Batzar Nagusiek, Gebisak AP-8 autopistako Bizkaiko zatian beharginei proponidutako kontratu aldaketea baliobakotzea eskatu dabe
Batzarretako taldeek eskaerea egin deutsie gaur Interbiaki eta Bizkaiko Foru Aldundiari Herri Lan eta Garraioetako batzordean, Urgoitiko bidekurutzearen eta Gipuzkoako mugearen artean AP-8 autopistaren kontserbazinoagaz eta ustiapenagaz arduratzen dan Gebisa emakidadunagaz daukien kontratua dagoan moduan betearazo daien. Zehatzago esanez, Bizkaiko Batzarrak eskaerea egin dau, enpresa horrek, urtarrileko hilebete honetatik aurrera bere beharginei proponidutako lan baldintzen aldaketa “garrantzitsua” baliobakotu daian, aldaketa horreek “izaera kaltegarria” daukielako eta Interbiak erakundeari aurretik ez jakolako jakinarazo. Hori “forma akatsa da, lizitazioko Plegu Teknikoetan zehaztutakoa ez dalako beteten”.
Batzarretako taldeen eretxiz, PSE-EE taldeak, talde horren eta EH Bildu eta PP taldeen aldeko botoagaz eta EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz onartutako arauz besteko proposamena erregistrau eta gero Interbiak soziedadeari bialdutako enpresaren proposamenak eragina izan daike AP-8 autopistan eskintzen dan zerbitzuaren kalidadean, sozialisten eretxiz, autopista horretako ordainketarako kabinetan behar egiten dauen pertsona kopurua murriztea planteetan dauelako. Beharrezkoa da “ordainketarako puntu bakotxean pertsona bat egotea”, makinetan gertatu daitekezan arazoak konpontzeko, adierazo dau Isaac Fernández sozialisteak. Gebisaren asmoa “Interbiaki ezer esan barik”, “zerbitzuaren baldintzak aldatzen dituen” aldaketak martxan jartea izan da, eta hori “oso larria” da, adierazo dau EH Bilduko Aitor Torrek.
EAJ-PNV taldearen eretxiz be beharrezkoa da Batzar Nagusiek, Interbiaken eta emakida daukan enpresaren arteko kontratua beteten dala zaintzea. Dana dala, talde horren eretxiz, Bizkaiko Batzarrak ez dira sartu behar enpresa baten barne antolakuntzan, eta horregaitik abstenitzea erabagi dau. Hori, “laneko harremanei jagoken arloa” da, adierazo dau EAJ-PNV-ko Nerea Ahedo batzordekideak. Taldearen helburua autopistan “kostuak errazionalizetea da”, baina erabiltzaileak eta beharginak kaltetu barik. Beste taldeakaz bat etorri dira, kontratuak baliobakotzeak ez daitezala planteau “zaintzeko” orduan.
Ildo horretan, PP taldeak be Plegu Teknikoetan jasoten dana betetea eskatu dau. Erabiltzaileak autopistea ordaintzen dau “segurtasun gehiago izateko eta denporea aurrezteko”, gogoratu dau Jesús Isasi batzarkide popularrak. Hori dala eta, bere eretxiz ezin da onartu AP-8ko bezeroek “denpora galdu behar izatea” ordaintzeko makinetako gailu automatikoetan arazoak sortzen diranean, “hainbat kilometrora dagoan behargina heldu arte zain egon behar izanda”.
BIZKAIBUSEN HOBEKUNTZAK TRAPAGAN
Beste alde batetik, batzordeak EH Bildu eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz eta EAJ-PNV eta PP taldeen abstentzinoagaz onartu dau Aldundiari eskaerea egitea, Trapagan eskintzen dan Bizkaibus zerbitzuan aldaketak egin daitezan. Holan, EH Bilduk aurkeztutako arauz besteko proposamenak, udalerri horrek egin dauen eskaerea jasoten dau, Herri Lan eta Garraioetako Foru Sailak markesina bi instalau daizan “Zaballa” eta “Trapaga auzoa” geralekuetan, eta semaforodun oinezkoentzako igarobidea BI-745 eta BI-3747 errepideen arteko bidekurutzean eta, ganera, 3331 linea Elguero auzoko plazaraino luzatu daian “gaur egungo maiztasun berberagaz”.
Proposamenean eskatzen diran lau puntuetatik “hiru egiten ari dira dagoaneko”, gogoratu dau Edorta Rodrigo EAJ-PNV-ko batzarkideak. Datorren zezeilean, bertako udalak markesina bi jarriko ditu, eta Aldundia arduratuko da BI-745 errepidean semaforo bat instaleteaz eta BI-3747 errepidean oinezkoentzako igarobidea egiteaz. Desadostasunak, Bizkaibuseko linea Elguero auzoraino luzatzearen inguruan sortu dira. Talde jeltzalearen eretxiz, zerbitzuaren luzapen hori ez dago justifikauta, krisi garaietan “ez dagoalako ondo baliabide publikoak alperrik galtzea, erdi hutsik joango diran autobusak eroateko”. Teknikariek esan dabenez, beste autobus bat jarri beharko litzateke zerbitzu hori eskintzeko. Jeltzaleek adierazo dabenez, ibilbide bakotxaren batez besteko erabiltzaile kopurua “zortzi pertsonakoa” da.
Batzarretako ganerako taldeak, Trapaga auzoko biztanleen “errebindikazio historiko” hori betetearen aldek agertu dira. Osorik ezin bada, “ibilbide puntualetan egitea” eskatu dau EH Bilduko Asier Sanzek. Talde horren ustez, zerbitzua “luzatzeak” ez dau gastu gehiagorik sortuko, gaur egungo trazauari “5 minutuko” ibilbidea gehitzea baino ez dalako. PSE eta PP taldeek gizarte errentagarritasunagaitik mobiduteko eskaerea egin deutsie Bizkaibusi. “8 erabiltzailetik 9ra pasetan bagara, nahikoa izango da”, erantzun dau Isasi popularrak.
3. LINEARI ETA A-8KO ISTRIPU TASARI BURUZKO ERANTZUNAK
Horrez gain, Itziar Garamendik, batzarretako talde sozialistak eskatuta, Muskizeko La Arena zubiaren inguruan A-8 autobidean gertatutako istripu kopuruari buruzko galdereari erantzun deutso. 2007. eta 2012. urteen artean izandako istripuei buruz Ertzaintzak egindako txostenetan oinarrituta, Herri Lan eta Garraioetako diputatuak adierazo dauenez, errepide horretako 135. eta 137. kilometro puntuen artean, zaurituak sortu dituen 85 istripu gertatu dira, eta 3 hildako egon dira: bat 2007an, beste bat 2009an eta beste bat 2012an. Sei urte horreetan, Aldundiak “121,5 milioi joan-etorri” erregistrau ditu, hau da, puntu horretako eguneroko trafikoa, 2012ko 52.088 ibilgailuetatik 2007ko 57.019 ibilgailuetara bitartekoa izan da.
Bere Sailak egin dituan jarduketen artean, Garamendik inguru horretako hainbat tramotan asfaltoa barriztetako eta peraltea aldatzeko beharrak aitatu ditu. Esan dauenez, joan dan hilean hasi ziran une honetan dagoan errodatze geruza osoa aldatzeko lanak, “Gune Metropolitarrean Berehalako Barrikuntzarako Jarduketen Proiektu Integralaren” barruan. Proiektu horren helburua, “dagozan labainketa arazoak konpontzea” da, adierazo dau. Eginbehar horreen barruan, “gaur egun dagoan zoladura fresetako, erregularizetako eta peralteak egokitzeko, bitarteko geruzen bitartez, eta errodatze geruza barriztetako lanak dagoz”. Jarduketea osatzeko, euspeneko sistemak indartu eta drainatze sistemea hobetu egingo da.
3. LINEAREN USTIAPENA ETA MAIZTASUNAK
PSE-EE taldeak egindako galderei erantzunez, Aldundiko arduradunak Bilboko trenbide metropolitarreko 3. linearen etorkizuneko ustiapena be aitatu dau. Batzordera, joan dan urrian Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean emon eban erantzun bera ekarri dau. Erantzun haretan, Eusko Jaurlaritzako arduradun batek adierazo ebanez, Txorierriko, Bermeoko eta Ermuko lineen jarraipenaren kudeaketea eta ustiapena Euskotrenen esku egongo da “oso-osorik”.
Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak adierazo dauenez, horrek esan gura dau BGP-CTB-ak ez dauela 3. linearen kontrola izango, Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineetan kontrakoa gertatzen dan arren, eta horren ondorioz, herritarrek “tratu desbardina izan leikie”. Egindako eskaeren artean, Bilboko iparraldeko auzoetatik ibiliko dan trenbide linea barriaren maiztasunak baieztetako eskatu deutso Aldundiari. Batzorde kide horren eretxiz, maiztasun horreek, Bilboko Metroak eskintzen dituan “berberak” izan beharko litzatekez.
Garamendik adierazo dauenez, Euskotren 3. linearen ustiapen plana prestetan dabil, eta bertan zehaztuko dira “eskaerea kontuan izanda egokiak diran” maiztasunak, beti be “erespide teknikoetan” oinarrituta. Sozialistei gogoratu deutse 1. eta 2. lineen kasuan, maiztasunak ez dirala bardinak “enbor komuneko, Plentziako edo Basauriko” zerbitzuak alderatzen badira.
EZEZKOA BIZKAIBUSETAKO KANPOKO ETA BARRUKO PUBLIZIDADEARI
Socialistas Vascos batzarretako taldeak barriro eroan dau batzordera Bizkaibuseko unidadeen kanpoaldean publizidadea jarteari buruzko eztabaidea. Talde horrek, finantzaketa bide barri moduan iragarkiak jartea eskatzeko aurkeztu dauen arauz besteko proposamenak EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen kontrako eretxia jaso dau. Euren aurkako botoagaz, talde horreek atzera bota dabe azkenean PP eta PSE-EE taldeen aldeko botoa jaso dauen proposamena.
Sozialistek, euren proposamena justifiketako orduan, esan dabe publizidadeak aparteko diru-sarrera “garrantzitsuak” ekarriko dituela, zerbitzua hobetu ahal izateko. Adibide moduan, Bilbobusek, publizidadea dala eta urtean 450.000 euro jasoten dituala esan dabe, eta diru horren %80 zerbitzura bertara bideratzen dala. PP-k diru-sarrera gehiago gura eban, autobusen barruan be iragarkiak jarrita. Talde popularraren ustez, horrek eragina izan daike txartelaren prezioan. EH Bilduk zalantzak agertu ditu, diru-sarrera horreetatik garraio titulura bideratuko ete litzatekeanaren inguruan, eta diru-sarrerak hobetzeko apustua, emakidea daukien enpresen “irabaziak murriztea” izan behar dala esan dau.
EAJ-PNV taldeak errazoi bi aurkitu ditu proposamenari ezezkoa emoteko: oraindino indarrean dagoan publizidadea ustiatzeko kontratua dagoala, eta behar bada hori sozialisten asmoagaz bat etortea ezinezkoa izan daitekeala; eta bestetik, Bizkaibusen irudi korporatiboa “aldatu” gura ez izatea, horrek erabiltzaileak nahastu daikezalako. Jon Larrea batzarkide jeltzalearen berbetan, Aldundiak 154.000 euro jasoten ditu urtero Bizkaiko geralekuetako publizidadea dala eta, eta, ganera, markesinetako garbiketa eta mantentze lanen ondoriozko kostuak aurrezten ditu. “Ez gagoz publizidadea jartearen kontra, markesinetan publizidadea jartea erabagi da”, esan dau.