Eguaztenean, otsailak 26, Osoko Batzar arrunta izango da Gernikako Batzarretxean
Lau Itaun, Mozino bat, Arauz Besteko Proposamen bi eta lau Ahozko Erantzun-Eske izango ditue aztergai Gernikako Batzarretxean, eguazten honetan, otsailak 26, goizeko 9:30etan hasita Osoko Batzar arruntean batuko diran 51 batzarkideek eta Foru Gobernuko kideek.
Oposizinoko Taldeek aurkeztu dituen lau Itaunakaz hasiko da Osoko Batzarra. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) jakin gura dau ea Lurraldeko errepideetako “bidesari-guneren baten kontrol postuak murriztu egingo diran”, ordainketarako sistema automatizatuak gehituz doaz-eta.
Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE) aurkeztutako Itaunaren bitartez lortu gura dau Aldundiak bere jarrerea argitzea, kontuan izanik eze azaroan zehar deiak egin jakezala Gizatek zerbitzutik dirulaguntza horreen onuradunei esanez “gastua abenduaren 15a baino lehenago egiterik ez baeukien, uko egiteko emondako dirulaguntzari”.
EH Bilduk Itaun bi aurkeztu ditu: lehenengoaren bitartez, itaundu egiten jako Aldundiari ze neurri jarriko diran Toki Administrazioen arrazionalizazio eta iraunkortasun legea deritxanaren “erasoen” aurrean; bigarren Itaunaren bitartez jakin gura da zertan dan tarifa politika bateratua erabilita garraio txartel bakarra bultzatzeari buruzkoa.
BOZKETAK
Itaunak eta gero, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen Mozino bat eztabaidatuko da. Mozino horren bitartez, PP alderdiak Batzar Nagusien babesa bilatu gura dau Aldundiari eskatzeko “jadetsi beharreko akordioak jadetsi eta/edo, halan eretxi ezkero, lege salaketak aurkeztu dagizala Hormigones Cavia enpreseak eta Ortuellako Udalak 1998. urtean sinatutako hitzarmena ezeztatu dedin, horren guztiorren helburu izanik Aldundiak 1998. urtean saldutako 19.000 m2ko lur-saila berreskuratu eta foru ondarera itzultzea”, kontuan izanik eze hitzartu zan lekualdatzea ez zala egin.
Ekimen horren eztabaidearen ostean, Batzar Nagusietan barriro izango da eztabaidagai Haurdu-naldia borondatez eteteari buruzko Legea. Gai horren inguruko gizarte eztabaida sakona hedatuz doa, Espainiako Gobernuak aldatu egin gura dauelako Zapateroren Gobernuak 2010. urtean onartu eban Legea. Ildo horretatik, Batzarkide-Taldeek Arauz Besteko Proposamen bi aurkeztu ditue. Bata, PSE-EEek eta EH-Bilduk batera aurkeztutakoa da, zeinetan, besteak beste, eskatzen dan legea aldatu daitela eta abortua ez daitela delitu moduan agertu eta emakumezkoek beraien amatasunaren ganean erabagiteko eskubide moduan arautu daitela, “gura dabenean” haurdunaldia borondatez eten ahal izateko. EAJ alderdiak gai beraren inguruan aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamenean Espainiako Gobernuari eskatzen jako kendu dagiala errebisatu asmo dauen sexu eta ugalketa osasunaren eta haurdunaldiaren borondatezko etenduraren ganeko Lege Organikoaren Aurreproiektua, hain zuzen be ekainaren 24an izan zan Osoko Batzarrean EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk orduan Aurreproiektuaren iragarpena besterik ez zanaren aurrean adostasuna lortu eta adierazo ebenaren ildotik.
Osoko Batzarra eguerdi aldera-edo amaituko da Aldundiari zuzendutako Ahozko Erantzun-Eskeakaz. Horretariko baten bitartez, PP alderdiak galdetzen dau ea “baliatuko dan Mundobasketerako prestaketa aldian Espainiako saskibaloi selekzinoaren anfitrioi bikain izateko bizkaitarrok dogun eskubidea”. Alderdi horrek berorrek Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiari galdetzen deutso ea Aldundiaren gobernuak jarraituko dauen “agirikoa ukatzen”, hau da administrazinoetan —Bizkaian be— bikoiztasunak egon badagozala ezeztatzen. Azkenik, EH Bildu taldeak, beste Ahozko Erantzun-Eske baten bitartez, jakin gura dau Ondarearen gaineko zergari dagokionez 2011 eta 2012 ekitaldiei begira, zenbat ikuskatze espediente burutu diran eta zenbatekoa izan dan azaleratutako eta berreskuratutako iruzurra.