Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, 3. linearen eraikuntzara funts gehiago bideratzeko proposamena eztabaidatuko dabe

Batzar Nagusiek, Herri Lan eta Garraioetako Batzordean, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena onartzen daben ala ez bozkatuko dabe bariku honetan, ekainaren 7an. Proposamen horretan Euskadiko administrazinoek 3. linearen eraikuntza lanak bizkortzeko funts publiko gehiago jartea eskatzen da. Holan, proposamen horren bidez, obra erdibana ordaintzen daben bi administrazinoei –Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari– eskaerea egin gura jake, Europar Erkidegoko erakundeek Espainiako Gobernuari, “defizit publikoaren zuzenketa epea zabaltzetik sortutako baliabide publikoen hazkundearen parte bat” horretara bideratu daien. Talde Popularrak esan dauenez, neurri horri esker, bi administrazinoek baliabide gehiago eukiko ditue.

Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, trenbide metropolitarraren 3. linearen lanen gaur egungo egoerea Batzarren aurrean azaldu eta astebete geroago, Bilduk Aldundiko arduraduna batzarretara barriro etortea eskatu dau, Matiko eta Etxebarri artean doan lur azpiko trenaren trazatua osatzen daben zatien burutzapen egoerea zehaztu daian.

Saio horretan, PP-k aurkeztutako beste Arauz Besteko Proposamen bat be eztabaidatuko da. Bertan, Herri Lan eta Garraioetako Sailari gonbitea luzatzen jako “Foru Errepide Sareko seinaleztapena hobetzeko lanakaz eta txirrindularien zirkulazinoa dala eta arrisku egoerearen barri emoten daben seinaleen instalazinoagaz jarraitu daian”. Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak gehikuntzako zuzenketa-eskea aurkeztu dau, “txirrindulariak ibilten diran errepideetako bazterbideak be egokitzeko”.

Beste alde batetik, Bilduk eskaerea egin dau, Foru Gobernuak, Leioako Unibersidadeko Campusera doazan ikasleen egungo billeteak merketzeko ezarri behar dituan beherapenei edo neurriei buruzko azalpenak emon daizan, eta, GazteTrans txartelaren bitartez, bidaiaren prezioa merketzeaz gain, zerbitzuetan beste edozelango hobekuntzarik sartzea aurreikusi daben esan daian.

Horrez gain, PP-k, Artxandako tunelak konpontzeko beharrei eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Rajoyren Gobernuak aginduta, autopistetako zati batzuetan abiadurea handitzeko (130 km/h) eta beste zati batzuetan abiadura hori murrizteko, Bizkaiko errepideetan aurrera eroango dauen politikari buruzko informazinoa eskatuko dau.