Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK, MENDEKOTASUNA DAUKIEN PERSONEI LAGUNTZEKO FORMULA AITZINDARIAK IZANGO DITUAN ETXETIC IZENEKO EGUNEKO ZENTRO EREDU BARRIA AURKEZTU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

Gizarte Ekintza

  • Oposizinoak “positibo" ikusten dau eredua, baina ezagutuazoteko modua eta martxan jarteko epeak kritikau ditu.

(Bilbon, 2020ko zezeilaren 5ean).- EH Bildu taldeak eskatuta, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Etxetic izeneko eguneko zentro proiektu barria aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Proiektuak, mendekotasuneko egoeran dagozan personei eguneko zentroan lehendik be emoten jaken arretea (25 plaza) eta mendekotasuneko egoeran euren etxeetan dagozan persona gehiagori (751 persona) emongo jaken arretea uztartuko ditu. Persona horreek etxeko laguntzarako eta prebentzinorako teknologien bitartez monitorizauta egongo dira.

Gizarte Ekintzako batzordean Murillok Batzarretako taldeei azaldu deutsenez, proiektua barrikuntzaren erosketa publiko prozesuaren bitartez egingo da, aurretik, urtarrilaren 23tik zezeilaren 28ra merkaduan egingo dan kontsultaren ostean. Kontsulta horrek lehenengo etapetako bat bete eban joan dan astean, mendekotasuna daukien eta Bilboko Marcelino Oreja kalean dagon eta orain denpora gitxi barriztau dan Etxaniz zentrotik gertu dagozan personei zerbitzua emoteko teknologia emon daikien eta Aldundiaren proiektuan interesauta dagozan 69 eragile alkartuz.

Azaldu dauenez, Foru Aldundiaren asmoa, horren ostean “18 hilebeteko epea eta milioi bat euroko hasierako aurrekontua” daukan proiektu pilotua gauzatzea da. Helburua Foru egoitzaren etorkizuneko ereduaren entseguak egitea da, hainbat zerbitzu batuz. Alde batetik gaur egun dagozan eguneko zentroek emoten daben zerbitzua eta, bestetik –eta hori da barritasuna– zerbitzu horreek eguneko zentroetatik gertu, “hamar minutura”, bizi diran personei gerturatzea, etxeko laguntzarako eta prebentzinorako teknologiaren bitartez.

Ereduagaz asmau ezkero, Aldundiak Bizkaia osoan zabaltzea aurreikusten dau. Gaur egun, gradua autortuta eta mendekotasuna daukien “40.000 persona baino gehiago” dagoz, eta horreetatik “21.000 baino gehiagok” Familiako Inguruneko Zainketetarako Prestazino Ekonomikoa (FIZPE) jasoten dabe. Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrea hartu gura deutse zahartzearen erronkei, errealidade horri erantzungo deutsien formula barriak probatuz.

Orokorrean, Batzarretako taldeek ondo hartu dabe aurkeztutako eredua, baina EH Bilduk eta Podemosek kritikau egin dabe Bizkaiko Batzarrei baino lehenago beste eragile batzuei aurkeztu izana. “Ez da ona horren barri prentsatik jasotea”, esan dau Podemos Bizkaiako Héctor Fernández batzordekideak. Oposizinoak kritikau dauen beste puntuetako bat epeei jagokena izan da. EH Bilduk zalantzan jarri dau “hilebete bat nahikoa izatea” zentroa martxan jarteko beharko dan lehiaketa publikoa ixteko. Eduardo Andradek (Talde Berezia – PP) esan dauenez, zentroak plaza “gitxi” daukaz, eta datorren urtean martxan jarriko dan proiektua orain aurkeztea kritikau dau.

Egoitza publikoak eta inbertsinoko funtsak

Gizarte Ekintzako foru diputatuak EH Bilduren ahozko erantzun-eske biri erantzun behar izan deutse, Otxartagako egoitzea eta eguneko zentroa kudeetan dauen enpresea Inbertsino Funts batek erosi izanaren ganean. Arantza Urkaregiren (EH Bildu) eretxiz, “larria” da diru publikoz mantentzen dan foru egoitza baten kudeaketea Funts baten esku iztea, soziedade horreen helburu nagusia euren akziodunentzat “ahalik eta irabazi gehien lortzea” dalako, eta horrek “zerbitzuaren kalidadea kaltetu daikelako”. Enpresen irabaziei “muga bat” jartea eskatu dau.

Murillok “nasaitasunezko” mezua emon gura izan dau, eta zentroaren kudeaketea Aldundiak kontroletan dauela eta haren titulartasuna Azpiegiturak foru soziedadearena dala gogoratuazo dau. Soziedade horrek, 2007tik aldatu ez dan enpresa baten esku itzi eban zentroaren kudeaketea. Diputatuak esan dauenez, foru erakundeak “zorrotz” kontrolauko dau zentroaren jarduerea. “Adi egongo gara, kexarik egon ez daiten” esan dau, eta horren ostean adierazo dauenez, zentro horrek, beste edozeinek daukazan “kontrol, ikuskapen eta gainbegiraketa maila berberak” izango ditu. Kontrol horreek “zorrotzagoak” izango dira Zentroen Dekretu barria indarrean sartuko dan 2021etik aurrera.