Aurreko Albisteak

Erleentzat kaltegarriak izan leitekezala-ta, insektizida batzuk Bizkaian erabilteari ixteko eskatu dau PP alderdiak

Bilbon, 2013ko apirilaren 24ean

Bizkaiko Talde Popularrak (PPk) behar izan daitezan botoak bilatuko ditu ostiralako Batzordean Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko esan deiela baserritarrei “aholku moduan” ez erabilteko “imidacloprid” eta “tiametoxan” insektizidak “badaezpadan”. Talde horretako Taldeburuordeak, Arturo Aldecoak, aurkeztutako ekimen horretako arrazoiketan agertzen da plagizidatzat erabilten diran produktu biok dirala-ta zalantzak dagozala zientifikoen artean, ez ete daben eragingo zuzen-zuzenean erle gitxiago egotean, eta “zuhurtziaz” jokatu behar dala, plagizida seguruagoak erabiliz.

PP alderdiak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenean esaten da insektizida horreen ordez hoba litzatekeala Tacloprid deritxana erabiltea, “arazo gitxiago” daukalako. Baina Bildu Batzarkide-Taldeak zuzenketa-eske bat aurkeztu dau, esanez “Bizkaiko Foru Aldundia bera izan daitela, frutazain, nekazari eta erlezainakaz eta nekazal sindikatuakaz alkarlanean neonicoti¬noideen ordez erabili leitekezan insektizidak zeintzuk izango diran proposatu dagiana”, eta kendu daitela PPren proposamenean agertzen da insektiziden zerrendea.

Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak Taldeak be zuzenketa-eskea aurkeztu deutso proposamenari, onartutako testuan agertu daiten Elikagaien Segurtasunerako Europar Agintaritzak (EFSA) egindako gomendioa, hain zuzen be insektizida horreek ez daitezan erabili “arbolak loratu aurretik eta loraldian”, horixe da-ta arriskuko sasoia erleentzat. Europako Batzordeak agindutako txostenotatik EAJ alderdiak ataraten dau “ez dela aurreikusten intsektizida hauen erabilpena kaltegarria izan daitekeela erleentzat, loratzera heltzen ez diren laboreetan, esate baterako uhaza, zerba edo negutegiko laboreen kasuan”.

Beste Arauz Besteko Proposamen baten bidez, PP alderdiak gura dau Batzar Nagusiek eskatu deioela Foru Aldundiari “behar izan daitezan lankidetza eta informazino loturak ezarri dagizala Plagizida Neurotoxikoak Debekatzeko Sareagaz (PNDS), horren helburuak jadesten lagundu eta eraginkortasun handiagoaz babesteko erleak eta enparauko polinizatzaileak”.