Agenda. Batzar Nagusia Gernikan, astelehenean, maiatzaren 12an
Bizkaiko batzar Nagusietako 51 batzarkideei deia egin jake datorren astelehenerako, maiatzaren 12rako, Gernikako Batzarretxean batu eta zenbait aztergairi buruz eztabaidatu eta ebatzi dagien. Gai-zerrendak Foru Dekretu Arauemaile bat, hiru Itaun, lau Arauz Besteko Proposamen eta Ahozko Erantzun-eske bat daukaz. Batzarreko lehenengo aztergaia izango da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua aldatzen duen martxoaren 18ko 1/2014 Foru Dekretu Arauemailea berresteari buruzkoa. Horren bitartez, Estatuko araudira egokitzen da zerga hori, Ekonomi Itunak agindutakoaren arabera. Estatuaren 2014. urterako Aurrekontu Orokorren Legeak eta 2014ko urtarrilaren 24ko 1/2014 Errege Lege Dekretuak (dekretu hori azpiegituren eta garraioaren arloko erreformari eta beste neurri ekonomiko batzuei buruzkoa da) zenbait barritasun ekarri dabez eta barritasun horreek Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-araudian be jaso behar dira.
Hurrengo aztergaia EH Bildu Taldeak Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatu jaunari zuzenduriko Itauna da, Diputatu jaunak Osoko Batzarrean argibideak emon eta azaldu dagian zeintzuk diran Bizkaiko Foru Aldundiak, azken urteetako turismoari loturiko datu negatiboak ikusita, bultzatu nahi dauen turismo ereduaren norabide eta ekinbide nagusiak. Koalizino abertzaleak jakin gura dau ea Bilbao-Bizkaia dan Aldundiak nazioarte mailan proiektatu nahi dauen irudia, ala herri oso bati loturik, “Basque Country” edo “Euskal Herria”, jokatu nahi dauen.
Koalizino abertzalearen hurrengo Itauna Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiari zuzendurik dago, Mario Fernández presidenteak Kutxabank-en pribatizazinorako nahien aurrean Bizkaiko Foru Aldundiak dauen jarrerea eta bultzatuko dituan ekimenak azaldu dagizan. Batzarkide-Talde horrek nahi dau hiru euskal kutxen fusinoaz sortutako entitateak izaera soziala eta kontrol publikoa mantentzea.
Bizkaiko Talde Popularrak (PP) beste Itaun bat aurkeztu deutso Ahaldun Nagusiari, hain zuzen be BECek 2016. urtean jarduera-orekea lortzearen inguruan, martxoan horixe iragarri eban-eta Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomi Garapeneko sailburuak. PPren aburuz, adierazpen horreek “sakondu egiten dabe oker beraren zuloan; berba asko eta oinarri gitxi”.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Arauz Besteko Proposamenetara joanda, horreetariko lehenengoaren bitartez EH Bilduk lortu gura dau finantza-erakundeek Bizkaian hutsik daukiezan etxebizitzak alokairuan atara dagiezala, bardin Eusko Jaurlaritzako Alokabide proiektuaren bitartez edo udalek abian dituen edo izan leikiezan beste programen bitartez. Proposamen horren bitartez be Eusko Jaurlaritzari zein Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen jake zehapenak jarri dagiezala etxebizitzak hutsik mantentzen dituen finantza erakundeen aurka.
Hurrengo Arauz Besteko Proposamenaren bitartez EH Bilduk behar beste boto lortu gura ditu Aldundiari eskatu dakion Gizarteratzeko laguntza bereziak arautzen dituan Foru Araua aldatzeko. Koalizino abertzaleak eskatzen dau, besteak beste, laguntzak jaso ahal izateko erroldaratze-aldia 30 hilekoa izan beharrean —gaur egun horixe da— sei hilebetekoa izatea edo Lanbiden enpleguaren eskatzaile gisa etenik gabe izena emonda egoteko betebeharra ezabatzea. Era berean, EH Bildu ez dago ados 12 hilebeteko zigorra jarteagaz betebeharrak bete ez dabezanei.
GAROÑA, BILBAO AIR eta A-8 AUTOPISTEA
2014. urteko laugarren Osoko Batzar horretarako be EAJk eta EH Bilduk Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dabe batera, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera be adierazo dagien Santa María de Garoñako Zentral Nuklearra betiko ixtea nahi dabela eta behin-betikotasunez eratsi daitela eskatzen dabela.
Bilbao Air sozietatea be hizpide izango da. EH Bilduk ekimen bat aurkeztu dau erakunde publiko hori betiko desegin daiten, aireportuen ganeko eskumenaren transferentzia lortzeko eta, era horretara, Euskal Autonomia Erkidegoak “modu eraginkorrean” garatu ahal dagian Estatutuan aurreikusitako eskumen hori.
Azkenik, Osokoaren amaiera aldera, ohikoa danez, ahozko erantzunen txandea etorriko da. PSE-EEk Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreari era horretako ekimen bat aurkeztu deutso, A-8 autopistearen kudeaketearen balantzea egin dagian. Sozialistek jakin gura dabe ea kontratua amaitu ete dan eta lana zelan egin dan.
ODOLA EMOTEA
Goiz osoan zehar odola atarateko Osakidetzako unidade mugikorra egongo da Batzarretxearen aurrekaldean, Osoko Batzarrera bertaratu daitezan guztiek —batzarkide, aldundikide, langile, konbidatu, kazetariek…— odola emon ahal izan dagien.