Aurreko Albisteak

Turismo arloko adituek "Merioaren ibilbidea" ezagutu dabe

Gerediaga, 2013ko martiaren 15n

Merioaren ibilbidea, Gerediaga Elkarteak Durangaldeko eskualdearen historiara hurbiltzeko eskaintzen dauen aisia eskaintza da. Goiuria auzoan hasi eta Elorrion amaitzen dan ibilbide horretan, mende luzez bere bidea Gerediagako Batzarretxetik zuzendu eban eskualdearen antolakuntza moduak eta berezitasunak ezagutu arazoten dira. Gerediagako Batzarretxea da, hain zuzen be, ibilbideak izango dituan zortzi puntuetako bat. Euskadiko ingurune natural ederrenetako baten eta tradizino gehien dauenetako baten historia, ondarea eta gastronomia batzen dituan kultur ibilbide aberatsa zabaltzeko, Gerediaga Elkarteak, Euskadiko hainbat txokotatik etorri diran turismo arloko adituen bisita antolatu dau gaur.

Gerediaga Elkartearen deiak erakarritako bisitariak, XIX. mendera arte Bizkaiko jaunaren ahaldun ziran merioek egiten eben antxinako ibilbidearen enbaxadore bilakatuko dira. Horretarako zortzi leku enblematiko bisitau ditue: Goiuria auzoa, Momotioko San Juan, Garai, Gerediaga, Astola, Muntsaratz, San Agustin Etxebarria eta Elorrio. Leku batzuetan, Durangaldearen gorabehera historikoakaz erlazino zuzena izan daben eraikin enblematikoen barrualdea ezagutzeko aukera izan dabe, Gerediagako Batzarretxean, adibidez.

Ibilbideak dituan zortzi geraleku horreetan, Gerediaga Elkarteak “totem” batzuk jarri ditu. Totem horreetan bisitariek ibilbide osoari eta dagozan leku zehatzei buruzko informazinoa jaso daikie, adierazleetan dagozan argazkien eta testuen bidez, baita mugikorraren bitartez be, ikurretan jarritako QR kodeen bidez, Gerediagak elkartearen webgunean dagoan informazino zabalagora joateko.

Gerediaga Elkartea ari da jada ibilbide horretako bisita gidatuak antolatzen, proiektuaren hedapenean aurrera pausuak emoteko. Alkarteak ibilbidea osatzeko inguruetan beste jarduera batzuk be egitea gomendatzen dau, Argiñetako nekropoli ikusgarria edo Kurutzesantu museoa bisitetea, edo euskal labela daben produktuak dastatzea, Urkiola Landa Garapena alkartearen “Oiz egin” egitasmoaren eskutik txakolindegietara bisita eginez, adibidez. Amaiera ederra ibilbide bikainerako.

Lotutako artxiboak: