Aurreko Albisteak

12.500 bisitari izan dira Gernikan lehenengo sei hilabeteetan

Batzarretxeko sarrerea

Batzarretxeko sarrera nagusia

Euskal Herriko hainbat ikasle-taldek egin dabe bisitaldia, baina bisitariotako asko eta asko kanpokoak dira, batez be beste autonomi erkidego batzuetakoak, Kataluniakoak gehien, eta Europako Batasuneko beste herrialde batzuetakoak. Baina Batzarretxera etorri eta Gernikako Aretxaren ondoan argazkia ataraten ikusten ditugunak ez dira bakarrik penintsulako edo kontinente europearreko turistak, beste kontinente batzuetakoak be etorten dira-ta, esaterako iparramerikarrak, txiletarrak, mexikarrak, nikaraguarrak, brasildarrak, japoniarrak, neozelandarrak edo afrikarrak.


Europearrei jagokenez, gehienak Frantziatik, Alemaniatik, Erresuma Batutik eta Italiatik etorritakoak dira, baina talderen bat edo beste Letoniatik, Eslovakiatik edo Turkiatik be etorri da. Taldeka etorritako 12.500 bisitariez ganera, badira ordua eskatu barik Batzarretxeara hurreratzen diranak, eta horreei be bisitaldi gidatua eskaini jake.

Udaroa heldu ahala, gorantz egin dau Gernikara etorritako bisitarien kopuruak. Horren erakusgarri da urteko lehen hiruhilabetekoan 3.400 izan zirala bisitariak, eta bigarren hiruhilabetekoan 9.146 izan dirala. Oporraldia heltzeak eta eguraldiak hobera egiteak zuzen-zuzenean eragiten dabe Gernikako Batzarretxera datorren bisitari-kopuruak gora egitean.

Batzarretxearen ibilbide turistikoan artea, historia eta gaurkotasuna nahasten dira. Lehenengo eta behin, gidariek Gernikako gunerik interesgarrienen gainikusia egiten dabe Batzar-Aretoan dagozala, oraindik gaur egun be Batzar Nagusiak egiten diran lekuan hain zuzen; gero, Gernikako Arbolea, euskaldunen ikur-adierazgarririk unibertsalena, erakusten dabe eta Leiarpeko Aretoan amaitzen dabe bisitaldia.

Batzarretxearen erakargarritasuna gero eta handiagoa dala aintzat hartuta, bisitariei zuzenduriko zerbitzua hobatzea erabagi eban foru erakundeak. Gaur egun, audiogida-zerbitzu aurreratua dauka Batzarretxeak, lau hizkuntzatan entzun leitekena (euskeraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez) eta informazino-gune bat Leiarpeko Aretoan, non bisitariak bere kabuz bisitaldi birtuala egin eta ondo eretxitako iradokizunak itxi leikezan. Ganera, Batzarretxearen gora-beherak erakutsi eta haren garrantzi historikoaren eta sinbolikoaren barri emoteko bideoa be badago.