Osoko Batzar arrunta eguaztenean, apirilaren 24an, Gernikan
Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak bihar, goizeko 9etan hasita, Gernikako Batzarretxean izango dan Osoko Batzarrerako deia egin deutse 51 Batzarkideei, egunerokotasunari loturiko 16 aztergai dituan Gai-Zerrendeari ekin deioen. Batzarraren lehen aztergai biak Aldundiaren ekimenak dira; horreetariko lehena Ur hornikuntza eta saneamenduaren esparruan Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasuneko ondasun eta eskubideei dagokienez Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin sinatuko dan lagapen-hitzarmena da, eta bigarrena, Bizkaiko Lurralde Historikoan zerga barriak aplikatzeari buruzko otsailaren 26ko 2/2013 Foru Dekretu Arauemailea.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Horreek eta gero, ZORTZI Arauz Besteko Proposamen eztabaidatzeko aukerea izango dabe bertaratutako Batzarkideek. Ekimen horreen erdia gai berari buruz, hain zuzen be Toki Administrazioen arrazionalizazio eta egonkortasun lege aurreproiektuari buruz, Batzarkide-Taldeek daben eretxiari buruzkoak dira, talde bakotxak ekimen bana aurkeztu dau-eta. Talde batzuk uste dabe aurreproiektu horrek aurka egiten deutsela euskal foru araubidearen berezitasun eta aginpideei. Lege aldaketa horri aurre egiteko ereaz eretxi ezbardinak ditue Batzarkide-Taldeek.
Gai horrezaz, bada, Bildu Taldeak eta Socialistas Vascos Taldeak zuzenean eskatzen deutse Espainiako Gobernuari bertan behera itxi dagiala aurreproiektua. Euzko Abertzaleak Taldearen (EAJ) ekimenean eskatzen da Aurreproiektua izapidetzeko tramiteekin jarraitu ezkero, legearen azken xedapenean jarri daitela Herrialde Historikoek toki administrazinoaren arloan daben foru berezitasuna bermatzeko gehigarria. Bizkaiko Talde Popularra (PP) be ildo beretik doa eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen deutso “Euskadiko Udalen Legea” egiteko; sozialisten ekimenean be agertzen da ideia hori. Udalen arlotik urten barik, Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE), beste ekimen baten, eskatzen dau Bizkaiko Batzar Nagusiek autortu deioela EUDELi, udalen arloari jagokozan gaietan, euskal erakundeen eta udalen arteko behineneko mintzakide zilegizko, baliozko eta eraginkor izaerea.
Beste Arauz Besteko Proposamen baten bitartez, PP alderdiak eskatu egiten dau Foru Aldundiak Iraskunde-Batzordean argipideak emotea Bizkaiko Batzar Nagusietan onartutako ekimenen betete mailari buruz. Batzar Nagusi horretan eztabaidatuko dan beste gai bat da “Bizkaitar Argia-llustres de Bizkaia” saria terrorismoaren biktimei emoteari buruzkoa. Talde berak aurkeztutako beste Arauz Besteko Proposamen baten bitartez, Eusko Jaurlaritzak Trianoko Mendialdearen Baliabide Naturalen Antolamendurako Plana 2013.ean onartzea eta Trianoko eta Galdameseko mendiak Biotopo Babestu izendatzea bultzatzea eskatzen da.
ALDUNDIAK ERANTZUTEKO AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Legebatzarrak Foru Exekutiboari egin beharreko ekimenen barruan sartzen dira hurrengo SEI ahozko erantzun-eskeak: PP alderdiak beste hainbeste ekimen aurkeztu ditu Aldundiari galdetzeko Punta Begoñako galeriei buruz, Bizkaibuseko gidarien “segurtasun arazoei” buruz, BECen finantza egoereari buruz, Bilbao-Bizkaia Card txartel turistikoari buruz eta Metro Bilbaoren 3. lineari buruz. Azken gai horren inguruan, PSE-EE alderdiak beste ekimen bat aurkeztu dau jakiteko ea Aldundiak bete dituanetz Bilbo iparraldetik joango dan Metro linea barri hori egiteko harturik zituan finantzaketa-konpromisoak.