Aurreko Albisteak

Gernikak La Pobla de Mafumeteko Udalaren bisita jaso dau

Gernikan, 2013ko zemendiaren 13an

Kataluniako La Pobla de Mafumeteko Udal taldeak Gernikako juntetxea bisitau dau, lurralde historikoko beste puntu interesgarri batzuk ezagutzera be eroan dituan bidaiaren barruan. Tarragonako probintziako herri horretako alkateagaz eta zinegotziakaz batera Ana Madariagak, Bizkaiko Batzarretako presidenteak eta bertako beharginek egin dabe bisita, euskaldunon sinbolo unibersalena dagoan lekuan: Gernikako Arbolan.

Kataluniako udalerri horretako udal osoa bisitan etorteak barriro itxi dau argi Gernikako Juntetxeak jendea erakarteko daukan indarra, Kataluniako uritarrentzat batez be. Joan dan udan (garagarrilean eta abuztuan), Bizkaiko Batzarretako egoitzeak 40.000 bisitari baino gehiago jaso ebazan. Horreetatik 7.000 katalanak ziran. Hiribilduko moltso arkitektonikoak ia zortzirehun bisita jaso ebazan egunero, batez beste, abuztuan, eta bostehun baino gehiago garagarrilean. Moltso historikoa –hemizikloa, beirategiko aretoa, haretx zaharra eta gaur egungo Gernikako Arbola– ezagutzera etorri ziran pertsonen %80 ez ziran Euskal Herritik etorri.

Kopuru horreek indartu egiten dabe Juntetxea, Bizkaia bisitetan daben pertsona askoren ezinbesteko geraleku dala dinoen idea. Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren bihotzean dago, eta lurraldeko turismo eta kultura bigarren leku erakargarriena da, Guggenheim Museoaren ostean. La Pobla de Mafumeteko biztanleek badakie zergatik.