Aurreko Albisteak

Bilduk Aldun Nagusiaren agerraldia eskatu dau Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, BEC-en finantza egoerea eta euren etxeetatik kaleratutako pertsonei Aldundiaren etxebizitzak lagateko plana azaldu daizan

Bilbon, 2013ko martiaren 21ean.

Batzarretako Bildu Taldeak Jose Luis Bilbaoren, Aldun Nagusiaren presentzia eskatu dau bihar egingo dan Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren Fiskalizazino Txostenean Bilbao Exhibition Centreri (BEC) buruz agertzen diran “gertakariei” buruzko azalpenak emon daizan.

Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek aurrekontuen inguruan lortutako akordioaren ostean, Aldundiaren etxebizitzak, euren etxeetatik kaleratutako edo kaleratzeko arriskuan dagozan familiei bideratzea iragarriz, kaleratu dan barriak beteko dau Bizkaiko Ganberako kontrol saioaren parte bat. Bilduk Aldun Nagusiaren presentzia eskatu dau barriro, “Etxebizitza Foru Planeko etxebizitza hutsak euren etxeetatik kaleratutako pertsonei lagateko Foru Aldundiak martxan jarri dituan eta hemendik aurrera jarriko dituan jarduketen barri emon daian, modu kronologikoan”.

Horrez gain, koalizino abertzaleak beste eskari bat be egin dau, Imanol Pradalesek, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, bost aholkularitza soziedadek eta bost pertsona fisikok bere departamentuak kudeatutako programei egindako iruzurra azaldu daian. Iruzur hori Foru Ogasunaren ikerketa batek aurkitu eban, eta Bilduko bigarren ordezko bozeroaleak, Joseba Gezuragak, azaldu dauenez, “horren barri komunikabideen bitartez izan dogu”.

Socialistas Vascos taldeak, bere aldetik, azalpenak eskatu deutsaz Ekonomia Sustatzeko departamentuko arduradunari, Iñaki Egañaren, talde sozialistako bozeroalearen eretxiz, Godexolako Udaleko enpresa haztegia “bertan behera itzita” dagoalako. Bizkaiko Foru Aldundiak 450.000 euro emon ebazan haztegi horretarako 2005-2006 aurrekontu ekitaldietan.

VIRTISURI BURUZKO PROPOSAMENAK

Horrez gain, Batzordeak, Bildu taldeak aurkeztutako Arauz Besteko bi Proposamen eztabaidatuko ditu, Foru Aldundiak formularen bat bilatu daian, Jofel enpresaren 600.000 eurotik gorako abalak Virtisuko langileei ordaintzeko erabili ahal izateko. Gainera, Aldundia jaube dan enpresa horretako makinek euren erabilgarritasuna galdu ez daien, Foru Aldundiak “elektrizidade eta gas” lotuneak egitea gura dau koalizino abertzaleak.