Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiak Iñaki Irigoieni zapatuan, apirilaren 13an, egindako omenaldian

Iñaki Irigoien

Iñaki Irigoien

Bilbo, 2013ko apirilaren 10a.

Apirilaren 13an, Bilboko Euskal Museoko klaustroan, omenaldia egingo zaio Iñaki Irigoien dantzari eta koreografoari. Irigoienek Bizkaiko dantzen artxiboa ikertzen eta biltzen egin duen lana aitortzeko ekitaldia 12:00etan hasiko da. Honakoek parte hartuko dute: Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Iñaki Irigoien Etxebarria (Bilbo, 1935) euskal folklorean ezinbesteko pertsona izan da, eta batez ere euskal dantzan. Haren bizitza, zaletasuna eta grina beti egon dira mundu horren inguruan. 1952. urtean sartu zen mundu horretan. Lehenbizi Dindirri Dantza Taldeko dantzaria izan zen. Baina taldeko kideetako bat izanik gazteenei irakasten hasi zen, eta gero taldea antolatzen eta zuzentzen hasi zen. Hori gorabehera, euskal kultura eta folklorea ikertzeko asmoz egin zuen lana nabarmendu behar da. Dantza maite zuen. Izan ere, Euskal Dantzarien Biltzarraren (Baiona, 1966) sorrera zailean parte hartu zuen eta Iruñan (1978) eta Bilbon (1979) egindako lehen Dantzari Egunak antolatu zituen. Hain zegoen inplikatuta, non elkarteko presidente izatera heldu zen. Bera buru zela elkarteak aldi emankorra bizi izan zuen; dantza taldeei azpiegitura fisiko eta ekonomikoak eman zizkien, erakundeko presidentzia ezarri zuen, taldeak bultzatu zituen eta Euskal Herriko dantzen, tradizioen eta ohituren zabalkundea eta ikerketa sustatu zituen.

Azken alderdi horri dagokionez, eta 1983. urtean eratzen lagundu zuen Bizkaiko Dantzarien Biltzarretik bertatik, Iñaki Irigoien euskarri garrantzitsua izan da elkartearen jardunean. Gaur egun desagertuta dauden antzinako dantza tradizionalak berreskuratu eta zehaztu zituen; Bizkaiko folkloreari lotutako zenbait alderdiren dokumentazio historikoa egin zuen, eta gai horren gainean mediateka espezializatu ugaria sortzea bultzatu zuen. Gai horri lotuta dauden 70 argitalpen baino gehiago kontsulta daitezke.

Azaldutako guztia dela bide, 2013ko apirilaren 13an omenaldia egingo zaio Iñaki Irigoien Etxebarriari, egin duen lan guztia aitortzeko. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Bilboko Euskal Museoko klaustroan (sarrera Unamuno plazatik), BIZKAIKO DANTZA TRADIZIONALEN erakusketa egiten ari delako bertan 2013ko ekainaren 23ra arte.

Honako hauek parte hartuko dute omenaldian: Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak. Iñaki Irigoienen bideo biografiko bat proiektatuko da eta, gero, Gurutze kalean, Bizkaiko dantza esanguratsuenak dantzatuko dira: "Uriko Soka dantza", "Aurrez aurre", Lekeitioko "Mutilaren aurrekoa" soka dantza, Txoriherriko kontrapasa, "Aurreskulariena" soka dantza eta Erregelak eta Banango Zaharrak.

Euskal Museoko “Bizkaiko Dantzak eta Dantzariak” aldibaterako erakusketarako esteka. Bizkaiko Batzar Nagusiek parte hartzen dabe erakusketa horretan

http://www.euskal-museoa.org/es/berriak/xehetasunak/23