Aurreko Albisteak

Aldundiak "ordaindutako harrerea" planteau dau, adinbakoei eskaintzen jaken zerbitzua osatzeko

Batzordea

Bilbon, 2014ko apirilaren 7an.

Bizkaiko Foru Aldundia adinbakoei eskaintzen jaken arreta zerbitzuan politika barriak sartzeko aukerea aztertzen ari da. Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatuak Batzar Nagusietan gaur aurreratu dauenez, bere saila “ordaindutako harrerea” ezarteko alternatibea “planteetan ari da”, adinbakoen beharrei “askoz be hobeto” erantzun ahal izateko formula moduan. Eguneroko “jardunaren” ondorioz, foru erakundeak “esperientzia pilotuak” martxan jartea pentsau dau, adinbakoak familia ingurunean bizi daitezan, foru erakundeak beste mekanismo batzuen bitartez eskaintzen dituan umeentzako zerbitzuak osatuz. Zerbitzu horreen artean harrerako etxebizitzak edo zentro espezializauak dagoz.

Aldundiko arduradunak gaur goizean egin dau iragarpen hori, Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordean egin dauen agerraldian. Agerraldia, Batzarretako Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak eskatu dau, Barakaldon dagoan Murrietako adinbakoen zentroa eta GUFE-ren esku egozan Basauriko eta San Adriango etxebizitza bi itxi ostean. Ardanzak esan dauenez, hiru zentro horreek ixteko behin betiko erabagia joan dan apirilaren 2an egindako batzar batean hartu zan. Horrez gain, bertan Murrietako etxea bere jaubeari, Barakaldoko Udalari, itzultzea be erabagi zan.

PSE-EE taldeari emondako erantzunean, foru diputatuak Lasesarre auzoan dagoan zentroa ixteko errazoiak gogoratu ditu barriro. Ardanzaren berbetan, higiezinak ez ebazan adinbakoen zentro izateko beharrezkoak ziran baldintzak beteten. 2012ko uztailean onartutako Foru Dekretu batek agintzen dauenez, leku horreek gitxieneko irisgarritasun baldintzak bete behar ditue, oztopo arkitektoniko barik. Autortu dauenez, itxieran zerikusia izan dabe, baita, adinbakoentzako foru zerbitzuek eskari txikiagoa daukiela be, atzerriko adinbakoei arretea eskintzeko martxan jarritako zerbitzuen kasuan, batez be.

Ardanza datuetan oinarritu da. Bere berbetan, Bizkaian “adinbakoak” sartzen zirala ikusita, “une jakin batzuetan” Aldundiak “350” plaza bideratu behar izan ebazan adinbako atzerritarrei arretea emoteko. Egungo joerea beheranzkoa da. 2013ko abenduaren 31ko “181” plazatik, joan dan martiaren bukaeran egozan “165era” pasau da. “Adinbako 16 atzerritar gitxiago hiru hilebetetan”, azpimarratu dau.

PSE-EE, PP eta EH Bildu taldeak “arduratuta” agertu dira, itxiera horreen ostean “pribatizazino” prozesu bat egongo ete dan bildurrez. Juan Otermin sozialistak emondako datuak kontuan izanda, Aldundiak “458” adinbakori emoten deutse arretea sare “pribaduan”, eta “145i” GUFE-ren ardurapean dagoan sare “publikoan. “Zergatik ez dira plaza pribaduak ixten eskariak behera egiten dauenean?”, galdetu dau Amaia Agirresarobe EH Bilduko bozeroaleak. Bere esku-hartzean, arretea eskintzen dauen erakunde autonomo horretako sindikatu “guztiek” egindako salaketak jaso ditu. Sindikatuek adierazoten dabenez, Aldundia “estalpeko” pribatizazino prozesua ari da aurrera eroaten.

Salaketa horreen aurrean, Ardanzak adierazo dau, egia esan behar bada, Aldundiak “plaza batean” gehitu dauela adinbakoei arretea eskintzen deutseen hezitzaileen kopurua, eta orain aste batzuk beste batzorde batean egin eban moduan, Aldundiak zuzenean kudeatzen ez dituan adinbakoen zerbitzu “guztiak irabazi asmorik bako erakundeek kudeatzen dituela” gogoratu dau, eta erakunde horreek “goitik behera” betetan dituela foru erakundetik markautako ratioak.


AHO BATEZ ONARTUTAKO EKIMENAK

Batzarretako saioan aho batez onartu dira Batzarretako Bizkaiko Popularrak (PP) taldeak aurkeztutako arauz besteko hiru proposamen. Horreetako biren bitartez, eskaria egiten jako Aldundiari, bere esku egongo diran egoitzen eta eguneko zentroen sarea prestau daian, “sail bat edo gehiago –beharren arabera– gorreria handia edo gorreria eta itsutasuna, eta mendekotasuna daukien pertsona nagusiei zuzenduta”, eta bertan ondo prestautako beharginak egon daitezan. Proposamena aurkeztu dauen taldeak Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak egindako zuzenketa-eskeak onartu ditu, espezializautako zerbitzu hori azkenean “zentro batean edo gehiagotan” eskini daiten, “komunikazino alternatibo tekniketan prestautako beharginakaz”, arlo berezietan isolamendua saihesteko eta erabiltzaile horreek ohiko egoitzetan sartzeko apustua bultzetako.

PP-k aurkeztutako beste ekimen bat be Batzar Nagusietako talde guztiek onartu dabe. Bertan, Foru Gobernuari eskaerea egiten jako, baztertzen diran mendekotasun balorazinoei jagokezan alegazinoak izapidetzeko “formulario berezia prestau daian”. Izan be, Eduardo Andrések (PP) adierazo dauenez, gizarte laguntza batzuk eskatu ahal izateko beharrezkoak diran balorazino horreekaz desadostasuna erreklametako Aldundiak eskintzen dituan inprimakiak “zuriz dagoan orri bat baino ez diralako”. Azkenean, popularrek jeltzaleek aurkeztutako zuzenketa-eske batzuk onartu ditue, agiri tipo bat diseinau daian, “izapidetzerako onartu daitekezan beste euskarri edo formula batzuk” erabilteko aukerea baztertu barik.


EZ DIRA ONARTU EH BILDU TALDEAK AURKEZTUTAKO PROPOSAMENAK

Batzarretako EH Bildu taldeak, barriz, ez dau lortu batzarretako inoren laguntzarik gaur batzordera eroan dituan proposamen bietan. Batean, koalizino abertzaleak egoitzak doakoak izatea defendidu dau, norberaren etxebizitzea 7 urtez lagatearen truke, gizarte alokairu parkea handitzeko. Proposamena onartu ez dan arren, EH Bilduko bozeroaleak eskua luzatu deutse ganerako taldeei “trukaketaren filosofian” alkarren artean lan egiteko, jaubeak egoitzetan sartu eta gero hutsik geratzen diran etxebizitza horreek aprobetxau ahal izateko.

EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek esan dabe ekimen horrek “baztertu egiten dituala” baliabide gitxiago dituen pertsona nagusiak. “Gaitasun ekonomiko handiagoa dituenen aldekoa da”, esan dau EAJ-PNV-ko Jon Larreak. Batzarretako kide jeltzalearen eretxiz, EH Bilduk 2008ko Aralar taldearen ekimena “berreskuratu” dau. Urte haretan Aralarrek antzeko zer edo zer planteau eban. Orduan, proposamena onartu eta gero, Aldundiak, 2009ko urtarrilean aurkeztu zan azterlan bat egin eban. Azterlanak proiektu hori erabiltea “ez zala komenigarria” esaten eban, beste errazoi batzuen artean “erabiltzaile gitxi batzuk” izango ziralako onuradunak, eta martxan jartea “oso konplexua” zalako. Batzordekide jeltzalearen berbetan, epea –7 urte– zein unea ez datoz bat errealidadeagaz, egoitzetako plazen eskaria eta pertsonak bertan egoten diran denporea gero eta txikiagoak diralako. Une honetan epe hori “urte bi eta erdikoa da”.

Juan Oterminek (PSE-EE) adibide praktikoa jarri dau, bere taldearen kontrako eretxia azaltzeko. Bizkaiko egoitza baten kostua 2.000 eurokoa da, eta une honetan Eusko Jaurlaritzak 450 edo 500 euro inguru ordaintzen ditu norbanako batek lagatako etxebizitza bat alokatzeagaitik. Bere berbetan, koalizino abertzaleak planteetan dauena, aldea –1.500 euro inguru– “danon artean” ordaintzea da, egoitzan plaza bat eskatzen dauen eskatzaile batek plaza hori ordaintzeko baliabideak izan daikezan arren, eta baita higiezin gehiago edo behar besteko aurrezki be.

Beste alde batetik, koalizino abertzaleak arauz besteko beste proposamen bat aurkeztu dau, Foru Aldundiak egoitza publiko batean sartzeko eskaerea egiten daben pertsonen ondarea kalkuletako araudia aldatu daian. Azken hiru urteak kontuan izatea eskatzen dau, “urtebete” bakarrik izan beharrean, 2009an egindako arau aldaketearen ostean egiten dan moduan. Irune Sotoren berbetan, aldaketa horrek “espekulazinorako eta jardunbide okerretarako” ateak zabaltzen ditu, eta mendekotasun egoeran dagozan pertsona nagusiak dira “kaltetuenak”.

Ganerako taldeek Aldundiaren aldaketea defendidu dabe. Aldundiaren helburua epe hori “urte bitan” ixtea da, batzarkide batzuk eztabaidan gogoratu daben moduan, hori lagungarria izan daitekealako “izapideak arintzeko” eta baliabidea “ahalik eta arinen” heldu daiten horren beharra daukien pertsonengana. Uste dabe “pikareskea” bardin emon daitekeala, ezarten dan epea bat edo beste izanda be, eta eskatzaile gehienek “fede onez” jarduten dabela defendidu dabe. “Ez dogu uste pekatariek egindakoa zuzen aritzen diranek ordaindu behar dabenik”. Administrazino arloan egin behar dan beharra “hirukoiztea” izango litzateke, esan dau Zuriñe Argatxak (EAJ-PNV).