Hedabideentzako liburu aurkezpena: "Ismael Fidalgo. margolari espresionista baten abentura", Xabier Sáenz de Gorbeak prestaturikoa
Nekez bildu daiteke ale bakar baten Ismael Fidalgo (1928-2010) gerra osteko artista espresionista enkarterritar oparo horren ibilbide plastiko guztia. Xabier Sáenz de Gorbeak, Enkarterrietako Museoaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzagaz, lortu dau lortu Sopuertako margolari horren 300 lan baino gehiago —danak ez— non dagozan ikertu eta liburu bakar baten jasotea. “Ismael Fidalgo. Margolari espresionista baten abentura” izenburua daroa Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan gaur aurkeztu dan liburu horrek. Aurkezpen ekitaldian izan dira Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Xabier Sáenz de Gorbea bera; Sáenz de Gorbeak margolari enkarterritarrari buruzko hitzaldia emon dau.
Ismael Fidalgo margolari enkarterritarra eta bere lana urte bitan ikertu izanaren emaitza da liburua. Bere ibilbide osoari buruz Enkarterrietako Museoan egin zan erakusketea izan zan ekitaldirik behinena, non Fidalgoren 100 lan baino gehiago egon ziran erakusgarri. Erakusketa haren osagarri, Fidalgok garai kide izan zituan artistei buruzko beste erakusketa bat egin zan Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa-aretoan, bertan batu zirala, besteak beste, Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, Mentxu Gal edo Iñaki García Ergüínen lanak.
Sáenz de Gorbea izan zan erakusketa bien komisarioa; atondu dauen ia 200 orrialdeko liburuan, bada, kronologikoki arakatzen dau Fidalgoren bizi inguruabar aldakorretan eta itxi eban oste artistiko aberatsean, argazki eta dokumentu erreferentziaz hornidurik, hori guztia lokalizatu ahal izan diran artelanen katalogoak biribilduta, 300 baino gehiago nonbaiten. Katalogo-liburuaren osagarri DVD bat dator, non Fidalgoren ibilbidean zeharko dokumental bi dagozan, 20 pertsonak baino gehiagok emondako lekukotzakaz, esaterako Agustín Ibarrola edo Ricardo Toja margolarienak, Roberto Sáenz de Gorbea arte adituarena edo Juantxu Pikaza eta Ana Mari Marín lagun izan zituanenak.
Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak egin dau liburuaren aurkezpena. Madariaga andreak azpimarratu dauenez, erakusketak egitea eta liburua ataratea “bidezkoa zan gerra osteko artisten belaunaldiko hain artista esanguratsua eta eraginkorra gogotara ekarteko”. Ana Madariagak Fidalgori buruzko ikerketa lanean parte hartu daben guztiei eskerrak emon eta ganeratu dau Fidalgoren lanek jente askoren bizipenak azaleratzen dituela; “artista espresionista zan, gerra-osteko margolari eta eskultoreen belaunaldian buztartua, Meatzaldeko paisajeak inork gitxik egin leiken moduan margozten jakin ebazana, eta meatzaldekoak bakarrik ez, Baztanekoak eta Gaztelakoak be maisuki margoztu ebazan-eta” esan dau Batzar Nagusietako Lehendakariak.
Horren ostean, Xabier Sáenz de Gorbeak hitzaldia emon dau Sopuertako artisteari buruz. Fidalgo penintsulako beste leku batzuetan egindako egotaldiek moldaturik egoan, garaikide izan zituan sortzaile garrantzitsuen iturrietatik edanda. Fidalgo berenez bihurtu zan — Sáenz de Gorbearen aburuz— XX. mendeko euskal artistarik bikainetariko bat, espresionismoaren barruan. Lagun eta adiskide izan zituan margolari eta eskultoreak, esaterako Agustín Ibarrola, Norberto Ariño de Garay eta Ricardo Toja, edo olerkariak, esaterako Blas de Otero bera. Fidalgoren ezaugarriak ziran koloreen erabilerea, paletearena eta azaleratzen eban espresibidade handia.
Hitzaldian zehar gogotara ekarri dira Fidalgoren hasierako sasoiak Baztanen. Nafarroan hondino be garai haretako arte eta margolaritzaren iraultzaile handi moduan gogoratzen dabe. Madrilen ezagutu eban Oteiza eta haren eragin handia jaso eban, lotura estua izan eben eta. Gaztelatik be igaro zan eta hango paisajeak be jaso zituan koadruetan. Azkenik, Euskadira bihurtu eta Trapagaranen bizi izan zan; hantxe sortu eban, Marcelino Bañalesegaz batera, “La Balco”ko (Babcock Wilcox) margolarien taldea. Gitxik lortuko eben Fidalgok lez margoztea Meatzaldeko paisajeak.