Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, "berariazko" euskal kultur bonoa prestetako azterlana egiteko eskuko deutsie Lakuari

Batzordea

Bilbon, 2013ko urriaren 31n.

Erabat euskaldunak izango diran artikuluak edo ekoizpenak erosteko edo jasotzeko “berariazko” kultur bonoa sortzea onartu da gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusien Kultura eta Euskerako Batzordean. Bizkaiko Talde Popularraren (PP) ekimenari jarraituz, Bizkaiko Batzarrek eskaerea egingo deutsie Eusko Jaurlaritzari, euskal kultura, euskerazkoa edo gaztelaniazkoa, erostea edo eskuratzea diruz laguntzeko azterlana egin daian. Popularren eretxiz, neurri horrek “erakargarriago” egin leikez bertako produktuak eta kultur ikuskizunak, eta euskal kultura gure gizartean “hobeto” zabaltzen lagunduko dau.

Bizkaiko Talde Popularraren (PP) eta Socialistas Vascos taldearen (PSE-EE) 4 botoakaz, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen 6 abstentzinoakaz eta EH Bilduko 3 batzordekideen kontrako botoagaz onartutako Arauz Besteko Proposamenean, eskaerea egiten jako Eusko Jaurlaritzari, kultur bono hori eskintzeko “kultur arlo, epealdi edo ekitaldi hoberenak” adieraz daizan, eta baita “aurreikusi daitekean eskaerea” be. PP eta PSE, euren ustez Eusko Jaurlaritzak, horretarako dirua dagoanean, kultur bonoa martxan jarri daian “deia” bultzatzearen alde agertu dira.


EH Bilduren eretxiz, popularren ekimena “herren” sortzen da, bertan ez jakolako lehentasunik emoten euskerazko kultur ekoizpenari, eta ez dalako argitzen zeintzuk izango diran horren onuradunak edo zein saltokitan erabili ahal izango diran beherapen horreek. Talde hori, euskerazko ekoizpena bakarrik bultzatuko dauen, “egoera ekonomiko larrian dagozan” kontsumitzaileek erabili ahal izango daben eta saltoki “txikietan eta ertainetan” erabili ahal izango dan kultur bonoaren alde dago. Taldearen eretxiz, merkataritza kate handiak bonoaren onura ekonomikoetatik kanpora itxi beharko litzatekez.

EAJ-PNV-ren eretxiz, “ideia ona da”, baina ez da gauza bera gertatzen “erabilitako bideagaz”. Lorea Bilbao bozeroale jeltzalearen berbetan, Bizkaiko Batzarrak, eurei “ez jagoken” leku batean ari dira sartzen. “Ez jaku toketan” eta “ez daukagu eskumenik”. Bere berbetan, gaiari buruzko eztabaidea Eusko Legebiltzarrean egin behar da. Dana dala, gogoratu dau Eusko Jaurlaritza, sektorearen laguntzagaz, “kontsumo talde” bat sortzeko ari dala beharrean, ekoizpenaren sektore hori bultzatzeko.



BABES KULTURALA GUGGENHEIMERAKO, ABAROA JAUREGIRAKO ETA ARKOTXAKO PASINO BIZIDUNERAKO

Era berean, Batzar Nagusiek eskaerea egingo deutsie Eusko Jaurlaritzari, Bilboko Guggenheim Museoaren eraikina eta ingurunea, Lekeitioko Abaroa Jauregia eta Arkotxako (Zaratamo) Pasino biziduna ondasun kulturaltzat izendatzeko espedienteak hasi daizan, PP taldeak aurkeztutako Arauz Besteko hiru Proposamen onartu diralako. Frank Gehryk diseinautako eraikinaren kasuan, inaugurau eta hamabost urte igaro eta hainbat eta hainbat sari jaso ostean “ordua da” Eusko Jaurlaritzak, legeak, “nazinoarteko ikono” bilakau dana babesteko prozesuari hasierea emoteko eskintzen dituan aukerak aztertu daizan, Arturo Aldecoak, PP-ko batzordekideak, adierazo dauenez.

Guggenheim museoari babes ofizialeko irudi bat emoteko popularren ekimenak Batzar osoaren aldeko eretxia jaso dauen arren, gainerako taldeek euren zalantzak agertu dabez, horren ondorioen inguruan. EH Bilduko Asier Sanzek ez dau hain argi ikusten museoaren inguruneak babes berezirik behar dauenik. EAJ-PNV taldeak esan dau babesak “mugak jarri daikezala, erakusketa batzuk antolatzeko orduan”. PSE-EE taldea, bere aldetik, harrituta geratu da une honetan inolako babes motarik ez daukalako.


BISITARI KOPURUAREN GALEREA BILBOKO MUSEOETAN

Saio horretan, Kulturako Foru Diputatuak PSE-EE taldeak, Guggenheim eta Arte Eder museoek udan izandako bisitari kopuruaren galereari buruz egindako galderei erantzun deutse. Josune Ariztondok azaldu dauenez, uztailean eta abuztuan Arte Eder Museoak “6.271” bisitari gitxiago izan ditu, eta Guggenheim Museoak “25.000 inguru”. Horren errazoiak, krisi ekonomikoa eta uda honetako aldi baterako erakusketek, 2012an antolatutakoek baino oihartzun txikiagoa izan dabela dira. Diputatuak esan dauenez, diru-bilketaren jatsiera “20.000 eurokoa” izan da lehenengoaren kasuan, eta “200.000 eurokoa” Guggenheim Museoaren kasuan, baina beherapen hori aurreikuspenetan sartzen zan. Dana dala, bere berbetan, urte osoko balorazinoa egin behar da, denpora tarte luzeagoak alderatuz.


INSTALAZINOEN ERABILERA ZORROZA F.C.TALDEARI LAGATZEA

Beste alde batetik, Aldundiko arduradunak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Zorroza Futbol Club-aren arteko hitzarmena aurkeztu dau Batzordearen aurrean, 18.595 metro karratuko lur-saila eta “Zorrotzako Base Zaharra” izenaz ezagutzen dan eraikinaren erabilerea Zorroza Futbol Club-ari urtebeterako lagateko. Ondasun horreen jaubeak euskal administrazino biak dira, ia erdi bana, eta dagoaneko Club horrek erabilten ditu bere kirol jardueretarako. Hitzarmena aho batez berronetsi da.