Edurnezuriren Batzarretxea
Sorginkeriaz-edo haor non Batzar Nagusien Bilboko egoitza Edurnezuri eta zazpi ipotxen etxe bihurtu jakun. Eraldaketa hain ikusgarri horren errudun dira Andrea Abalia eta Sandra Rilova, UPV/EHUko Arte Eder Fakultatetik urtendako artista gazte bi. Gaur goizean aurkeztu dabe “Ispilu-Ispilutxo” artelana, Bizkaiko Legebatzarraren Bilboko egoitzaren kanpoaldean ikusgai egongo dana, ume ipuin ospetsuaren ikuspegi berezia eskainiz.
Bost eszena dituan murala da, Batzar Nagusien kanpoko burdin hesian jarritakoa, “Edurnezuri eta zazpi ipotxen” ipuin ospetsuaren ikuspegi narratibo barria emonaz. Artelan atonkera pertsonala eta iraunkorra da, neurri handikoa —20 metro koadru—, ikusgarria Bilboko Hurtado de Amezaga kalean dabilen edonorentzat. Artelan horrek osatu egiten dau gaur egun Batzar Nagusien erakusketa aretoan ikusi leiteken “Alter Ego” izeneko erakusketea. Erakusketea luzatu egin da, apirilaren 24ra arte.
«“Ispilu-Ispilutxo” instalazinoagaz kalera, gure egoitzaren aurrekaldera, ataraten dogu Batzar Nagusien barruko erakusketa aretoan egon ohi dan artea» esan dau Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakarik goizon, ekimenaren aurkezpenean. Madariaga andreak Andrearen eta Sandraren lanagazko autortza adierazo eta esan dau “sortzaile gazte ete etorkizun handikoak dirala, narratzeko estetika oso erakargarria dabenak”. Lana kaleko edonorentzat deigarria izango da “emakumezko biren arteko aurkakotasuna islatzen dau”, ume ipuinean oinarrituta.
Artelan horregaz, bada, artistek hausnarketea edegi gura dabe Edurnezurik eta Sorginak —ontasunak eta gaiztakeriak— islatzen dituen balio eta ezaugarriez eta gaur eguneko gizartean daben eraginaz; horrezaz ganera, beren beregi hartzen da kontutan “Alter Ego” erakusketea, barriro be Batzar Nagusiek eta Euskal Herriko Unibertsitateak daben lankidetzaren eskutik sortutakoa, Arte Eder Fakultatetik urtendako artista gazteek egiten dituen artelanak gizartera helduarazoteko asmoaz. Lide Kaltzadaren eta Andrea Abaliaren margolanak alkarrizketan egongo dira Bilboko egoitzaren barrualdeko erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga, 6) apirilaren 24ra arte zabalik egongo dan erakusketakoakaz. Sarrerea doanekoa da.
Barrukaldean dagozan artelanek zein kanpoaldean jarriko diranek harridurea eragiten dabe bat batean. Eurei begira geratu eta zertzeladen bila ibiltea suspertzeko sortuak dagoz. Lanok dituen ñabarduretan parodia, ironia eta satira buztartzen dira, tragikotasuna eta doilortasuna ostean dirala. Erakusgarri dagozan artelanak ispilu dira, non bisitarien benetako “egoak” islatzen diran, batez be emakumezkoenak.
Artistek ikuspegi barria bilatu deutsie ipuinari, pertsonaien ezaugarri psikologikoetan eta bilbearen suspensean eraginda. Horretarako, bada, artista bakotxak kontuaren protagonistetariko bat (Edurnezuri eta sorgina) interpretaten dau, ipuina laburtzen daben bost sekuentziatan atonduz begi-bistako narrazinoa eta hausnarketarako bideak edegiz figura biok dituen balio eta ezaugarriez eta gaur eguneko gizartean daben eraginaz.
http://www.eitb.com/es/videos/detalle/1308056/video-espejito-espejito-vuelta-al-cuento-blancanieves/