Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Bizkaiko baseleizen jaubetzea argitzeko eta "larregikeriak" zuzentzeko eskatu dabe

Batzordea

Kultura eta Euskerako Batzordea

Bilbon, 2013ko abenduaren 19an

Kalkuluen arabera Lurraldean egon daitekezan 500 baseleiza inguruetako batzuetan gerta daitekean “larregikeria” egoeraren aurrean, Batzar Nagusiek, EAJ-PNV, PSE eta PP taldeen aldeko botoagaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz, arauz besteko proposamena onartu dabe Kultura eta Euskerako Batzordean. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Aldundiari, Lurraldeko udalakaz alkarlanean aritu daiten, udal horreek eskatzen dabenean, baseleizen erregistro egoereari eta kontserbazino egoereari buruzko ikerketea bultzatzeko. Datu horreetan oinarrituz, Bizkaiko Batzarrek eskaerea egin dabe, Aldundiak “eskubide okerreko” egoerak zuzendu daizan, udalek jaubetzea eskatu ahal daien, halan jagokenean.

PP taldearen proposamenak batzarretako taldeen laguntzea jaso dau, taldeak bat etorri diralako, batzuek lurrak eta erlijino tenplu txikiak euren izenean erregistretean oinarritutako “pikareska” horregaz bukatu beharra adierazoteko orduan, baseleiza horreen jaubeak, udalerriak izan daitekezalako. Azpimarratu dauenez, ekimena udalerriena izan behar da, baina udalerri “txikienen” kasuan, arazo horri aurre egin ahal izateko arazoak dituenez eta baliabiderik ez daukienez, Aldundiak aholkularitzea emotea aurreikusten da. EAJ-PNV taldeak adierazo dauenez, informazino hori Foru Artxibategian dago.


ARIZTONDOREN AGERRALDIA

Saio berean, Josune Ariztondo Kultura diputatua agertu da, EH Bilduk eta Bizkaiko Popularrak (PP) egindako eskaereari erantzunez, New Yorken 2013ko urriaren 12an, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariek Solomon R. Guggenheim Foundationeko ordezkariakaz egindako batzarraren barri emoteko. Hitzordu haretan lñigo Urkullu Lehendakariak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Kulturako foru arduradunak hartu eben parte. Richard Amstrong Ipar Amerikako fundazinoaren presidenteagaz alkartu ziran, hiru erakundeek 1994an Guggenheim Bilbao Museoaren ganean sinatu eben eta datorren urtearen amaieran bukatuko dan hitzarmena barriztetako aukerea aztertzeko.

Landutako gaien artean, Ariztondok adierazo dau topaketa baliagarria izan zala euskal administrazinoen “jarrera eta borondate bateratua” finkatzeko, bere eretxiz, sozialisten esku egon zan aurreko Eusko Jaurlaritzak gai horren aurrean erakutsi eban “hoztasunaren” ostean. Ganera, azpimarratu dau bileran 16 urteko funtzionamenduaren balantze “positiboa” egin zala, eta “dagoaneko egiten ari garana” idatziz finkatzeko balioko dauen etorkizuneko akordioa lortzeko “oinarriak” ezarri zirala.

Batzarretako taldeak bat etorri dira Euskadiko eta Estadu Batuetako erakundeen arteko alkarlana “arrakastatsua” izan dala adierazotean, eta alde bientzat onuragarria izango dan akordioa lortzea beharrezkoa dala esatean. Halanda be, PP-ko ordezkariak adierazo dau asmo hori ez datorrela bat Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak, irratiko alkarrizketa batean, barriztapena “edozein preziotan” egin behar zala adierazo ebanagaz. Popularren eretxiz, holango adierazpenek, “negoziazinoan daukagun pisua ahultzen dabe”. “Kezkagarria da jarrera gogorra ez hartzea, frankizia bat izateari ixteko”, esan dau Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak.

Ariztondok garrantzia kendu deutse adierazpen horreei, bere berbetan testuinguru jakin batean egin ziralako. Ariztondoren ustetan, Aldundiko arduradun nagusiak esan gura izan ebana, Bizkaiak “ezin ebala Guggenheimaren trena galdu” izan zan, museoak asko dinamizau dauelako lurraldeko kulturea, eta inguruneko ekonomia eta urigintza bultzatu ditualako eta autoestimua berreskuratzen lagundu deuskulako. Bilera horretan horren barri jaso eben Solomon R. Guggenheim Fundazinoko arduradunek. Garrantzitsuena, euskal erakundeek bileran erakutsi eben “ekintza batasuna” eta akordioagaz “alde biek” irabaztea da. “Argi eta garbi daukat Aldundiak Bizkaiaren interesetarako hoberena bilatuko dauela”, adierazo dau María Presa batzarkide jeltzaleak.


LAGUNTZEA PUNTA BEGOÑA BERRESKURATZEKO PROIEKTUARI

Kulturako arduradunak, Aldundiak Punta Begoñako galeriak berreskuratzeko proiektuaren aurrean bere gain hartuko dauen finantza eta teknika arloetako konpromisoa jakinarazo deutse batzarretako taldeei. “Neurri handiko” proiektua da. Proiektuaren burua Getxoko Udala izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHU-ko 67 adituren alkarlana be izango dau. 12 urteko epealdian, hiru urteko zatietan banatuta, egingo dan proiektu estrategikoa izango da. Aurreikuspenak kontuan izanda, lehenengo zatia 2014ko udabarrian jarriko da martxan.

Saio berean, Ariztondok EH Bilduri erantzun deutso, Aldundiak, Barakaldon dagoan Arrontegi mendiko “aztarnategi arkeologikoari” buruz aditu baten eskaereari erantzuteko asmoa daukan ala ez argitzeko. “Balio handiko trintxerak” aurkitu dira inguru horretan. Dirudienez, babesleku moduan erabili ziran III. Karlistadaren garaian (1869-1876). Aldundiak esku artean dituan datuek erakusten dabenez, ondorio hori aterateko aukeratu dan metodologia ez da “egokiena” izan. Diputatuak Antxoka Martínezek egin dauen lan partikularra autortu dau, baina azaldu dauenez, beharrezkoa da aurkitutako egiturak argituko dituen beste prospekzino teknika batzuk apliketea. Aurkikuntzea egin dan lekuan Barakaldoko Udalak parke bat eregiteko eta urigintza proiektu bat garatzeko asmoa dauka. Aldundiak konpromisoa hartu dau lurraren jaubeei idazki bat bialtzeko, azterlan tekniko bat martxan jarri ahal izateko.

Beste alde batetik, Ariztondoren ustez, Kosta Zuzendaritzak Plentziako Eskabetxeria zaharraren eraikina lurreratzeko orduan izan dauen jokaerea “iseka” eta “torpetasuna” izan da. Arrain kontserba lantegi zaharra, herri horrek euki dauen arrantza iraganaren azken aztarnetakoa, lurreratu egin eben, hurrengo egunean –joan dan urriaren 10ean– Aldundiko Ondareko teknikariek instalazinoak ikuskatzera joan behar zirala jakinda, ezelango babes ofizialik ez eukan higiezinaren balorazinoa egiteko. “Gure teknikariei iseka egin jaken”, azaldu dau.


BAZTERTUTAKO PROPOSAMENAK

Beste alde batetik, batzordeak baztertu egin dau PP-k aurkeztutako arauz besteko proposamena. Proposamen horretan eskaerea egiten zan, Duques de Soria Fundazinoak, Carmen Gimenezek, Juan Luis Laskurainek, Joseba Arregik eta “beste” pertsona batzuek Bilboko Guggenheim museoa martxan jarteko orduan bete eben “ezinbesteko” lekua autortzeko. Ganerako taldeek zehaztasun faltea kritikau dabe, eta adierazo dabe “asko” izan dirala Bilboko arte garaikide zentroa martxan jartean parte hartu daben pertsonak. Hori dala eta, “bidebakoa” eta “arriskutsua” izango litzateke pertsona “asko” kanpoan itxi daikezan ekimena bultzatzea.