Aurreko Albisteak

2008rako Bizkaiko Aurrekontuak onartu egin dira

Gernikako Batzarretxeko Batzar-Aretoa

2008rako Bizkaiko Aurrekontuak —7.873 milioi euro dira guztira, aurreko urtekoak baino %11 gehiago— onartuta geratu dira abenduaren 27an Gernikako Batzarretxean egindako Batzar Nagusian. Aurrekontuon alde Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos Taldeek eta EAko ordezkariak bozkatu eben, baina aurkako botoa emon eben Bizkaiko Talde Popularrak eta Ezker Batua-Berdeak Taldeak, Aralar eta EAE-ANV alderdietako ordezkariakaz batera.

Hiru orduko eztabaidaldia egin zan lehenengo, eta hor Batzar Nagusietako Taldeetako ordezkariek txanda bi izan ebezan berba egiteko. Aldundiko Sail guztietako aurrekontuak banan-banan bozkatu eta onartu ziran, Batzar Nagusietan ordezkaririk gehien daukien Talde bien —Euzko Abertzaleak eta Socialistas Vascos— aldeko botoari esker. Talde biok eta EAko Batzarkideak 38 boto batzen ebezan, beraz gehiengo osoa, Batzar Nagusietan guztira 51 Batzarkide dagoz-eta. Foru Aldundiko Sail bakotxeko bozketak egin ziran, 11 bozketa guztira, eta horreen ostean testu artikulatua be bozkatu zan. Kasu guztietan emaitza bera izan zan eta, beraz, Aurrekontuak onartu egin ziran.