Bizkaiko Foru Aldundiak 2017an aurreikusitakoa baino 166 milioi euro gehiago batzea aurreikusten dau
Hori izan da Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak gaur goizean egin dan saioan Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen aurrera eroan dauen gaietako bat.
EAE osoan, 2018rako tributu kontzertauengaitik aurreikusten dan diru-bilketea 14.706,5 milioi eurokoa da. Oraingo honetan be, kupoaren ganeko akordioak kontuan izan barik, benetako hazkundea %6,6koa izango da.
2019. urteari begira, HDEK-CVFPk, “euskal ekonomiaren hazkundea kontuan izanda”, hiru Foru Aldundiek, tributu kontzertauengaitik, 15.265,4 milioi euro batzea aurreikusten dau, hau da, 2018rako aurreikusitako itxierako diru-bilketea baino %3,8 gehiago.
Rementeriak gogoratuazo dauenez, bilera horretan hiru Foru Aldundiek Eusko Jaurlaritzari 2019an egingo deutsiezan ekarpenak be onetsi ziran. Kopuru hori 10.155 milioi eurokoa izango da. %50,41a –2018an baino %0,04 gehiago– Bizkaiko Ogasunak jarriko dau. Bilera horretan, 2019rako Doikuntzako Funts Orokorraren behin behineko zenbatekoa be zehaztu zan, eta 114,3 milioi eurotan itzi zan; kontzeptu horren finantzaketaren %70,04 Eusko Jaurlaritzaren esku dago, eta Foru Aldundiek ganerako %29,96a ordaindu beharko dabe. Bizkaiari jagokonez, %15,10 jarri beharko dau.
Horrez gain, bilera haretan, euskal administrazinoek 2019an be Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Funtsera 20 milioi euro bideratzea adostu eben. Eusko Jaurlaritzak 14 milioi jarriko ditu, eta ganerako 6 milioiak Foru Aldundiek. Bizkaiko Lurraldeak 10.082.000 euro jasoko ditu. Horreetatik, erdia Udalek kudeatuko dabe, eta beste erdia Aldundiak berak.
Beste alde batetik, Ahaldun Nagusiak, urriaren 17an egin zan Finantzen Bizkaiko Lurralde Kontsejuaren bileratik sortutako akordio batzuk zehaztu ditu. Ekitaldi honetarako itxierarako aurreikuspena 850,92 milioi eurokoa da, hau da, aurrekontuetan aurreikusitakoa baino 31 milioi euro gehiago.
2019rako, aurreikuspena 869,1 milioi eurokoa da (2018ko aurrekontukoa baino %6,1 gehiago). Horri esker, udalek 50 milioi gehiago eukiko ditue.
Oposizinoko taldeek euren txandea baliau dabe koefiziente horizontalen edo Erakunde arteko Funtsaren ganean Ahaldun Nagusiak emon dauen azalpenean sortu diran zalantza batzuk argitzea eskatzeko. Juan Otermin batzordekide sozialistaren eretxiz, “gure Lurraldeak eta Euskadik bizi daben egonkortasun politikoa positiboa ari da izaten, ekonomiarako eta gizarte arloko egonkortasunerako”.
Modu berean, Jon Atutxa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, udalen finantzaketaren igoerea jarri dau balioan: “Horrek esan gura dau Udalkutxa gehiengo historikora helduko dala, 757 euro persona bakotxeko, hain zuzen be”.
LOIOLAKO SAN INAZIOREN KANONIZAZINOAREN LAUGARREN MENDEURRENA
Saioa bukatzeko, Talde Mistoak aurkeztutako Arauz besteko proposamen bat eztabaidatu da. Bertan, Arturo Aldecoa bozeroaleak, “2022an Loiolako San Inazioren kanonizazinoaren laugarren mendeurrenaren inguruan jarduerak antolatzen dituen erakundeei bere laguntzea eskaintzea” eskatzen eutsan Foru Aldundiari, “gure lurraldeagaz daukan loturea dala eta, Bizkaiko zaindaria dalako eta bere lanak eta irakaskuntzak azkenengo gizaldietan euki daben garrantzia dala eta”.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu dira, eta baita Podemos eta EH Bildu taldeak be, eta, hori dala eta, ekimenak ez dau aurrera egin. Talde Popularra abstenidu egin da. Ezezko eretxiak ikusita, Aldecoak “aukera horri pasetan ez izteko” eskatu dau, bere eretxiz “gertakari garrantzitsua” dalako.