazo dau, inongo gizarte errentagarritasunik ez daukien azpiegitura hondagarrien ondorioz”. Ganera, foru arduradun nagusiari “kudeaketa publiko zuzena baztertzea” aurpegiratu deutso, “gure diruagaz, goi mailako karguen soldatak dituen gerenteak kontrol barik izendatzen diran soziedadeak sortzeko”.
"Agintean egon zaran legealdietan izaera publikoak izan dauen gero eta egoera larriagoak, zuk eta zure taldeek bultzatutako pribatizazino basatiak, kudeaketa publikoa baztertzea, zerbitzuen kalidadea okertzea eta beharginen lan baldintzak ez dira onargarriak”, esan dau. Salaketa horri, Bizkaibusen “zerbitzuak eta enplegua suntsitzea” gehitu deutso, “lanpostuak amortizetako 12 milioi jarri ostean”, “sobran” dagozalako.
Sotok galdetu dau ea zer itxaron daitekean “ekonomiaren garapenerako eta gizarte ekintza bultzatzeko tresna zan BBK-ren kontrol publikoaren eta sozialaren galerea bultzatzeko eta haren kontrola gura dan moduan aukeratutako 15 pertsonari emoteko prozesuaren buru dan Foru Gobernu baten aldetik”.
Gatazkaren ebazpenari jagokonez, Bilbao eta bere taldea “inmobilismoan geldik geratu dirala”, eta norabide horretan aurrera egiteko “inongo ekimenik” ez dabela egin esan dau. Proiektu sozioekonomiko eta gizarte eredu desbardinak defendiduten dituen arren, talde bien baseak “burujabetzarako desioak alkartzen dituala”. Bilbaori zein dan bere herrialde eredua galdetu ostean, Kataluniako agintariek “bidea” erakusten ari dirala adierazo dau.
EAJ-PNV-K BEHARREAN JARRAITUKO DAU, AKORDIOAK LORTZEKO
Lorea Bilbaok, EAJ-PNV taldeak Bizkaiko Batzar Nagusietan daukan bozeroaleak, bere alderdiak “akordioak lortzeko beharrean jarraitzeko” daukan asmoa errepikau dau barriro, aurrekontuakaz zein beste gai batzuekaz erlazionauta. Batzarkide jeltzaleak, azkenengo ikasturtea hasten ari dan legealdiaren balantzea aztertu dau, eta EAJ-PNV “aurrera doan herrialde baten seriotasun eta zorroztasun, berme eta konpromiso, etorkizun eta eredu bermea” izan dala esan dau.
EAJ-PNV taldeko bozeroaleak balioa emon deutse talde politiko “guztiakaz” lortu diran akordioei eta, 2012. eta 2013. urteetan aurrekontuak onartu ahal izateko PP taldeagaz eta 2014. urtean talde horregaz eta PSE-gaz lortutako akordioak azpimarratu ditu. Alderdi horreei bere eskerrona erakutsi deutse.
Horren ostean EH Bildu taldearengana zuzendu da, EAJ-PNV-k ez dauela “beti ezetz” esaten gogoratzeko. Koalizino abertzaleak eta talde jeltzaleak “ekimen pila bat” konpartitu dituela gogoratu dau.
PP taldeari be erantzun deutso, “aurrekontuetan egozan akordio guztiak” bete egin dirala esanez, eta ez ditu onartu PSE-k “ez dala ondo planifiketan” esanez egin dituan kritikak. “Akordioetarako mahai batean baino gehiagotan ikusi zaitut eta ez dozu inoiz ezer esan”, adierazo deutso Mikel Torres bozeroale sozialistari.
Fiskaltasunari jagokonez, EAJ-PNV, PSE eta PP taldeen akordioari esker aurrera eroan ahal izan dan erreforma fiskala balorau dau, eta iruzurraren kontrako burrukari jagokonez, Ogasuneko diputatua berak eskatuta agertzen dala “beti” azpimarratu dau, datu horreei buruzko informazinoa emoteko, Torresek gai horri buruz eskatu dauen osoko bilkura monografikoa aitatuz.
Bilbaok “lehentasunezko” ardatz erradialen, Metroaren 3. linearen eta Bizkaibuseko lineen berregituraketa be defendidu ditu. Azken puntu horri jagokonez, “eskualde guztietan zerbitzuaren kalidadeari eutsi egin jakola esan dau, lantalde osoagaz jarraituz”.
Gizarte ekintzari jagokonez, Foru Aldundiak “lehentasunak markau dituala” azpimarratu dau, “benetan garrantzitsua danari arretea emoten jarraitzeko”, eta etorkizuneko belaunaldien gizarte zerbitzuen “iraunkortasuna bermatuko dauen akordio zabala” lortzearen alde agertu da, belaunaldi horreei “hipotekautako sistemea itxi beharrean”.
Bozeroale jeltzaleak adierazo dauenez, Aldundiaren ardura nagusia krisiari aurre egitea da, hori dalako “gure arazo nagusia”, eta ezin dala “enplegua sortzeko ezintasunari” buruz berba egin azpimarratu dau. Ikusten ari garana, “egin dana autortzeko oposizinoko taldeek daukien ezintasuna” dala esan dau.
"8.500 enplegu baino gehiago sortu dira, 4.000 enpresa eta mikro-enpresa barri, Aldundiak lagundutako 2.850 enpresa eta 5.092 saltoki”, azpimarratu dau.
Politikari jagokonez, PP-ri erabagiteko eskubidea ukatzea aurpegiratu deutso, eta galdetu deutso “nork hartu beharko beharko leuken erabagia Espainiako Gobernuak Europar Batasunetik urtetea gurako baleu”. “Leku batean sartzeko beharrezkoa da norberak gura izatea eta ateak zabaltzea, baina bertatik urtetako logikoena atea zabaltzea izango litzateke, eta ez bertan eustea derrigorrez, urtetan itxi barik”, amaitu dau.
MADARIAGAREN AGURRA
Osoko bilkurea amaitzean, Batzar Nagusietako presidenteak adierazo dau ez dala EAJ-PNV taldearen hautagaia izango Bizkaiko Batzar Nagusietarako presidente izateko hurrengo udal eta foru hauteskundeetan. “Batzarretako presidente moduan egiten dodan azkenengo Adierazpen Publikoa da”, esan dau hunkituta, sei ordu baino gehiago luzatu dan saioari amaiera emonez.