Aldundiak eta Galdakaoko Udalak N-634 errepidean semaforo bitartez erregulautako igarobidea egingo dabe Bengoetxeko oinezkoentzako tunelaren ordez
Bengoetxeko oinezkoentzako tunelak alternatiba eukiko dau. Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako foru diputatuak Batzar Nagusien aurrean egindako agerraldian iragarri dauenez, Aldundia eta Galdakaoko Udala, une honetan oinezkoek N-634 errepidea kurutzetako erabilten daben “puntu baltz” horretarako “behin betiko” soluzinoaren diseinuan dagoz beharrean. Erakunde biak lur ganeko ibilpidea bilatzen ari dira, Ibaizabal kalean oinezkoentzako semaforo bidezko igarobidea egiteko, Sixta Barrenetxea kaleagaz dagoan bidekurutzearen parean, hori egin ostean lur azpiko tunela itxi ahal izateko.
PP taldeak Bizkaiko Batzarretako Herri Lan eta Garraioetako Batzordean egindako galderari erantzunez, Garamendik adierazo dau aukera hori aurrera eroan ahal izateko, teknikariak, Sixta Barrenetxea kaletik N-634 errepidera dagoan sarbidea baliobakotzeko eta trafikoa Aperribai Bidetik desbideratzeko aukerea aztertzen ari dirala, foru aldundiaren esku dagoan errepideagaz bat egiten dauan biribilguneraino, Norbegako lantegiaren ondora. Alternatiba hori “errazoizkoa da”, semaforoak hor dagozalako “eta posible dalako puntu horretan oinezkoentzako igarobide bat egitea”. Udala idazten ari dan eta, Garamendiren berbetan, “ahalik eta arinen” egingo dan proiektu teknikoan jarraipena emongo jake zerbitzuko bidea be kurutzatu behar daben oinezkoentzako ibilpideei.
SMS-A, BARIK TXARTELAGAZ OKER KOBRAUTAKOEN BARRI EMOTEKO
Saio berean, diputatuak barriro azaldu dau Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP-CTB), Barik txartela erabiltean egiten diran kobratze “okerrak” dirala eta aurkeztutako erreklamazinoei erantzuteko eta konponbidea emoteko aurrera eroaten dauen protokoloa. Otsailean beste agerraldi batean egin eban moduan, BGP-CTB-k oker kobrautakoaren itzulketea SMS bitartez jakinarazoten jakela erabiltzaileei adierazo dau, kasu bakotxa aztertu eta sistemak akatsa izan dauela egiaztau eta gero. Garamendik adierazo dauenez, kexa “guztiak” erantzuten dira, eta kasu positiboetan, zenbatekoa denpora tarte “laburrean” itzultzen da.
Aldundiko arduradunak gogoratu dau, baita be, denporagaz, arazo ekonomikoak dirala eta aurkeztutako kexek beherakada “azpimarragarria” izan dabela. Horrek erakusten dau Bizkaian ezarri dan sistemea “arrakastatsua” dala. Bere berbetan, BGP-CTB-tik Bariken erabiltzaileen erreklamazinoei erantzuteko ezarri dan protokoloa kasu “guztietan” ari da funtzionetan. EH Bildu taldeak zalantzan jarri dau hori, “urtebete baino gehiago” erantzunaren zain egon ostean erabiltzaile batek Bilbobusen erantzuna “atzo” jaso ebala adierazoz.
Horrez gain, Garamendiren agerraldia eskatu dauen EH Bildu taldeak salatu egin dau BGP-CTB-k “901” telefono zenbaki bat erabiltea “ukipen bako” txartelaren erabiltzaileen zalantzak eta kexak kudeatzeko. Hori dala eta, bat baino gehiago dira deitzen ez dabenak, deiaren kostuaren “erdia” ordaindu behar dabelako. Batzuetan, deitzeagaitik kobretan jaken dirua, erreklametan dana “baino gehiago” be izan daiteke, esan dau Aitor Torre Bilduko batzordekideak.
Beste alde batetik batzordean PP-k eskaerea egin deutso Aldundiari, Aldundiaren web-gunearen eukiak eguneratu daizan, Bizkaibusen “tituluei eta tarifei” jagoken atalean. Bertan adierazoten dan informazinoa “ez dago bape argi” –Jesús Isasi batzordekide popularraren eretxiz–, Bizkaiko Garraio Partzuergoak emoten dauen Barik txartelari jagokonez.
Garamendik adierazo dauenez, ukipen bako txartelari buruzko informazinoa beste lauki batean dago, eta PP-ko ordezkariari gogoratu deutso Barik txartela Bizkaibusen erabilera ordaintzeko modua izateaz gain, bertan beste garraio titulu batzuk be biltzen dirala, Creditrans, Gizatrans edo Hirukotrans, adibidez, eta, hori dala eta, titulu horreei buruzko informazinoak web-gunean jarraitu behar dauela.
AGERRALDIA EGINGO DA BIZKAIBUSEKO LIZITAZINOEI BURUZKO INFORMAZINOA EMOTEKO
Saio berean, EH Bilduk agerraldi eskaerea egin dau, Bizkaibusen “Jarraipen Batzordearen” bileren eukiei eta uri arteko lineen hurrengo lizitazinoei buruzko informazinoa emoteko. Aldundiaren esku dagozan lineak berrantolatzeko zabaldu dan lehiaketeari jagokonez, ez dagoala barrikuntzarik adierazo dau Garamendik. “Ez dago ezer esleituta” gogoratu dau, “uda aurretik” batzarretako taldeei lizitazino prozesuari buruzko informazinoa emon ahal izateko beharrean ari dirala gogoratu ostean.
Aldundiak eta Bizkaibusen ordezkaritzea daukien sindikatu guztiek (UGT, CC OO, ELA eta USO), LAB sindikatuak izan ezik, osatutako jarraipen batzordeari jagokonez, 2013ko urrian sortu zanetik hiru bider alkartu da, langileen subrogazinoagaz, lehiaketen egoereagaz, erakundeen arteko negoziazinoen garapenagaz eta Bizkaibuseko lineetan ezarri daitekezan hobekuntza posibleakaz erlazionautako gaiak lantzeko. Diputatuak iragarri dauenez, organo hori datorren maiatzaren 15ean alkartuko da barriro.