Batzar Nagusiek ezetza emon deutse Zorrotzan dagoan "Chimbo" lantegi zaharraren lurretan garraio publikoaren erabiltzaileentzako "disuasino" aparkalekua eregiteari
Itziar Garamendi, batzordean
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Herri Lan eta Garraioetako Batzordean, RENFEko aldirietako geltokiagaz “lotutako” aparkalekua eregitea baztertu dabe gaur. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeak bat etorri dira Bildugaz, proposamena aurkeztu dauen taldeagaz, garraio publikoaren erabilerea indartzen daben eta automobilez egiten diran bidaiak gitxitzen dituen holango azpiegituren defentsan, baina koalizino abertzaleak, Foru Aldundiari eta Garraio Partzuergoari aparkaleku hori eregiteko ahaleginak egin daiezan eskatzeko aurkeztu dauen ekimenaren kontrako botoa emon dabe, EAJ-PNV-ren esanetan oraindino ez dagoalako garbi zein dan Foru Aldundiaren esku dagozan lur horreei emongo jaken azken erabilerea.
Une honetan, Foru Aldundia eta Bilboko Udala –azken erakunde hori da “Jabonera” lantegi zaharra egoan lur-zatiaren azken erabilerea erabagiko dauena– beharrean dagoz, Zorrotzan gaur egun dagoan aparkaleku beharra arinduko dauen “aldi baterako aparkalekua” eregiteko lurra lagateko, Nerea Ahedok, EAJ-PNV taldeak batzordean dauen bozeroaleak azaldu dauenez. Socialistas Vascos (PSE) taldea abstenidu egin da bozketan. Joaquín Colmenero batzarkideak adierazo dauenez, eregiko dan azpiegitura horrek bi erabilera euki daikez, bertako biztanleei zein garraio publikoaren erabiltzaileei zerbitzua eskaintzeko.
ITZIAR GARAMENDIREN AGERRALDIA
Proposamen horren aurretik, batzordeak Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Bildu eta PSE-EE taldeek egindako galderen aurreko azalpenak entzun ditu, TCSA-ko Enpresa Batzordeak Bizkaibuseko zerbitzua eskaintzen dauen konpainia horretako autobusetan hautemandako “matxurei eta arazoei” buruz. Gai hori Gernikan egindako osoko bilkuran be landu zan.
Garamendik gogoratu dau arazoa “bere neurrian” landu behar dala. Informazinoa, emakidedun baten enpresa batzordetik sortu da, “ez Bizkaibus osatzen daben emakida guztietatik”. TCSA-k
127 autobus erabilten ditu, eta Bizkaibuseko zerbitzua 330 autobusek eskaintzen dabe, 7 emakidadunetan. “Erdira be ez dira ailegetan”. Beraz, arazoa larregi ez zabaltzea eskatu dau. “Hori ez da zuzena” beste enpresentzat, gaineratu dau.
Enpresa batzordeak salatu dituan eta batzarretako taldeek jaso dituen “matxurei” jagokenez, diputatuak, sindikatuen abenduko azken txostenaren eukia mugatu gura izan dau. “Matxura guztiak ezin dira matxura moduan hartu”. PP taldea be adierazpen horregaz ados agertu da. Talde horren eretxiz, matxuren “%80” autobus barruan dagoan garbitasunari edo “ikasmahai” barriaren instalazinoari buruzkoa da, eta %20etan “ez dago argi” “bide segurtasunean arriskua sortu daikienik”, Jesús Isasik, PP-k batzordean dauen bozeroaleak adierazo dauenez.
Garraioetako arduradunak azken osoko batzarrean jakinarazo eban moduan, Foru Aldundiak, aurkitu diran arazo guztiak “atoan” aztertzeko, aurkeztu beharreko txostena aurkezteko eta enpresa batzordeari egindako jarduketa “guztien” barri emoteko agindu deutso enpresa emakidadunari. “Ez da egia batzordeak esaten dauena, ez dogula erantzunik emon”, adierazo dau Garamendik.
BIZKAIBUSEKO FLOTA BARRITZEA
Foru Aldundiak Bizkaibuseko flotaren egoereari buruzko kontrol lanak egiten ditu aldian behin. Azkenekoa urtarrilaren 18tik 25era egin zan, 111 ibilgailu ausaz aztertu ziranean. Autobusen egoerearen “etenik bako” jarraipen horregaz batera, Garamendik material mobikorra barriztetako esfortzua azpimarratu dau. 2011 eta 2012 artean, sailak 72 autobus barri sartzea baimendu eban (horreetatik 31 TCSA enpresan) eta aurton TCSA bertan beste 16 sartzea aurreikusten da. Zehapenen atalean, azkeneko urte bietan sailak 49 zehapen espediente izapidetu eutsazan konpainia horri, “plataformaren eta aire girotuaren funtzionamendu txarrarengatik”.
Garamendik gogoratu dau, baita be, Bizkaibusek eskaintzen dauen zerbitzuaren gogobetetasun orokorreko indizeak “oso ondo” mailan dagozala, baina “dana hobetu daitekela”. Aurrerago egin beharreko emakidei begira, diputatuak aurreratu dau hurrengo kontratuetan, “zerbitzua eskaintzeko orduan kalidadea eta kudeaketea kontuan izango dituan indize zuzentzailea” sartuko dala.
Azalpenak entzun eta gero, Bilduk “ardura handiagoa” eskatu deutso Aldundiari bere ikuskapen jardueretan. Aitor Torre batzarkideak ez dau alarmismora jo gura izan, baina Foru erakundean “itxikeria” dagoala adierazo dau. Koalizino abertzalearen eretxiz, TCSA-k eskaintzen dauen zerbitzu horren kalidade maila gero eta txikiagoa da, beste errazoi batzuen artean mantentze lanetako zerbitzua lekuz kanpo dagoalako, azpi-kontratazinoa gero eta handiagoa dalako, tailerretan mozketak emon diralako eta erreserbarako dagoan autobus kopurua gero eta txikiagoa dalako.
Talde sozialistak, bere aldetik TCSA-k zerbitzu “narriatua” eskaintzen dauela adierazo dau, baina Joaquín Colmenerok, batzordeko bozeroaleak, argi itxi dau gero, orokorrean, Bizkaibusek eskaintzen dauen zerbitzua “ona” dala. “Gu arduratzen gaituana, matxurak dituen eta istripuak sortzen dituen ibilgailuak egotea da”. Matxura horreen artean, ibilgailuen direkzinoan dagozan dardarak eta pneumatikoek presinoa galtzea aitatu ditu.
BILDUK PROPOSAMEN BI BAZTERTU DITU
Bildu taldeak, batzordean aurkeztu behar ebazan proposamen bi baztertu ditu. Alde batetik, Bizkaian lan egiten daben EuskoTren eta Feve operadoreen geltokiak eta nasak erabilerraztasunari buruz indarrean dagoan araudira egokitzeari buruzkoa, eta bestetik www.tubarik.net web guneak eskaintzen dauen informazinoaren barruan Bizkaibuseko eta Bilbobuseko kabinak sartzeari buruzkoa, Barik txartela saltzeko eta kargetako puntu moduan. Une honetan web gune hori ez da exisititzen. Informazino hori, une honetan eregiten dagoan “tarjetabarik.net” atarian jasoko da, gainerako taldeek argitu dabenez.