Getxoko Udalak, sute bat dala eta, urtarriletik itxita egon dan Aquariuma barriztetako lanak hasteko obra baimena emon dau
Joandako urtarrilaren 31n sutea izan ebanetik itxita dagoan Getxoko Aquariumaren jabe dan enpresak bidea zabalik dauka barriztete lanak hasteko. Getxoko Udalak joan dan astean emon eban obra lizentzia, Iosu Madariagak, Ingurumeneko Foru Diputatuak adierazo dauenez, azpiegitura horren itxiera luzearen zergaitiak azaltzeko Bizkaiko Talde Popularrak (PP) egindako eskaereari erantzunez Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldian.
Itsasoko azpiegiturea jendearentzat zabaldu ahal izateko lanen barruan, gaur eguneko teilatua kendu eta barria jarriko da, eta, ganera, lehenengo solairua eta teilatua eusten daben zutabeak eregiko dira. Aquariuma noz zabalduko dan esateko, teilatuak eregi arte itxaron beharko da, adierazo dau Madariagak, eta ez dau inolako eperik emon gura izan. Hori bai, dana dala, zabaltzeko ez da beharrezkoa izango lanak amaituta egotea, “aurreikuspenen arabera, erakusketa zabaldu ahal izango dalako lan batzuk egiten ari diran bitartean”, egiaztau dau.
GIPUZKOAKO ZABORRAK
Saio berean, Ingurumeneko arduradunak behin baino gehiagotan ukatu dau Bizkaiko Foru Aldundiak Gipuzkoatik planteamendu formalik jaso dauenik, etorkizunean lurralde horretako uriko hondakin solidoen parte bat Bizkaian lantzeko, balorizetako edo ixteko. Holan, komunikabide batean agertu diran azkeneko informazinoak “zurrumurruak” baino ez dirala esan dau, eta adierazo dauenez, Bizkaiko gobernuak behin baino gehiagotan guzurtau behar izan ditu horrelako informazinoak. Batzarretako talde guztiek ontzat hartu ditue diputatuak emondako azalpenak.
HEGAZTI ESPEZIE ARRUNTEI BURUZKO AZTERLANA
Bizkaiko ganberak aho batez eskatu deutso Foru Aldundiari, PP-ren proposamenari jarraituz, “berraztertu daizala” landa eta uri hegazti espezie arrunten populazinoen bilakaerearen inguruan dagozan datuak eta, beharrezko kasuetan, “egin beharreko azterlanak egin daizala” hegaztion bilakabidea zein dan jakiteko eta ingurumen eskumenak daukiezan administrazinoei neurriak proposatzeko, populazinoak mantentzearren. Talde horren arabera, udabarrian hegaztien erroldak aztertzen dituan SEO/Bird Life-en SACRE programak, urteak daroaz aztertzen hegazti espezie arrunten populazinoek daben bilakaerea, eta “eten bako beherakadea” ikusi dau landa zein uri eremuei lotutako espezie batzuen populazinoetan. EAJ-PNV taldeak, ekimenaren alde agertu bada be, txosten horreen emaitzen aurrean kontuz ibili behar dala esan dau. “Hutsune handiak” erakusten ditue, laginak Estatu osoko 20 puntutan hartzen diralako. Bilduk azpimarratu dau oso garrantzitsua izango litzatekela azterlanaren barruan, espezie horreentzat kaltegarriak izan daitekezan jardunbideak baztertzeko plan bat sartzea.
TRIANOKO MENDIEN BIOTOPOA
Bizkaiko Batzarrek aho batez onartu dabe PP taldearen beste ekimen bat, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko, Trianoko Mendien Biotopo Babestuak izango dauen izen ofizialean “Meatzaldea” toponimoa sartu daiala, Galdames udalerrian dagoan leku horren jatorriari omenaldia egiteko. Proposamenak EAJ-PNV taldearen zuzenketa-eskea jaso dau, euskarazko “Meatzaldea” berbea jaso daian. Azkenean, Eusko Jaurlaritzari bideratuko jakon gomendioa hau izango da: "Biotopo Protegido de los Montes de Triano – Meatzaldea - Zona Minera".
UR HODIA BOLINTXUKO TROKAN
Batzordeak ezezkoa emon deutso, Foru Aldundiak, Ur Partzuergoagaz alkarlanean, Bolintxuko trokea zeharkatzen dauen Ur Partzuergoaren hodia, Arnotegi eta Seberetxeko tunelak lotuko dituan zubi-bidearen behin betiko diseinuan “ea buztartu leiteken” ikusteko azterlan bat egin daiala dinoen eskaereari. Zubi-bide hori Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea A-8 eta A-68 autopistakaz lotzeko egingo dan lanaren parte da. Bilbo hornitzen dauen ur hodiaren ibilbidea aldatzeko ekimenak EAJ-PNV taldeko kideen (6) kontrako botoakaz, PSE-EE eta Bildu taldeen aldekoakaz (5) eta PP-ko batzarkide bien abstentzioagaz baztertu da.
Azpiegitura bietako ardura daukien teknikariakaz kontsultau eta gero, EAJ-PNV-k sozialisten ekimenaren kontra egitea erabagi dau, ikuspegi teknikotik “oso konplikaua” dalako eta, ganera, “eraikuntza proiektua asko eta asko garestituko leukelako”. Talde horren eretxiz, presino “handia” izango leuken 1,8 metroko diametrodun hodian jarteko “beharrezkoa” izango litzateke zubian zutabe bat egitea, eta hori ez dago aurreikusita hasierako proiektuan. Proiektu horrek zutabe bako egiturea aurreikusten dau, eragina txikiagoa izan daiten. Nerea Ahedoren (EAJ-PNV) eretxiz, hori jartean “ikusmen eragina askoz handiagoa izango litzateke”. Taldearen eretxiz, proiektuak bere alegazino unea izan eban. Batzarkide jeltzalearen berbetan, proiektua “berandu” heldu da.
PSE-EE eta Bildu taldeak, barriz, Bolintxuko trokea zeharkatzen dauen hodiaren eragina txikitzeko helburua izango dauen azterlana egitearen alde agertu dira. Isaac Fernándezen eretxiz, teknikarien txostena jaso eta gero, Batzordean aztertu beharko litzateke zerk dauen ikusmen eragin handiagoa, “42 metroko zutabe batek ala 200 metro baino gehiagoko hodi batek”.