Aurreko Albisteak

500 pertsona inguru igon dira Oiz mendira, dagoeneko ohikoa dan Batzarretarako deian parte hartzeko

Oizen, 2013ko bagilaren 2an

Eguraldia txarra izan bada be, 500 pertsona inguruk hartu dabe parte gaur eguerdian Oizko tontorrean egin dan Batzarreratako dei tradizionalean, Deiadarren Mendien Egunaren hamargarren edizinoan. Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen daben jardunaldi hori martxa klasikoa bilakatu da “mendia eta euskal ohiturak maite dituenentzat”, Ana Madariagak, Batzarretako presidenteak, Bizkaiko “balkoitik” adarren soinua entzun aurretik, adierazo dauenez.

Batzar Nagusiek 2004. urtetik antolatzen dabe jardunaldi hori, garai demokratikoan erakunde hori barriro martxan jarri zanetik 25. urteurrena bete zan urtetik. Ordutik, adin guztietako bizkaitarrek adarraren soinua entzun ahal izan dabe Bizkaiko bost deiadarren mendietako batetik (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz edo Ganekogorta), antxinatik Gernikan batzeko egiten zan deia gogoratuz. Uste danez, batzeko dei hori Erdi Arotik egiten da.

Aurtengo edizinoan Durangoko Alpino Tabira mendi taldearen laguntzea izan dauen mendi martxa goizeko 09:00etan urten da Garaitik. Oiz mendiaren magaletan dagoan puntu horretatik, taldeetan banandutako partaideak, urten eta bi ordu t’erdi geroago heldu dira deiadarren mendiaren 1.026 metroetara. Hotzak eta behelaino trinkoak markautako jardunaldia izan da, eta mendizaleek ezin izan dabe gure Lurraldeak eskintzen dauen ikuspegi ederrenetakoaz gozatu.

Tontorrean, adarren soinua entzun eta gero, Batzarretako presidenteak eskerrak emon deutsez partaide guztiei, igoeran parte hartzeagaitik, eta datorren urtean be ohitureagaz jarraitzeko gonbidapena luzatu deutse Ganekogorta mendira egingo dan igoeragaz. Alpino Tabira mendi taldeko ordezkariak, egun horretarako beren beregi egindako adar ofiziala emon deutso, 2014. urteko igoerea antolatzeaz arduratuko dan Bilboko Gailurra taldeko ordezkariari. Ekitaldi sinbolikoaren ostean, tontorrean batutako bostehun pertsona inguruk deiadarren soinua entzun ahal izan dabe.

Bizkaiko Batzar Nagusiak ordezkatuz, bertako presidentea, Ana Madariaga, Mahaiko idazkaria, Jon Andoni Atutxa, eta Jon Sánchez, Fernando Larrinaga, Ana Esther Furundarena eta Oscar Arana batzarkideak egon dira bertan. Beste erakunde batzuetako ordezkariak be bertan egon dira, Aitor Esteban, Bizkaiko Batzarretako presidente ohia eta Kongresuko diputatua, Oscar Zarrabeitia, Durangoko Mankomunidadeko presidentea, Gonzalo Sarrigoitia, Garaiko alkatea, edo Itsaso Atutxa, Bizkaiko EAJ-PNV-ko presidentea, besteak beste.

Jardunaldiari amaierea emoteko, jai txiki bat ospatu da tontorretik gertu. Partaideek sari txiki bat jaso dabe bertan egoteagaitik, eta gero, musikak, eta Kriskitin taldeak eskinitako Durangaldeko euskal dantzek alaitutako "hamaiketakoa” egin dabe.