Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onetsi kontrol neurririk jarterik Foru Aldundiko goi karguen ibilgailu ofizialen flotan

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Ba

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen bederatzi botoak nahikoak izan dira Talde Popularrak eta Talde Mistoak, Aldundiko goi karguen zerbitzurako erabilten diran ibilgailu ofizialen flotan kontrol neurri berriak jarteagaz erlazionauta aurkeztu dituen neurri biak baztertzeko.

Alde batetik, Talde Popularraren Arauz Besteko Proposamenak eskaria egiten eutsan Aldundiari, ibilgailu ofizialen erabileraren ganeko protokoloa ezarteko, ibilgailu horreek “behar instituzionalagaz zuzenean erlazionautako helburuetarako baino ez erabilteko”. Ekimen horren barruan, protokoloa beteko dala bermatzen dauen mobikortasunaren ganeko sistema adimentsua instaletea be aurreikusten zan.

Javier Ruiz bozeroale popularrak, ibilgailu horreek egiten daben “kilometro kopuru handia” salatu dau. Ruizen berbetan, diputatu bakotxak 33.000 kilometro egiten ditu batez beste urtean. Horrez gain, “helburu partikularretarako be erabilten dirala” salatu dau. Holan, bozeroale popularrak, “lan jardunaldiak goi karguaren beharren eta eskariaren araberakoak dirala” kritikau dau.

Talde Mistoak aurkeztutako proposamenak, barriz, Aldundiko goi karguentzako ibilgailu ofizialen parkean flota horreek kudeetako sistemea instaletea eskatzen eutsan Foru Aldundiari, ibilgailuen floten hardwarearen eta softwarearen bitartez, holan, “modu errezean, ibilgailu bakotxaren erabileraren ganeko datuak ezagutzeko, hori optimizetako eta baliabide publikoen erabilerea hobetzeko”.

Ibilgailu horreen erabilerea errazionalizetako eta kudeetako helburuagaz, Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak, “horren ganean behar egiteko aukerea emongo deuskuen etorkizuneko datu iturrietara joatea” gomendau dau.

Halanda be, ekimen biak onetsi barik geratu dira, Foru Gobernua eusten daben taldeen kontrako eretxia dala eta; EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak, orain hilebete batzuk azaldutakoagaz bat etorrita, “errazionalizazino ariketa hori daborduko egin dala” gogoratuazo dabe. Aurretik esan eben moduan, parke mobikorrak %33ko murrizketea izan dau, aurreko legealdiagaz alderatuta.

Ekain Rico bozeroale sozialistak, Talde Popularrak ibilgailuen erabilera pertsonalaren ganean esandakoa guzurtau dau: “Zu eta ni, ez gara inoiz ekitaldietara joan Batzarretako gure taldeen ordezkari moduan asteburuetan, eta bertan Aldundiko ordezkariakaz alkartu?”. “Politikaren ganean harriak botateko joerea jarraitzen daben kontu demagogikoak baztertzeko eskatzen deutsut”, esan dau.

Ildo berean, Irene Edesa ordezkari jeltzaleak azpimarratu dauenez, “behar egiteko beste tresna bat da” eta “goi kargu guztiek ez daukie euren ibilgailua”. Edesak ibilgailuen erabilera “arduratsua eta zaindua” defendidu dau; erabilera “beharrezkoa”, Bizkaiko herritar guztiei “arreta egokia” emoteko.

Oposizinoko ganerako taldeei jagokenez, Podemos eta EH Bildu taldeak bat etorri dira zelanbaiteko kontrol neurria ezarri beharra azpimarratzeko orduan.

Neskutz Rodriguez Podemos taldeko bozeroaleak, “pribilegioak saihesteko” gida bat sortzea defendidu dau, “ibilgailu ofizialen erabileran gardentasuna eta informazinoa egon daiten”. Meritxel Elgezabal EH Bilduko batzordekideak, bere aldetik, beste batzuen artean kudeaketaren ganeko erespideak eta gidarien lan baldintzak barru hartuko dituan protokoloa ezartea eskatu dau. EH Bildutik beharrezkoa ikusten dabe, baita be, protokoloaren barruan beharginen familiako eta laneko bizitzaren arteko kontziliazinoa jasotea.

Bozketan, Talde Popularraren proposamenak Talde Popularraren, Talde Mistoaren eta Podemos Bizkaiaren aldeko botoak jaso ditu; Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe; eta EH Bildu abstenidu egin da.

Talde Mistoaren proposamena be ez da onetsi, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek kontrako botoa emon dabelako. Aldeko botoa emon daben bakarrak Talde Popularra eta Talde Mistoa izan dira. Batzarretako Podemos taldea abstenidu egin da.

HAUTESKUNDE-BARRUTI BAKARRA

Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak ez dau onetsi Talde Mistoaren arauz besteko beste proposamen bat. Ekimen horren bitartez bilatzen zana, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari “Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzko martiaren 27ko 1/1987 Legean egin daiteken edozein aldaketatan Bizkaiko Lurralde Historikoa hauteskunde-barruti bakarra izatea” eskatzea zan. Proposamena ez da onetsi, aldeko boto bakarra proposamena aurkeztu dauen taldearena izan dalako.