Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Foru Aldundiari, bere esku dagozan egoitzetako plazen prezioaren eguneratzea "aurretik" jakinarazo daian

BATZORDEA

Bilbon, 2013ko apirilaren 8an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egingo deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, urte honetatik aurrera, mendeko nagusiek Aldundiaren egoitza batean egoteagaitik ordaindu beharko daben prezioaren eguneratzea “aurretik” jakinarazo daian. Gaur goizean Bilbon batu dan Gizarte Ongizateko Batzordeak aho batez onartu dau Bizkaiko Talde Popularraren (PP) Arauz Besteko Proposamena. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Foru Aldundiari, tarifan aldaketea egin aurretik, zerbitzu horreen erabiltzaileei jakinarazpena bialtzeko.

Orain arte, erabiltzaileek, urtero ordaindu beharreko zenbateko ekonomikoa adierazoten eban oharra, sartzen ziran urtean bakarrik jasoten eben, eta hortik aurrera, prezioa modu automatikoan eguneratzen zan, KPI-aren igoeraren arabera. PP-ren eretxiz, egoitzako plazaren prezioaren egokitze automatiko horrek, aurretik horren barri emon barik, egoera “deserosoak” sortzen ebazan egoitzetako erabiltzaileen artean, “askotan” erabiltzaile horreek ez ebelako zerbitzuaren benetako prezioa ezagutzen.

Talde Popularrak Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen zuzenketa-eskea onartu dau, testuaren idazketea aldatzeko, zenbatekoaren eguneratzeari jagokonez. Jeltzaleen eretxiz, proposamenak ez eban jasoten Foru Aldundiak urte batean bere esku dagozan egoitzetako plazen tarifak izozteko erabagia hartzeko aukerea. Kasu horretan, Gizarte Ongizateko sailak ez leuskio zerbitzuaren kostua jakinarazo beharko erabiltzaileari.


LAGUNTZAILE PERTSONALERAKO PRESTAZINOEN DEKRETUA, BAGILERAKO

Batzorde berean, Foru Aldundiak, Laguntzaile Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoen (LPPE) Foru Dekretu barria datorren bagilean onartuko dala jakinarazo dau. Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak, Pilar Ardanzak, adierazo dau Batzar Nagusietan, Bildu taldeak “ahoz” egindako galdereari erantzunez. Aldundiko, eta mendeko pertsonakaz behar egiten daben erakundeetako, teknikariek osatutako lan taldeak maiatzean proposamena emon eta gero, Aldundiko arduradunak esan dauenez, Bizkaiak dekretu barria izango dau bagilean eta horrek –Ardanzaren berbetan– laguntza hori “pertsona gehiagok” jaso ahal izatea eragingo dau. Bilduk adierazo dauenez, 2011n Aldundiak 4 prestazino baino ez ebazan emon, eta 2012an, 6.


GUFEKO ZUZENDARITZA TALDEKO POSTUAK

Batzorde berean, Foru diputatuak, GUFEko zuzendaritza taldeko 21 postu beteteko esleipen prozesua martitik geldik dagoala onartu dau, sindikatu batek aurkeztu dauan helegitea dala eta. Foru Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, joan dan abenduan esleitutako 9 plazak “meritu lehiaketa” bitartez jaso ziran, erakunde publiko horretako Negoziazino Mahaiak emondako aginduak jasoz eta epai judizial bat betez. Ardanzak ziurtatu dauenez, aukeratutako prozesua, Foru Aldundiko Zerbitzu Buruak aukeratzeko apliketan dan “berbera” da.

Bilduk galdera bat egin eutsan Aldundiari, GUFEko zuzendaritza taldeko postuak beteteko hautagaiak aukeratzeko prozesua ezagutu ahal izateko. Irune Sotok, BILDUko bozeroaleak adierazo dau azken hilebeteetan bi kontratazino egin dirala, “lehiaketan oinarritutako” araudia “osorik” bete barik.