Aurreko Albisteak

REMENTERIAK ADIERAZO DAUENEZ, ALDUNDIAK COVID-19AREN KUDEAKETAN AURRERA DAROAN LANAREN "LEHENTASUN OSOA" ADINEKOAK DIRA

Bilbao

  • Bizkaiko Ahaldun Nagusia bide telematikoa erabilita agertu da gaur Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera, bere Gobernua koronabirusaren osasun arloko krisian egiten ari dan lana defendiduteko.

  • 157 persona hil dira orain arte Bizkaiko egoitzetan, eta beste 20 kasu susmagarri dagoz.

  • Oposizinoa bat etorri da pandemiaren aurrean erakutsi dauen “gardentasun faltarengaitik” Foru Gobernua kritiketako orduan, eta hildakoen ganeko eguneroko laburpenak eta Aldundiko sail bakotxaren lana baloretako saio monografikoak eskatu ditu.

  • Ana Otadui izan da Bizkaiko Batzarrek egin daben lehenengo batzorde telematikoaren burua eta bertan, Unai Rementeriaz eta José María Iruarrizaga, Sergio Murillo eta Teresa Laespada diputatuez gain, Batzarretako bost taldeetako bozeroaleek (Jon Andoni Atutxa, Bea Ilardia, Eneritz de Madariaga, Ekain Rico eta Amaya Fernández) “online” hartu dabe parte.

(Bilbon, 2020ko apirilaren 16an). Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera agertu da gaur, modu telematikoan egin dan lehenengo batzordean, koronabirusak eragin dauen osasun arloko krisian bere Gobernua egiten ari dan beharra Batzarretako taldeei azaltzeko. Rementeria bere Gobernuaren eta Aldundiko Sailen beharra defendiduten ahalegindu da. Behar horren lehentasuna Bizkaiko egoitzen egoerea da, oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP) kritikak aurkeztu dituen arren. Oposizinoko taldeek, krisiaren kudeaketan Aldundiak erakutsi dauen “gardentasun faltea” salatu dabe.

Hildakoak, horreen senideak eta lehenengo lerroan beharrean dagozan beharginak (osasun arlokoak, Aldundiko beharginak, boluntarioak…) gogoan izan ostean Rementeriak Aldundiko sailen jarduketarako ildoak azaldu ditu Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzorde telematikoan. Zezeilaren bukaeratik Bizkaiko egoitzetan egiten ari dan beharrean zentrau da, horreek diralako pandemiaren puntu larrienetakoak. Krisia hasi zanetik Aldundiak Eusko Jaurlaritzara eta Fiskaltzara bialdutako datuen azkenengo laburpenak erakusten dauenez, “157” dira Covid-19a dala eta egoitzetan egon diran hildakoak, eta beste “20” kasu susmagarri dagoz. Rementeriak baieztu dauenez, “247 profesionalek” bajea hartu dabe, positibo emon dabelako. “Covid-19aren hilkortasun mailea 80 eta 89 urte arteko biztanleen artean Euskadin %20,4koa dan bitartean, Bizkaiko egoitzetan %18,16koa da”. Rementeriaren eretxiz, datu horrek Bizkaiko egoitzak “kanpoan pasetan ari danaren isla zuzena dira”.

Aldundiko arduradun nagusiak adierazo dauenez, neurriak lehenengo unetik hartu ziran Lurraldeko adinekoen zentroetan. Zezeilaren 25ean egin zan krisiaren ganeko Aldundiko lehenengo bilerea, eta egun horretan hartu ziran lehenengo neurriak, “alarma-egoerea baino 17 egun lehenago, oraindino Bizkaian eta Euskadin kasu positiborik ez egoanean”, azpimarratu dau. Une horretatik aurrera, erabagiak “egunero” hartu dira.

Mundu mailako pandemiak aztarnea itzi dau Bizkaiko egoitzetan. “Lehenengo asteetan hogei egoitza inguruk baino ez eben horren eragina jaso, baina orain 39ra heldu gara, 10.748 personari arretea emoten deutseen 155 egoitzez osatutako sarean. Kutsatutako 824etatik, 418k, erdiak baino gehiagok, berrogeialdia gainditu dabe”. Rementeriak esan dauenez, Aldundiak “154 ikuskapen lan” egin ditu.

Denpora tarte horretan, Foru Aldundiak lantaldea indartu dau, laneko boltsea osatuz. “Atzora arte geriatriako 80 laguntzaile eta erizaintzako unibersidadeko 12 diplomau kontratau dira 22 egoitzatan”. Eta babeserako materialaren arloan, Rementeriak adierazo dauenez, gaur bertan hasiko da “beste 248.000 maskara kirurgikoren eta babeseko beste 7.120 maskararen, amantalen eta eskunarruen” banaketea.

Beste kontu batzuei jagokenez, Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, ez da emon indarkeria matxistaren “hazkunde berezirik” eta toki mailako trafikoa %74 murriztu da.

ADIERAZLE EKONOMIKOAK ETA TALKA PLANA

Aldundiak ekonomiaren arloan esku artean dituan adierazleak “kezkagarriak” dira. Langabezia “2010eko mailetara heldu da, krisi garaiko mailetara, hain zuzen be. 72.668 persona. 2019ko martian erregistrautakoak baino 5.373 persona gehiago, %7,98 gehiago. 10.000 ERTE espediente baino gehiago egozan martiaren bukaeran. Horreetatik %98 derrigorrezkoak ziran, eta 60.300 beharginengan eukien eragina. Euskal ekonomiaren ganean egindako lehenengo aurreikuspenak BPGa %3,6 jeitsiko dala erakusten dau. BPGaren %3,6ko jeitsiera horrek Bizkaiko diru-bilketan mila milioi gitxiago jasotea eragingo leuke. Eta Aldundiak eta Bizkaiko Udalek 300 milioi gitxiago eukitea ekarriko leuke. Aurreikuspenak baino ez dira, hilebete batzuetan jakingo dogu zein dan benetako eragina. Baliabide publikoen murrizketek osatutako agertokirako prestau beharko gara. Eta agertoki horrek oinarrizko gauza bat erakusten deusku: ezin deutsagu jarduera ekonomikoari jausten itzi. Osasuna eta ekonomia bateragarriak izan beharko dira”, esan dau Rementeriak, gogoetea eginez.

Agertoki horren aurrean, lehenengo neurri bat: Bizkaia berriro aktibetako preminazko plana, Foru Gobernua bukatzen ari dan eta 30 milioi euro mobilizetea aurreikusten dauen “Bizkaia aurrera!” plana. “Neurri gitxi, baina oso indartsuak” izango dira, urte bukaera arteko abiadurea arintzeko, “merkataritzari, ostalaritzari, turismoari, enpresari eta kulturari buru belarri laguntzeko”, zehaztu dau, “toki mailako kontsumoa eta inbertsino produktiboa bultzatzeko” helburuagaz.

OPOSIZINOAREN KRITIKAK

Ahaldun Nagusiaren azalpenak ez ditu oposizinoko taldeak konbentzidu, eta Foru Gobernuak krisi honetan erakutsi dauen “gardentasun faltea” eta azalpenak “berandu” emotea kritikau dabe. Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak, “informazinorako sarbidean oztopoak jartea” aurpegiratu deutse Foru Gobernua eusten daben alderdiei, “Sailez Sail” eskatu daben informazino guztia ezin daitekelako Ahaldun Nagusiaren agerraldi bakarraren bitartez emon. Ilardiak gogoratuazo dauenez, Bizkaian “datuak ezkutau egiten dira”, egoitzetan hildakoen kopurua, adibidez, “ez Araban eta Gipuzkoan pasetan dan moduan”. Rementeriak Aldundiaren burua defendidu dau, datuak Eusko Jaurlaritzari eta fiskaltzari “egunero” bialtzen jakezala esanez. Dana dala, ez dira hildakoen datuak kaleratzearen aldeko, “familien artean bildurra eta ardurea sortzen dabelako”.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, agerraldiaren formatua kritikau ostean, bere berbetan “demokraziaren eta Batzar Nagusien kontrakoa dalako”, Rementeria “titularrak saltzera” etorri dala esan dau. Aldundiak “egoitzetan, ekonomian eta egoera okerrenean dagozan personengan” izan dauen erantzun “hutsa” kritikau dau. Talde morearen bozeroaleak salatu dauenez, Aldundiak, “behargin, babeserako neurri eta osasun arloko baliabide gitxigaz” beharrean ari diran egoitzen egoeraren ganeko informazinoa “manipulau egiten dau”. Bukatzeko, kontrol eta ikuskapen zerbitzuak ez dauela bere beharra egin salatu dau. “Non dago?”.

Amaya Fernández Talde Bereziko (PP) bozeroaleak Ahaldun Nagusia kritikau dau, “mapatik desagertu dalako eta Bizkaiko gizartearen aurrean ez dauelako azalpenik emon”. Agerraldia “berandu heldu da”, eta komunikazino politikea “iluna” izan da denpora honetan guztian. Kudeaketari jagokonez, Fernándezen berbetan penagarria izan da Aldundiak nazinoarteko erakundeen aurreko oharrei “kasurik egin ez izana” eta neurriak prebisino falteagaz ezarri izana. Fernándezek egoitzen eguneroko egoeraren ganeko datu guztiak emoteko eskatu deutso Rementeriari, arlo horretan “erabateko gaitasun eza” erakutsi dauelako, prebentzinozko eta erreakzinozko neurrietan akatsak eginez, osasuneko materialaren faltan, hain zuzen be.

Foru Gobernua eusten daben Batzarretako taldeetako bozeroaleek Foru erakundearen beharra defendidu dabe, eta une honetan batasuna eta leialtasuna eskatu dabe, “batzeko unea dalako”. Jon Andoni Atutxak (EAJ) Aldundiaren beharra autortu dau, “ondo eta txarto egin diran gauzakaz”, ondorio ekonomiko “larriak” izango dituan “ez ohiko oso errealidade gogorrera” egokitzeko. “Ez dago jarraitu daiteken eskulibururik, eta Aldundiak errealismoagaz, umiltasunagaz eta behar askogaz jardun dau”, esan dau.

Ekain Ricok (PSE-EE) oposizinoari erantzun deutsonez, Aldundiaren gardentasunaren ganeko eztabaidea “hutsala” da, herritarren ardurea beste kontu batzuetan dagolako. Bere berbetan, lehentasunak “arlo sozialean” laguntzak ezartea izan behar dira, arlo ekonomikoa ahaztu barik. Erantzun “koordinaua” eskatu dau, krisi honetan “inor ez daiten baztertuta geratu”.

Parte hartu daben guztiek azpimarratu dabenez, koordinazino hori da krisi honetatik “alkarregaz” urtetako modurik onena. Holan, Ahaldun Nagusiak nabarmendu dauenez, “erakundeen arteko lankidetzea, lankidetza publiko-pribadua eta personen arteko lankidetzea” derrigorrezkoak izango dira. Oposizinoak, lankidetza hori alderdi politikoetara be zabaltzea eskatu dau.

Lotutako estekak: