Arkitektura tailer batek Miguel de la Colina, Enkarterriko arkitektura garaikideko funtsezko figurea, emon dau ezagutzera
Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoen Enkarterrietako Museoak, aurrera jarraitzen dau Enkarterriko ondarea ezagutuazoteko beharragaz, gaur egin dan beste kultur jarduera bategaz. Gorka Pérez de la Peña historialariak “Arkitektura tailerra: Miguel de la Colina Puyol ingeniaria eta eregite garaikidearen eraketea” izenekoa zuzendu dau.
Tailerrean, De la Colina familiak aurkitutako zenbait plano erakutsi dira. XVIII. mendera garoazan botikari leinua da, gaur egun be Sopuertako farmaziagaz jarraitzen dauena. Familiak, antxinako farmazia egoan euren jaiotzako etxe handian, hainbat eraikinen planoak eta Miguel de la Colina ingeniari eta farmazialariak (Sopuerta, 1885-1976) horreen inguruan egin ebazan beharren inguruko dokumentazinoa aurkitu dau. Planoen artean Hierro-San Martín Jauregikoa dago.
Ekimen horren bitartez, Enkarterrietako Museoak arkitektura garaikideagaz erlazionautako beste ondare ezezagun bat ezagutuazo gura dau, be arkitektura mota horren egileen artxiboak, hain zuzen. Tailerrean, ingeniariek eta arkitektoek jatorrizko diseinua sortzetik eregite lanak bukatu arte jarraitutako prozesua aztertu da, XX. gizaldiaren hasieran egin ziran eta gure ondarearen parte diran plano eta proiektu horreek erakutsita.
Tailerra, Enkarterrietako Museoak gure arkitektura aztertzeko eta zabaltzeko aurrera daroan ikerketa prozesuaren barruan dago. Proiektu horren emaitzea, datorren urriaren 6ra arte Enkarterrietako Museoan ikusi ahal izango dan “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketea da, eta baita izenburu bera daukan liburuaren argitalpena be.
Erakusketan batutako estiloak XIX. mendearen bukaeratik XX. mendearen bukaerara eregi ziran, industrializazinoaren inguruan. Erakusketea eta liburua, Enkarterritik pasealdi bat emotean ikusi ahal doguzan estilo nagusien inguruan egituratzen dira: eklektismoa, neoeuskalduna, modernismoa, erregionalismoa, art déco, errazionalismoa, gerraosteko errazionalismoa eta estilo nazionala, 50eko hamarkadako modernidadea, funtzionalismoa eta organizismoa. Museoak erakusketarako bisita gidauak eskaintzen ditu asteburuetan; aurretik eguna eta ordua eskatu behar da.
Erakusketa hori osatzeko, Museoak kultur ibilbideak antolatu ditu, lehenengo erakusketea bisitetako eta horren ostean, Enkarterrin dagozan eraikin berezietako batzuk ikusteko. Azkenengo kultur ibilbidea urriaren 6an izango da, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondareari buruzko Europar Jardunaldien barruan. “Eliza eta jauregi artean jendea dibertitzen” izenburua daroan jardueran Beciko San Cosme eta Damian eleizea eta Hierro-San Martin jauregia bisitauko dira, Sopuertan dagozan XX. mendearen lehen erdialdeko eraikin bi. Jarduerea doakoa da. Beharrezkoa da aurretiaz izena emotea 94 650 44 88 / 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituz edo enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.
ERAKUSKETA “ENKARTERRI. 1870-1975. ARKITEKTURA GARAIKIDEAREN DISTIRA”
Martiaren 8tik Urriaren 6ra arte
Enkarterrietako Museoa
Abellaneda auzoa, z/g (Sopuerta-Bizkaia) 48869
Tfnoak: 94 650 44 88 / 94 610 48 15
Emaila: enkarterrimuseoa@bizkaia.eus
Ordutegia (Garagarrilaren 1etik irailaren 30era)
Martitzenetik zapatura: 10:00-14:00 eta 17:00-19:00. Domeka eta jaiegunetan: 10:00-14:00
Ordutegia (Urriaren 1etik 6ra)
Martitzenetik zapatura: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00. Domeka eta jaiegunetan: 10:00-14:00
Astelehenetan itxita
Sarrera doan
www.enkarterrimuseoa.eus
www.jjggbizkaia.eus